Zirimola ikastolen aisialdi taldeak euskarazko plaza gehiago eta beka propioa izango ditu
Zirimola ikastolen aisialdi taldeak uda honetarako euskarazko aisialdi eskaintza «zabalagoa eta bidezkoagoa» aurkeztu du. Plaza gehiago eskainiko ditu, eta beka sistema propioa jarriko du martxan lehendabiziko aldiz, haur eta gaztetxo guztientzat eskuragarri izateko asmoz.
Eskaintza «zabalagoa eta bidezkoagoa» aurkeztu du Zirimola ikastolen aisialdi taldeak, haur eta gaztetxoek, egoera ekonomikoa edozein dela ere, udan euskaraz bizitzeko esperientziak eskuragarri izan ditzaten. Beka sistema propioa abiatuko du lehen aldiz.
Ikastolen Elkarteko kideek jakinarazi dutenez, euskararen egoerak «neurri ausartak» eskatzen ditu, eta Zirimolak «pauso sendoa» emango du. Udako aisialdi eskaintzarako euskarazko plaza kopurua nabarmen haziko du. Zehazki, iaz eskainitako 1.200 plazatik 1.680 plazara egingo du jauzi, eta euskarazko eskaintza %40 haziko da.
Ardatz estrategikoa
«Plaza kopurua handitzea ez da eskaintza kuantitatiboa soilik: ikastolen mugimenduak haur eta gazteen aisialdia ere euskararen normalizazio prozesuaren ardatz estrategiko gisa ulertzen du», azpimarratu dute.
«Aisialdiak eskolatik kanpo ere ume eta gaztetxoen eguneroko ohiturak eta harreman sareak euskaraz eraikitzen diren ala ez baldintzatzen du».
Zirimolaren udako egitasmoetan programazio osoa euskaraz garatzen da: udaleku irekiak, egonaldiak, kirol jarduerak, gazte egonaldi eta topaketak eta abar. «Aisialdi hezitzaile, inklusibo eta euskalduna bermatzea» da xedea.
Beka sistema propioa
Zirimolak beka sistema propioa jarriko du martxan, eta lehen urte honetan 50 plaza gordeko ditu zaurgarritasun egoeran dauden haur eta gaztetxoentzat, errenta maila edozein dela ere euskarazko udaleku eta egonaldietan parte hartzeko aukera bermatzeko.
Beka sistemarako izen-ematea asteazken honetan ireki da, otsailaren 4an, eta hortik aurrerako epean jasoko dira eskabideak, martxoaren 4an zabalduko den izen-emate orokorraren aurretik. Horri esker, familien egoera sozioekonomikoa aintzat hartu, laguntza banaketa bidezkoa egin eta, ondoren, udako udaleku eta egonaldietarako matrikulazio prozesua lasaiago egin ahal izango da.
Udaleku irekiak eta itxiak
Zirimolak adin tarte eta interes desberdinetara egokitutako udaleku irekiak eta itxiak eskainiko ditu 2026ko udan, ikastola bakoitzean antolatutako egitarauetatik Arabar Errioxan, Lizarraldean eta kostaldeko herrietan egingo diren egonaldietaraino.
Ekintza ludikoak, kirola, kultura, natura, elkarbizitza, balioak eta euskararen erabilera uztartuko dituzte, eta «haur eta gazteen garapenean funtsezkoak diren esperientziak» sortuko dituzte.
Informazio praktikoa eta udaleku bakoitzaren xehetasunak ikastola bakoitzean eta Zirimolaren webgunean eskuratu daitezke. Izen-ematea ere bertatik egin daiteke.