INFO

Surne Bilbao eta Palatakiren arteko amodio istorioak sutan dirau (87-88)

Azken laurdenean 12-24ko partziala lortu ostean irabazi dio talde bilbotarrak PAOK Salonikari. Ondorioz, kanporaketa guztietan etxean jokatuko du itzulerako neurketa. Final-laurdenetan, esaterako, Turkiako Aliaga Petkimspor taldea gainditu beharko du.

Jaworskiren jaurtiketa libre batek eman dio garaipena azkenean Surne Bilbaori. (@FIBABASKETBALL)

PAOK SALONIKA 87 - SURNE BILBAO 88

PAOK Sports Arena edo ‘Palataki’ eta Surne Bilbaoren arteko amodio istorioak sutan dirau. Pasa den apirilean FIBA Europe Cupeko finala bertan irabazi zuen talde bilbotarrak finaleko itzulerako dema 84-82 galdu arren. Asteazken honetan, berriz, garaipena eskuratu du azken laurdeneko 12-24ko partzialari esker. 5,6 segundoren faltan Justin Jaworskik saskirako bidea hartu du markagailua 87na zela, eta falta egin diote eskolta estatubatuarrari, saskira botatzen ari zela.

Aurreneko jaurtiketa librea asmatu du eta bigarrena nahita kale egin du, erlojuan 2,6 segundo bakarrik falta zirela baliatuta. Greziarrek azken hiruko bat izan dute, baina 20 metrotik egindako ahalegina ustela izan da.

Ondorioz, Bilbao Basketek ez du bakarrik M multzoko aurreneko postuan amaitu FIBA Europe Cupeko bigarren faseko ligaxka, baizik eta parte-hartzaile guztien artean markarik onena ere bermatu dute. ondorioz, hemendik aurrera jokatuko diren kanporaketa guztietan itzulerako partida beti Miribillan jokatu ahal izango dute beltzezko gizonek. Hasteko, Turkiako Aliaga Petkimspor taldearen aurka, N taldeko bigarren sailkatua, ezustean Peristeri talde greziarraren kontra 85-87 galdu baitu.

Hiru laurden galdu eta gero

Azken laurdena bakarrik irabazi du talde bizkaitarrak, baina nahikoa izan du. Defentsako lanetan azken aldian ohi duena baino eskasago aritu da eta hirugarren laurdenean 13 puntuz atzetik ere izan da tarte baten, 74-61. Bilbao Arenan lorturiko 22 puntutako aldea oraindik urruti zen, baina defentsako sentsazio eskasen erruz, partidak irabazteko ezinezkoa zirudien.

Alabaina, PAOKek berak ere bere jokalari onenei atsedena eman ostean maila apur bat jaitsi du eta Bilbao Basketek, Pantzar, Harald Frey eta Hlinasonen eskutik, neurketari buelta ematen asmatu du. Azken segundoetan, berriz, Jaworskiren bertikaltasuna izan da garaipenaren giltza.

Aurrez, ordea, kontuak oso bestelakoak izan dira. Lehenengo laurdenean defentsako lana nahiko eskas burutu du talde bilbotarrak. Oso aske aritu dira PAOK Salonikako jokalariak, non laurden osoan lau jaurtiketa baino ez dituzten huts egin, eta hori gutxi balitz, hutsegite bakoitzeko errebotea ere eskuratu dute etxekoek.

Hain defentsa ahula hobetu ezean, erasoan erantzun behar da eta Surne Bilbao ahalegindu da hirukoen bitartez erantzuten, baina horiek ez dira beti sartzen eta horrez gain, zenbait jaurtiketa libre ere bidean laga dituzte Jaume Ponsarnaurenek. Ondorioz, 30-21 atzetik izan dira, lehenengo laurdena 30-24 amaitu bada ere Jaworskiren hiruko baten ostean.

Bizkaitarrek aurkitu dute, hala ere, erantzuteko moduan, 2-14ko partzial baten bidez. Hlinasonen eskutik Surne Bilbaoren defentsa asko zorroztu da eta erasoan, berriz, hiruko jaurtiketak ez ezik, uztaipeko jokoa gehiago baliatu du talde bizkaitarrak.

Alabaina, Islandiako erraldoia atseden hartzera joan delarik, talde greziarra berriro oldartu zaio Surne Bilbaori eta Allen, Cleveland eta Clifford Omoruyiren bitartez aurrera hartu du PAOKek berriz ere, azken minutuetan lorturiko 10-0ko partzial bati esker. Horrez gain, lau faltarekin aulkira joan behar izan du Margiris Normantas hegaleko lituaniarrak. Hala, markagailua 50-42 dela iritsi da neurketa atsedenaldi luzera.

Gezurra zirudiena, egi bihurtu

Deseroso aritu da Bilbao Basket aldageletatik bueltan, batik bat Pantzar eta Hlinason atseden hartzen izan diren tarteetan. PAOKen defentsa fisikoak sarritan ito egin du Harald Frey eta erasoko erreboteari esker min handia eman du talde greziarrak, bereziki Bagayokoren aurrean.

Bere baldarrean, neurrizko tarte bati eutsi dio talde bilbotarrak hirugarren laurdenaren amaieran: 75-64. Inork ere ez zukeen usteko, nolanahi, bizkaitarrek dema irauli zezaketenik. Baina bai, 2-10eko partzial baten ostean dena aldatu baita. Bost faltaz kalera joan aurretik Margiris Normantasek azkenean zeozer eman ahal izan dio taldeari eta< lituaniarraren defentsak kutsatuta, bere taldekideek ere gorantz egin dute.

Pantzar eta Frey elkartu ditu ostean Ponsarnauk eta errezeta bikain atera zio Tarregako entrenatzaileari. Antolatzaile suediarra urduri jartzen eta kolpatzen saiatu dira PAOKeko antolatzaile estatubatuarrak, baina Pantzarrek jokoaren bitartez erantzun die eta Hlinasonekin bat egite lortu duelarik, 84-87 aurreratu da minutu eta erdiren faltan Surne Bilbao.

Puntu aldearen auzia erabakita, partidaren lehian murgildu dira talde biak eta hor, Justin Jaworskiren aztikeria eta azkartasuna nagusitu dira, kanporaketetara partidarik galdu gabe iritsi ahal izateko eta Palatakirekin Surne Bilbao bizi duen amodio istorioari sugarra gehitzeko.

PARTIDAKO FITXA:

PAOK: Allen (20), Cleveland Melvin (10), Moore (11), Beverley (2) eta Breein Tyree (7) –hasierako bostekoa–, Persidis (5), Omoruyi (8), Dimsa (13), Koniaris (4) eta Chougkaz (7).

BILBAO BASKET: Melwin Pantzar (14), Aleix Font (10), Luke Petrasek (7), Bassala Bagayoko (4) eta Justin Jaworski (15) –hasierako bostekoa–, Harald Frey (5), Darrun Hilliard (4), Martin Krampelj (12), Triggvy Hlinason (13) eta Margiris Normantas (4).

Epaileak: Jacobs, Ceccarelli eta Tvauri. Falta teknikoa adierazi diote PAOK taldeko Beverleyri eta Surne Bilbaoko Normantasi. Normantas jokalari bilbotarra egotzi dute bost faltarekin.

Partzialak: 30-24, 20-18, 25-22, 12-24.

Gorabeherak: M multzoari dagokion ligaxkako azken neurketa, Salonikako PAOK Sports Arena pabiloian jokatua.