Tabakalerako eskaileretan, igelak kantuan
Igelen kantuaren dinamika naturalak soinu-instalazio bizidun bihurtuta adituko dira Tabakaleran, etengabe aldatzen den doinuaz entzunaldi bakoitza esperientzia bakar bihurtzen duena. Instalazioaren hiru aktibaziok aukera emango diote publikoari soinu-ekosistema horretan murgiltzeko.
Donostiako Tabakalerak ‘Brekekekex, ko-ax, ko-ax!’ hartuko du bere baitan datorren hilaren 12tik uztailaren 26ra. Mikel R. Nietoren eta Illart Alkortaren soinu-instalazioak entzute aktiborako espazio bihurtuko du zentroko eskailera nagusia.
Lan hau sistema ‘sintetiko-ekologiko’ bat da: igelen kantuaren grabazio errealak abiapuntutzat hartu eta soinua sintetizatzeko prozesuen bidez eraldatzen ditu, etengabe eboluzionatzen doan ingurune akustiko bat sortzeko.
Instalazioaren izenburuak igelaren kantuari egiten dio aipamena, Aristofanesen ‘Igelak’ (K.a. 405) komedian dagoeneko agertzen den onomatopeia baten bidez soinu horien dimentsio historikoa eta kulturala azpimarratzeko.
Orain Tabakaleran aurkezten den proiektu hau 2025eko udaberrian hasi zen, Donostiako Igeldo-Igara inguruko putzu eta hezeguneetan egindako grabazioekin. Bertan, hegoaldeko igelaren (Hyla meridionalis subsp. synthetica) kantuaren patroiak eta ingurunearekiko haien soinu-portaerak aztertu zituzten artistek.
Instalazioak ardatz duen ikerlanak espezieari buruzko aurretiko azterlanak hartu ditu erreferentziatzat, haien artean Madeleine Pailletek 1970eko hamarkadan egindakoak, kantua aktibatzen duten ingurumen-baldintzak –egutegia, ordutegia, tenperatura edo hezetasuna– baita banakoen arteko sinkronizazio-prozesuak eta koruen eratzea ere aztergai hartuta.
Zentroa ohiko ordutegitik kanpo irekiko da, eta testuinguru espezifiko bat eskainiko du soinuaren, entzutearen eta ingurunearen arteko harremanari buruz hausnartzeko
Printzipio biologiko horiek Tabakalerako espazio arkitektonikora ekarri dira etengabe erantzuten diharduen eta modulatzen doan sistema baten bidez. Nietok eta Alkortak azaldu dutenez: «Entzuten duzun korroka hots bakoitzak igelaren soinua adierazten du, pertzepzioari, errealitateari eta gure entzumenak ingurune naturalarekin duen harremanari buruz hausnartzeko aukera ematen duen soinu-objektu bat. Entzuteak espazioan hedatzen den soinu-ekosistema zabalago batean parte hartzea dakar».
Proiektuan Team Open Acoustic Devices, Aranzadi Zientzia Elkartea eta 11 Hamaiketako Kultur Elkarteak hartu dute parte. AudioMoth gailuekin egindako grabazioetatik eta SuperCollider-ekin sintetizatutako soinuetatik abiatuta egin da instalazioa.
Tabakalerak instalazioaren hiru aktibazio antolatuko ditu gauez, igelen soinuak nola errepikatu, imitatu, sintetizatu eta abstraitzen dituen erakusteko. Eta zentroa ohiko ordutegitik kanpo irekiko da.
Jarduera irekiak dira publikoarentzat, aldez aurretik izena emanda, eta ez da behar aldez aurreko ezagutzarik ez eta ekipamendu berezirik ere parte hartzeko. Izen-ematea Tabakaleraren webgunean edo Zentroko Informazio Gunean egin ahal izango da.