INFO

2030era arte «landa eremuaren etorkizuna indartzeko» neurriak aurkeztu ditu Lakuak

Lakuako Gobernuak 2030 Landa Garapen Estrategia aurkeztu du Gasteizko Legebiltzarrean. Herrietan «bizi-kalitatea hobetzeko, jarduera ekonomikoa bultzatzeko eta gizarte eta ingurumen-jasangarritasuna bermatzeko» neurriak biltzen dituen plana da, 38 ekintza zehatzetan garatzen dena.

Amaia Barredo Lakuako sailburua planaren aurkezpenean Gasteizko Legebiltzarrean. (IREKIA)

2030 urtera arte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako landa eremuetan «bizi-kalitatea hobetzeko, jarduera ekonomikoa bultzatzeko eta gizarte eta ingurumen-jasangarritasuna bermatzeko» 38 ekintza zehatz garatuko ditu Lakuako Gobernuak, herrien etorkizuna «indartzeko» helburuarekin.

2030 Landa Garapen Estrategia izeneko plana asteazken honetan aurkeztu du Lakuak Gasteizko Parlamentuan. Hiru esku-hartze eremutan egituratzen da -plangintza, gobernantza eta dinamizazioa-, 12 jarduera-ardatzekin.

Aurreikusitako jardueren artean, honako hauek nabarmentzen ditu Lakuak: herrietako bizi-kalitatea hobetzeko proiektu estrategikoen sustapena; irtenbide berritzaile eta digitalak txertatzen dituzten ‘Smart Villages’ ekimenen garapena; eta lehentasunezko esparruei lotutako proiektuak abiaraztea, hala nola etxebizitza, mugikortasuna, arreta soziosanitarioa, gazteria edo komunitate-parte-hartzea.

Agroindustriari, turismo jasangarriari, bioekonomiari edo ekonomia sozialari lotutako jarduerak sustatzea aurrekusten da ere, landa espazioa eta nekazaritza-paisaiaren kontserbazioa bermatzeko eta lurraldearen hustapena saihesteko ekimenak bultzatuz.

Estrategiak, halaber, landa eremuko ekintzailetza eta dibertsifikazio ekonomikoa babesteko neurriak jasotzen ditu, agroindustriari, turismo jasangarriari, bioekonomiari edo ekonomia sozialari lotutako jarduerak sustatuz, eta landa espazioa eta nekazaritza-paisaiaren kontserbazioa bermatzeko eta lurraldearen hustapena saihesteko ekimenak bultzatuz.

Lan-ardatzetako beste bat zerbitzu eta ekipamenduetarako sarbidea hobetzea izango da, politika publikoak landa errealitatera egokituz, administrazioen arteko koordinazioa indartuz eta landa-ikuspegia gizarte zerbitzuetan edo garraioan txertatuz, bizilekua edozein dela ere aukera berdintasuna bermatzeko helburuarekin.

Lakuako Nekazaritza eta Arrantza Sailak bultzatuko du, foru aldundiekin, landa garapeneko elkarteekin, Hazi Fundazioarekin eta beste eragile publiko eta pribatuekin lankidetzan, gobernantza partekatuaren eredua indartuz, eskualde bakoitzera egokitutako proiektuak garatzeko eta eskuragarri dauden baliabideak hobeto aprobetxatzeko.

Eskualde programak

18 Landa Garapeneko Eskualde Programen (LGEP) bidez landuko da plana, eskualde bakoitzerako bana, tokiko elkarteek landuak. Prestaketa prozesuan 27 bilera egin ziren beharrak eta lehentasunezko proiektuak identifikatzeko, eta dagoeneko badira jarraipen eta plangintzarako tresna komunak, jarduketak koordinatzeko eta eskualdeen artean partekatutako proiektu eragileak identifikatzeko aukera ematen dutenak.

Eskualdeko plan horiek ekintza zehatzak lehenesten dituzte oinarrizko zerbitzuetan eta bizi-kalitatean, ekintzailetzaren babesean eta gizarte-kohesioan. Abian diren ekimenen artean nabarmentzen dira, adibidez, Berosi programa, 1,1 milioi eurorekin 22.500 pertsonari baino gehiagori finantza-zerbitzuak bermatzeko; Erein laguntzak, 9,1 milioi euro mobilizatu zituztenak 116 proiektutarako; eta ekitaldiak eta gizarte-dinamizazioa laguntzeko lerroak, 2025ean 32 ekimen babestu zituztenak. 2026tik aurrera, eskualde bakoitzak bere urteko kudeaketa-planak aktibatuko ditu, aldizkako jarraipenarekin eta lurralde bakoitzean definitutako ekintza eraldatzaileak lehenetsiz.