Arrietta Rodriguez, 28 urteren ostean Neguko Jokoetan parte hartuko duen lehen euskal emakumea
Ainhoa Ibarra eskiatzaile gernikarra 1998 Naganoko Jokoetan lehiatu zenetik ez da beste euskal emakumerik izan neguko hitzordu handi batean. Arrietta Rodriguezek 10.00etatik aurrera ekingo dio lehiari, eslalom modalitateko lehen txandan.
Bost euskaldun iritsi ziren Milano-Cortinako Neguko Olinpiar Jokoetara, eta asteazken honetan horietako azkena lehiatuko da. Bere izena Arrietta Rodriguez da. Basque Teameko eskiatzaile donostiarrak debuta egingo du hitzordu garrantzitsu honetan, eta Cortina d'Ampezzoko pistan egingo du.
Gipuzkoarrak Nazioarteko Eski Federazioan (FIS) 90. postua du, eta horregatik lehiatu ahalko da Italian. 10.00etatik aurrera ekingo dio lehiari, eslalom modalitateko lehen txandan, 1956ko Neguko Jokoen egoitza ere izan zen Tofanemeko eski alpinoko zentroan.
Debutaria izateaz gain, badago atzean beste historia polit bat. Izan ere, Ainhoa Ibarra eskiatzaile gernikarra 1998 Naganoko Jokoetan lehiatu zenetik ez da beste euskal emakumerik izan neguko hitzordu handi batean. Beraz, 28 urteren ostean berriro punta-puntako parte-hartze bat izatea harro egoteko moduko albistea da.
Hori adierazi du, behintzat, Gorka Iturriaga Lakuako Gobernuko Jarduera Fisiko eta Kirolaren zuzendariak. «Bazen garaia euskal partaidetzan horrelako kirolaria izatea, eta gaztea gainera! 23 urterekin, etorkizun oparoa opa diogu. Berak esan du lehenengo 20en artean geratu nahi duela, kasu egingo diogu eta hortik gorago ahal bada, hobe», azpimarratu du Iturriagak.
Haren ustez, urduritasuna faktore garrantzitsua izango da: «Olinpiar Jokoetan, eta Neguko hauetan, gertatuko da lehenengo partaidetzan urduritasuna kudeatzea ez dela erraza izango. Teknikoki, fisikoki eta mentalki oso ondo prestatua daude guztiak, baina urduritasun hori kudeatzea garrantzitsua izango da. Baina horretan esperientzia hartu eta datozen Olinpiar Jokoetarako ziurrenik izango dugula kirolari bikaina».