INFO

EHUko Estatutuetan kontziliatzeko eta euskaraz ikasteko bermeak eskatu ditu Ikasle Kontseiluak

EHUko Ikasle Kontseiluak txostena plazaratu du, unibertsitateko Estatutu berrietan hainbat hobekuntza jaso ditzaten. Besteak beste, kontziliazioa bermatzeko neurriak galdegin ditu, baita gradua osorik euskaraz ikasteko ere.

EHUren Leioako campusa. (Aritz LOIOLA | FOKU)

EHUko Ikasle Kontseiluak unibertsitateko Estatutu berrietan ikasleen eskubide gehiago eta kontziliaziorako, euskararako eta parte hartzerako benetako bermeak jaso ditzaten eskatu du. Euskal Herriko Unibertsitateko Ikasle Kontseiluak gaur goizean helarazi dio EHUko Idazkari Nagusiari estatutu berrien zirriborroari buruzko txostena. Bertan oharrak eta hobekuntza-proposamenak jaso ditu, 2023an onartutako Unibertsitate Sistemaren Lege Organikotik (USLO) eratorritako egokitzapen-prozesuaren baitan.

Eztabaida- eta lan-prozesu propio baten ondoren landutako dokumentuaren helburua ikasleen premien eta interesen balorazio eraikitzailea eta aldarrikatzailea helaraztea dela azaldu dute, eta ikasleen egunerokoan eragin zuzena duten gaietan jartzen du arreta.

Txostenak estatutuen erreforma «bermatzaileagoa» proposatzen du hiru ardatzetan: kontziliazioa eta zainketak, ondorio praktikoekin, ikasketak karrera osoan euskaraz egin ahal izatea bermatuko duten hizkuntza-eskubideak, eta erabakiak hartzen diren organoetan benetan eragiteko moduko parte hartzea.

Izan ere, Ikasle Kontseiluaren aburuz, irakaskuntza-hizkuntza aukeratzeko eskubidea «funtsezkoa» da unibertsitate ireki eta inklusibo baterako. Horregatik, Kontseiluak azpimarratu du eskubide hori ezin dela egon unean uneko eskaintzaren, talde mugatuen edo hizkuntza bakarrean ematen diren irakasgai jakin batzuen mende, eta benetako aukera bermatua egon behar dela.

Horretarako, euskaraz ikasteko eskubidea indartzea proposatu dute txostenean, irakasgai zehatzetan botila-leporik sortu gabe eta, praktikan, hizkuntzaz aldatzera behartzen duten ibilbide partzialik gabe.

Zaintzeko bermeak

Kontseiluak azaldu duenez, egunerokoan posta elektronikoz eta plataformen bidez etengabe komunikatzeak «beti prest egoteko» dinamika sortzen du, eta horrek zuzenean eragiten dio ikasleen atsedenari eta osasun mentalari. Gainera, mezu horiek irakasleengandik edo erakundeko arduradunengandik datozenean, botere-harreman bat dago, eta horrek zaildu egiten du norbanakoak bere kabuz mugak jartzeak.

Horregatik, Kontseiluaren txostenak proposatzen du Estatutuek orientazio psikopedagogikorako eta osasun mentala zein emozionala zaintzeko bermeak ezartzea. 

Halaber, txostenak eskatzen du kontziliaziorako eskubideak benetako ondorioak izatea kudeaketa akademikoan. Zehazki, proposatzen du egiaztatutako arrazoi bat dagoenean ikasleek matrikula aldatu ahal izatea, gerora sortutako egoera batera egokitzeko, adibidez, ordutegi-aldaketa batek zaintza- edo lan-betebeharrekin talka egiten duenean. Eta egokitzapen hori posible ez bada, ikasleek matrikula osorik edo zati batean baliogabetu ahal izatea, kalterik edo zigorrik jasan gabe.

Helburua da kontziliazioa ez uztea kasuz kasuko «konponbide» informalen edo borondate onaren esku. Aitzitik, mekanismo argi eta bermatua ezartzea da, egoera pertsonal bereziek ikasleak irakaskuntza, deialdiak edo aukera akademikoak galtzera eraman ez ditzaten.