Bilboko ‘Lautan hiru’ antzerki-jaialdia Ipar Euskal Herriari begira jarri da
Ipar Euskal Herriari begira jarri da aurten Bilboko Zazpikaleetako ‘Lautan Hiru’, lelo zirikatzaile bat baliatuz: ‘Iparra galdu dugu!’. Dei apokaliptiko horrekin, Euskaltzaindiak antolatutako jaialdian, Ipar Euskal Herrian euskarazko antzerki profesionalak bizi duen egoera kaskarra salatu nahi da.
Ate-joka dago ‘Lautan Hiru’ antzerki-jaialdiaren zortzigarren edizioa. Urtero legez, Bilboko Zazpikaleetako euskal giroa suspertu nahi dute antolatzaileek, eta, bide batez, euskal antzerkilariei plaza berriak eskaini beraien lanak erakuts ditzaten.
Aurreko aldietan bezala, lau astez eta ostegunetan egingo da jaialdia: guztira zortzi ikuskizun eskainiko dira, eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin (EHAZE) batera antolatutako Ikusle Klubari ere eutsiko zaio.
Honela, otsailaren 5ean, 12an, 19an eta 26an emango dira antzezlanak. Bilboko Udalak babesten du jaialdia, eta, ohi legez, Euskaltzaindiak elkarlanean osatu du egitaraua, hain zuzen, Tartean antzerki konpainiarekin, Bira Kulturgunearekin eta 7Katurekin batera.
Batez ere, formatu txikiko lanak antzezten dira Lautan Hiru jaialdian, hala iraupenari nola muntaketari dagokionez (oro har, 20-40 minutuko piezak izaten dira), eta aurten bost agertokitan antzeztuko dira: Euskaltzaindiaren egoitzan (Plaza Barria 15), Bira Kulturan (Erronda kalea 2); Café Bar Bilbaon (Plaza Barria 6); 7Katu gaztetxean (Solokoetxeko eskailerak) eta Kalderapekon (Txakur kalea 1).
Euskaltzaindiaren egoitzan asteazken honetan egin den agerpenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak hasiera-hasieratik proiektuari emandako babesa eskertu dio Bilboko Udalari, eta Zazpikaleetako eragileekin eginiko aliantza sendoa ere nabarmendu du bere berbaldian: «Pozgarria da euskarazko antzerkiari zuzenean laguntzea, eta horrela egiten du Lautan Hiruk, modu xumean bada ere. Iaz lau estreinaldi egin ziren jaialdiaren eskutik, eta aurten beste horrenbeste izango dira», esan du Urrutiak. «Ondorengo urteetan ere horrela jokatu nahi dugu —gaineratu du euskaltzainburuak—, gizartearekin eta erakundeekin elkarlanean, euskararen eta euskal kulturaren mesedetan».
Iazko esperientzia errepikatuz, Baionara ere helduko da Lautan Hiru. Honela, apirilaren 17an, antzerki-gaualdia antolatuko da Biltxokon, Baionako Herriko Etxearen eta Euskal Kultur Erakundearen babesarekin.
Aurten, Ipar Euskal Herriari begira jarri da Lautan Hiru, lelo zirikatzaile hau baliatuz: ‘Iparra galdu dugu!’. Aurtengo leloak antzerkia bera egiteko beharrezkoa den zoro puntuari ere egiten dio keinu, euskaraz sortzearen ausardia ia suizidari, eta, nola ez, eszenatokira igo eta askotariko pertsonaien larruan sartzeko behar den erotze-puntu horri egiten zaio gorazarre.
Hortaz, bi ikuskizun berezi emango dira Bilboko Zazpikaleetan: Pantzo Hirigarai baxenabartarraren Hautagaia eta Itzuli konpainiaren ‘Adriene Bergson-Johnson’ bakarrizketa. Halaber, eta iazko esperientziari eutsiz, apirilaren 17an antzerki-gaualdia izango da Baionako Biltxoko espazioan (19.00etan).
Euskaltzaindiak Baionako Herriko Etxearen eta Euskal Kultur Erakundearen laguntzarekin antolatu du gaualdia, eta Bilbon emandako bi ikuskizun ikusteko aukera izango dute antzerkizaleek, hain zuzen, Hirigarairen Hautagaia eta Gehibat antzerki konpainiaren Zaku berekoak.
2020an, Euskaltzaindiak antzerki-ekoizpena sustatzeko laguntza berria sortu zuen, Bilboko Udalaren babesarekin. Estreinako laguntza hori Artekartu konpainiak eskuratu zuen, Hauts artean lanagatik. 2021ean, berriz, Les Bobe Bobe konpainiak jaso zuen laguntza, ‘Udaberria heldu da’ lanagatik. 2022koa eman barik gelditu zen. 2023koa Iruñeko La Piel konpainiak jaso zuen, ‘Beren izenez’ lanagatik, eta 2024koa Gilkitxaro konpainiak eskuratu zuen, ‘Alferrak, tunanteak, maleanteak’ piezarekin.
2025eko laguntza, berriz, Gehibat konpainiak eskuratu du, ‘Zaku berekoak’ antzezlanagatik. Ohi den legez, azken hori jaialdian estreinatuko da, hain zuzen, otsailaren 5ean, Euskaltzaindiaren egoitzan (Plaza Barria 15).
Horrezaz gainera, beste hiru lan estreinatuko dira jaialdiaren eskutik: XXIII. Café Bar Bilbao-Tartean sarietako testu saridunarekin (Xabi Payaren ‘Ganbarako’ lana) eginiko irakurketa dramatizatua; 7Katu gaztetxearekin batera ekoiztutako ‘Goiuri… grabatzen!’ pieza; eta Pantzo Hirigarairen ‘Hautagaia’.
Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkartearekin (EHAZE) batera, 2022an Ikusle Kluba antolatu zen estreinakoz. Aurten ere esperientzia hori errepikatuko da, eta ikusleek antzerkilariekin hitz egiteko aukera izango dute. Bi ikuskizun hautatu dira horretarako, hain zuzen, otsailaren 12an Biran emango den ‘Igogailu batean amaitu zen mundua’ (amaHiru konpainiarena), eta otsailaren 26an 7Katu gaztetxean emango den ‘Adriene-Bergson-Johnson’ bakarrizketa (Itzuli konpainiarena). Ikuskizun horiek amaitu ostean, antzezleekin edo zuzendariekin berba egiteko aukera izango dute zaleek, EHAZEko kideek gidatutako solasaldian.
Iazko sistemari jarraituz, sarrerak egunean bertan erosi ahalko dira (emanaldi bakoitza 4 euro): ikuskizuna ematen den espazioan zabalduko dira leihatilak, ordubete aurretik (honela, ikuskizuna 19.00etan bada, 18.00etatik aurrera sarrerak erosteko aukera izango da). Zozketa azken emanaldiaren ostean egingo da beti, bertaratutako publikoaren artean, eta opariak Zazpikaleetan euskara eta euskal kultura bultzatzen duten negozioekin adostuko dira.