Peru Abarrategik irabazi du Laudioko saioa eta Aramaioko finalaurrekoan kantatuko du
Aramaioko finalaurrekoan jokatzeko lehen txartela Peru Abarrategik eskuratu du igande arratsalde honetako saioa irabazita. 251,5 puntu eskuratu ditu, eta bigarren Ekaitz Samaniegok egin du 241 puntu lortuta.
Pasa den astean abiatu zen Arabako Bertsolari Txapelketa, eta igande honetan eman diote segida lehen faseari Laudion, Kasino aretoan. Bertan Peru Abarrategi gailendu da 251,5 punturekin, eta ondorioz zuzenean sailkatu da Aramaion jokatuko den finalaurrekora.
Berarekin batera izan ditu kantuan, puntuazioaren arabera hurrenez hurren: Ekaitz Samaniego (241 puntu), Andere Arriolabengoa (236,5 puntu), Aitor Ugarte (233), Hegoi Amabizka (222,5) eta Manu Bendala (222,5)
Irati Martinez Izaga arduratu da gai jartzaile lanak egiteaz Laudioko saioan. Eta lehen faseko bigarren saioko epaimahaia horrela osatuta egon da: Ekaitz Elorriaga Anduaga, Fernando Sopelana Alonso eta Aitor Jimenez Tolosana. Endika Jimenez Enbeita idazkari lanetan.
Pasa den asteko saioa Aroa Arrizubietak irabazi zuen Oionen, eta hurrengo saioa Izarran izango da, otsailaren 21ean. Bertan kantuan izango dira: Asier Otamendi, Danel Herrarte, Eli Zaldua, Maddi Agirre, Rikardo Gonzalez de Durana eta Xabi Igoa.
Sarrerak jada eskuragarri daude www.bertsosarrerak.eus atarian.
Laudioko saioko sailkapena:
Peru Abarrategi: 251,5 puntu
Ekaitz Samaniego: 241 puntu
Andere Arriolabengoa: 236,5 puntu
Aitor Ugarte Eriz: 233 puntu
Hegoi Amabizka: 222,5 puntu
Manu Bendala: 222,5 puntu