INFO

Artolak ‘turbo’-a sartu du azken txanpan Atanoko dema bizia erabakitzeko

Urdinek azken bost tantoak jarraian egin dituzte Altuna eta Ezkurdia 16-22 menderatzeko, eta azken bost kintze horietatik lau alegiarraren merituzko jokaldiak izan dira. Donostiako pilotalekua bete duten zaleek gozatu egin dute oso erritmo bizian jokatutako partidarekin.

Iñaki Artola, pilota astintzeko prest. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Iñaki Artolak eta Ander Imazek hirugarren garaipena eskuratu dute Binakako Txapelketaren ligaxkan. Baikokoek 16-22 menderatu dituzte Jokin Altuna eta Joseba Ezkurdia, azken txanpan aurrelari alegiarrak erabaki duen neurketa parekatu eta bizian. Urdinek jarraian egin dituzte azken bost kintzeak eta horietatik lau Artolaren jokaldi ikusgarriak izan dira.

Giro aparta larunbat arratsaldez Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Ez da ohiko ordutegia izaten Gipuzkoako hiriburuan jokatzen diren partidetan, eta jendeak bikain erantzun du, Altuna eta Artola kantxan izanda espero zen bezala.

Eta partidak ere ez du huts egin. Lau pilotariak erritmo ikaragarrian jokatu dute lehen pilotakadatik, nahiz eta Joseba Ezkurdia aurreko hitzordu batzuetan baina patxada apur bat gehiagorekin somatu dugun lehen tantoetan, noizbehinka pauso bat atzera eman eta botera jokatuz.

Kolpe trukaketa bizi horretan, gorriek lortu dute lehen abantailatxo aipagarria, beste mundukorik ez. 8-5 aurreratu dira Jokin Altunak airez atzera jotako pilotakada bikain batekin. Aurrez ere, gorriek txalo zarta dezente jasoak zituzten Altunak txokoan utzitako pilota batekin (3-4) eta Ezkurdiak egindako bi tanto bikainetan: 4-5ekoa urrutitik botatako dejada batekin eta 5-5ekoa pilota luzean irekiz.

Baina urdinak ez dira atzera gelditu. Ander Imazek airez txokoan egin duen dejada ere harrigarria izan da, eta Artolak lau perla sinatu ditu ia jarraian. Bikain gurutzatutako bolea, txokoan airez egindako bi jokaldi... Gehitu tartean Ezkurdiak ere boleaz sekulako horma-bikoa egin duela, eta ulertuko duzue jendearen zoramena.

Ikuskizuna, gainera, emozioak jantzi du. Berdinketak 8an, 10ean, 11an, 12an, 13an, 14an eta 15ean. Partida gogortzen joan da, pilotakada kopuruari erritmoa batu zaio, eta pentsatzekoa zen soka nonbait apurtu litekeela. Altunari ez zitzaion beste zenbait egunetako inspirazioa nabaritzen, Ezkurdiak ere nekea somatzea normala litzateke... 15-17an sake eroso bat eraman gabe utzi du adibidez.

Baina egiari zor, benetan neurketa erabaki duena Iñaki Artolaren joko erauntsia izan da. Aurkarien nekeak lagunduko zuen, noski, baina azken bost tantoak jarraian egin dituzte urdinek eta horietatik lau alegiarraren jokaldi bikainak izan dira. Horma-biko on baten ostean atzera jotako pilota, zorte apur batekin txokoan utzitako beste bat, atzera jotako pilotakada bikaina eta sake-errematean sartutako gantxoa. Dema Altunak behera botatako pilota batek itxi du, baina txalo zaparrada entzuteko modukoa izan da amaieran.

«Sufritutako garaipena izan da. Sekulako erritmoa sartzen die partidei bikote honek eta ez da erraza izaten horri eustea. Guretzat ez eta beraientzat ere ez. Josebarentzat batez ere», hausnatu du Iñaki Artolak amaieran. «Egia da bukaeran hasieran baino hobeto aritu naizela. Tentsioagatik izan liteke, edota nekearekin beraiek erritmo hori apur bat jeitsi dutelako», gaineratu du.

FITXA

Pilotakadak: 608. Partidaren iraupena: 56 minutu eta 18 segundo. Markagailua: 0-1, 1-1, 1-3, 2-3, 2-4, 3-4, 3-5, 8-5, 8-8, 10-8, 10-10, 11-10, 11-12, 12-12, 12-13, 14-13, 14-15, 15-15, 15-17, 16-17 eta 16-22. Sakez: 2 Artolak. Jokoan eginak: 5 Altuna III.ak, 5 Ezkurdiak, 11 Artolak eta 2 Imazek. Galdutakoak: 5 Altuna III.ak, 2 Ezkurdiak, 5 Artolak eta 1 Imazek. Gertaerak: Sarrera bikaina Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Lehen sakea, urdin.