INFO

CAFek 80 milioi euroko kontratua itxi du Akitania Berrian eskualde mailako 10 tren egiteko

CAF konpainiak Regiolis plataformako eskualde mailako beste hamar tren hornituko dizkio SNCF Voyageurs enpresari, Frantziar Estatuko Akitania Berria eskualdean funtziona dezaten (eremu zehatza ez da zehaztu informazioan). Kontratuaren zenbatekoa 80 milioi euro ingurukoa izango da.

Akitania Berrian martxan dauden CAF-eko eskualde mailako trenetako bat. (CAF)

CAF euskal konpainiak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, SNCF Voyageurs, Frantziar Estatuko eskualdeko tren zerbitzuak martxan jartzeaz arduratzen den enpresak, CAF-Alstom kontsortzioarekin duen konfiantza berritu du beste behin ere eskualdeko trenen eskari berri honekin.

Hitzarmena aurretik sinatutakoen antzekoa da eta, horren arabera, CAFek Reichshoffen hirian duen lantegian egingo ditu trenen diseinu eta muntaketa lanak, eta Alstom, berriz, trenetarako hainbat sistema eta ekipo fabrikatzeaz arduratuko da.

Akitania Berrirako tren berriek eskualdeko trenbide sarean zerbitzua eskaintzen duten 54 Regiolis trenen flota osatuko dute. Bi-modo unitateak dira (elektrikoak eta diesel motakoak), lau kotxekoak, 208 bidaiarirentzako edukiera dutenak, eta erosotasun maila handia eskainiko dute leihate zabal, zeharkako led argiztapen, beso-euskarridun eserleku, irakurketa argi eta korronte harguneei esker.

CAFek azken urteetan frantziar Estatuko zenbait eskualdetarako sinatu dituen beste batzuei gehitu zaie Regiolis flotaren handitze berria, 2021ean Alstomekin itundutako hitzarmenari esker, CAFek Alsaziako Reichshoffen industria instalazioa erosi baitzuen, eta SNCFrekin adostutako eskualdeko trenen plataforma horren zabalkuntzak garatu baitira. Azken kontratu honen itxierarekin, CAFek berretsi egin du Frantziar Estatua bere merkatu nagusietako bat bihurtzearen alde egindako apustua.

Hamar unitate berriekin dagoeneko 50 inguru dira CAFi kontratatutako unitateak. «Horrek indartu egiten du konpainiak Frantzia lantegietan duen lan karga industriala eta sendotu egin du taldeak garraio publikoa garatzeko Frantziako tokiko, eskualdeko eta nazio mailako agintarien epe luzeko bazkide gisa duen posizioa», nabarmendu du.