INFO
Elkarrizketa
Iñaki Goikoetxea
Eibarko entrenatzailea

«Baloia lapurtzean bertikalagoak izatea gustatuko litzaidake»

Erronka gogorrari ekin zion udan Iñaki Goikoetxeak (Deba, 1982). Bere lehen esperientzia lehen entrenatzaile bezala, bere historiako sasoirik onena egitetik zetorren Eibarren kargu egiteko izan zen. Hasiera zaila izan arren, armaginak iazko zenbakiak berdintzen ari dira eta helburua eskura dute.

Iñaki Goikoetxea. (Gorka RUBIO | FOKU)

Zubietak Realaren eta Eibarren arteko derbia hartuko du igande honetan (12.00). Sendo donostiarrak hirugarren postuan, mailari eusteko helburua ondo bideratuta armaginek, talde biek lehen itzuli bikaina egin dute. Bigarrenaren hasiera, ordea, hobea izan zen txuri-urdinentzat Sevillan irabaziz, Madrilek aurka Ipuruan galdu zuten eibartarrentzat baino.

Ez dakit zerk egin zizuen min gehiago, galtzeak edo hiru gol jasota galtzeak zuek aurretik jarri ondoren.

Galtzeak partida nola joan zen ikusita. Aurretik jarri ginen, gainera lehen zati nahiko txukuna eginda, eta bigarren zatiaren hasieran gola jaso baina aguantatu genuen nahiko ondo. Gero bigarren eta hirugarren nolakoak izan ziren, gure akats nabarmenak egon zirela... Horrek eman zidan pena, amorrua gehienbat, ikusten bainuen zerbait atzeratzeko aukera genuela.

17 puntu dituzue, hala ere. Helburua eskura dago.

Liga nola duan ikusita, horrela ematen du. Baina, hala ere, oraindik puntu batzuk lortu behar ditugu ziurtatzeko. Eta gero, beste helburu txikiak jartzen joango gara. Hobetu, orokorrean, eta orain bi derbi dauzkagu denbora gutxian, beste erronka bat dela, iazko puntuaziora iristen saiatzea...

Lehen itzulian iazko puntuazioa gainditu ere egin duzue.

Egia da baina zaila izango da, bigarren itzulian puntu asko lortu baitzituzten. 38... ostras, urruti ikusten dut. Baina gure helburu txikiekin jarraituko dugu, poliki joanez, partidaz partida, ikusten zer hobetu dezakegun, izan dugun eboluzioari jarraipena emanez...

«Hasiera ez zen erraza izan, baina bagenekien kostatuko zitzaigula, entrenamenduak onak izan ziren hasieratik eta direkziotik lasaitasuna transmititu ziguten»

Denboraldi hasieran ere ez dakit ba errez ikusiko bazenuten lehen itzulian 17 puntutara heltzea.

Ez zen erreza izan. Taldea akoplatu beharra zegoen, nik hasita. Baina duela bizpahiru hilabete, staffari 17 puntu lortuko genituela esan nion. Ikusten nuen astebarruko lanean izaten ari ginen eboluzioa, zelaian sendoago, erasoan ere gauza gehiago egiten hasi ginen... Eta begira, asmatu nuen.

Martxa hartzea kostatu zitzaizuen. Ulergarria da, taldea asko berritu zelako eta talde teknikoa ere berria zelako, baina lasaitasunari eutsi zenioten ala antsietatearen aurka ere borrokatu behar izan zenuten?

Ez, antsietaterik ez nuen ikusi. Urduritasun puntu bat egotea normala da, baina bagenekien kostatuko zitzaigula eta entrenamenduak onak izan ziren hasieratik. Eta direkziotik lasaitasuna transmititzen ziguten eta horrek lan egiteko konfiantza ematen dizu.

Behin puntuatzen hasita, karrerilla hartu zenuten. Jokoak ere nahi zenuen bezala eboluzionatu du? Zer nabarmenduko zenuke?

Lehenik eta behin, intentsitate eta beste txispa batekin entrenatzen dugula, beste tentsio bat ikusten dut. Eta azken partidetan ikusten den moduan, golak ere ari gara sartzen; kostata, baina gero eta gehiago. Lehenengo jardunaldietan ez ginen iristen, egia da ere ez geneukala aurrelaririk, Carmen lesionatuta zegoelako eta Opah oraindik heldu barik. Pixkanaka bagoaz.

Zer falta zaio taldeari guztiz pozik egoteko?

Gustatzen zaidana da azken aldi honetan izaten ari garen intentsitate hori, dueloetan... Azken partidan izan ezik, horretan ondo gabiltza. Eta gustatuko litzaidake baloia lapurtzen dugunean, Atletico Madrilen aurkako partidan bezala egitea, agresiboagoak izan, bertikalagoak. Dauzkagun jokalari tipoarengatik, hobetu behar duguna dela uste dut. Badakit ez dela erreza baina eman beharreko aurrerapausoa izango litzateke. Eta bestea, baloi jabetza pixka bat gehiago izaten saiatu, partida gehiago kontrolatu, ez egon hain sartuta gure zelaian.

Eta Ipuruan emaitza hobeak lortu. Askoz puntu gehiago lortu dituzue etxetik kanpo.

Eta egia esateko, ez dakit zergatik. Planteamenduak antzekoak izaten dira. Ez dut uste kanpoan erosoago gaudenik eta etxean gogo handiz irteten gara. Agian, eta horrela esan diet jokalariei, aurrekoan 1-1ekoarekin partidaren bila joate horrek gauza positiboak dauzka, irabazi nahi dugula erakusten du, baina kontrolatu behar dugu, puntu bat ez dela txarra jakin. Bost partida irabazi ditugu bi berdindu eta bederatzi galdu; gehiegi galdu ditugu. Granada, Espanyol..., banakoarekin puntu bat genuen eta irabazteko gogoekin azkenean galdu genuen. Ez da txarra anbizioa baina neurtu behar da, oreka bat bilatu.

Beno, hurrengo partida etxetik kanpo duzue.

Hurrengo biak! [kar, kar]. Baina oso partida zaila izango da, Reala nola dagoen ikusita. Ipuruan ere nahiko partida ona egin genuen baina bigarren zatian lehen golaren ondoren, beren erritmoarekin ezin izan genuen. Eta antzerako jarraitzen dute.

Antzerako baina Ipuruan erabakiorra izan zen Edna Imade barik. Sevillan irabazi zuten baina asko nabarituko dutela uste duzu?

Agian gehiago kostatuko zaie area inguruan baloiarekin pasatzen diren gauza horietan. Baina joko aldetik, Sevillan egin zutena ikusita, antzerako jarraitzen dute, oso erritmo altuarekin eta area ingurura asko iristen diren oso jokalari onenekin. Ednarekin errematea errazago zuten eta seguruenik gehiago kostatuko zaie erdiraketak errematatzea, baina hainbeste jende sartzen dute arean, azkenean beti edukitzen dituztela aukerak.

Ze partida ikusiko dugu?

Realak erritmo altua jarriko du eta gu sendo egon behar gara. Batez ere intentsitatea eduki, dueloetan, bigilantzietan, oso solidarioak izan gure artean... Horrek emango dizkigu aukerak zerbait egiteko. Ez bagaude ehuneko ehunean, pila pila bat kostatuko zaigu. Eta taktikoki, ikusiko dugu zer egin dezakegu beraiei min egiteko eta beraiek guri ahal den min gutxien egiteko.

Partida luzea izango dela aurreratu daiteke? Aurkari biak oso saiatuak zarete zuen jokoan.

Reala erritmo batean hasten da eta horrela jarraitzen du amaierara arte. Eta berdin zaie atsedenaldian hutsean joan, ez dira urduri jartzen. Jarraitu, jarraitu..., horregatik sartu dituzte gol asko bigarren zatietan. Aulkian jokalari pilo bat dute maila berdindu edo igo egiten dutela eta beste martxa bat gehiago ematen diote. Erritmo askorekin jokatzen dute denbora luzez eta horri aurre egitea oso zaila da. Partida luze baterako prest egon behar gara, eta gure energia eta gure ideia 90 minututan mantendu beharko ditugu.

«Realak erritmo askorekin jokatzen du denbora luzez. Partida luze baterako prest egon behar gara»

Partida berezia zuretzat. Oroitzapen onak ekarriko dizkizu.

Oso berezia. Gipuzkoarra izanda, zer esan. Eta gainera, han bizi genuena, oso esperientzia polita izan zan Kopa irabaztea. Berezia da, bai.

Realean laguntzailea izan zinen. Aurten lehen entrenatzailea lehen aldiz. Nolakoa izaten ari da?

Pozik nago. Ez neukan buruan emakumezkoen futbolera bueltatzea baina deitu zidatenean... Zergatik ez? Lehen mailan, Eibar bezalako taldean.. Eta oso esperientzia polita izaten ari da. Hasieran gogorra, gauza berri batzuetara ohitu behar izan naiz. Adibidez, jendearen aurrean hitz egitera, ni oso lotsatia naiz eta asko kostatzen zitzaidan hasieran. Baina pixkana egokitzen noa, hobetzen saiatzen eta batez ere jokalariei laguntzen saiatzen. Esperientzia ona.

Berritzeko bezain ona? Urtebeterako sinatu zenuen eta denbora aurrera doa.

Oraindik urtarrila da. Lehenik eskaini behar didate eta gero ikusiko dugu. Baina egia esan, oso gustura nago. Gainera lan egiteko erosotasun pila bat dugu, Kirol Hiriarekin jauzia izugarria izan da batez ere neskentzat... Gustura nago eta ikusiko dugu.