Valogreene Paper egitasmoa bertan behera utzi du betirako Auzitegi Gorenak
Valogreene Paper egitasmoa bertan behar utzi du betirako Auzitegi Gorenak. Lakuako Gobernuaren helegitea atzera bota du eta Bergaran egin behar paper-hondakinak errausteko proiektu honen ibilbidea amaitu du, Gorka Artola alkateak jakitera eman duenez.
Valogreene Paper egitasmoa bertan behera utzi du behin betiko Epaitegi Gorenak. Aldez aurretik, EAEko Auzitegi Nagusiak honen aurka egin zuen Bergarako Larramendi industrialean paper-hondakinak errausteko plantaren egitasmoak ingurumenari kalte larriak eragingo ziolako eta Lakuako Gobernuak onarturiko ingurumen-inpaktuaren adierazpena balio gabe utziz.
Lakuako Gobernuak erabaki horren aurkako helegitea aurkeztu zuen eta orain Auzitegi Gorenak aldez aurretik esandakoa berretsi du, egitasmo osoa behin betikoz indargabetuz. Arantxa Tapia sailburu ohiak proiektu honen defendatzaile sutsuenetako bat izan zen, 2022an aurrera egiteko baimenak eman zizkiolarik. Baimen honen kontra egin zuen Bergarako Udalak 2023an eta astearte honetan amaitu da bide judiziala egitasmoaren baztertzearekin. Egun sailburu den Amaia Barredok sinatu zuen baimena sailburuordea zenean.
Horrela azaldu du astearte honetan Bergarako alkate Gorka Artolak (EH Bildu) Larramendiko Arnasa plataformarekin batera egindako agerraldian.
Artola: «Kezka baten amaiera»
«Hau ez da albiste hutsa. Hau urte luzez arrastaka eraman dugun kezka kolektibo bati amaiera ematea da. Herri honek ez zuen errausketa proiekturik merezi, eta justiziak esan du gaur hemen gaudenok esan genuena egia zela», adierazi du Artolak.
«Udalera lehen aldiz etorri zirenean, proiektuaren sustatzaileek ez zuten informazio osoa eta gardena eman. Aurkeztutako dokumentazioak ez zituen benetan egin nahi zituzten jarduerak behar bezala jasotzen, eta, ondorioz, jardueraren benetako izaera izkutuan uzten saiatu ziren. Bereziki, hondakinen errausketa barne hartzen zuten jarduerak ez ziren modu argi eta esplizituan azaldu», gogoratu du Bergarako alkateak.
Lehen unetik, azpimarratu du, Udaletik ikusi zuten egitasmo hori ez zetorrela bat udal planeamenduarekin, ez zuela lurraldearen garapen logikarekin bat egiten eta ez zuela bermatzen herritarren segurtasuna eta ingurunearen babesa.
«Gaur, auzitegiek berretsi dute gure kezkak arrazoizkoak zirela eta frogatu da ez geundela oker. Orain frogatu da herritarren osasuna eta ingurumena defendatzea ez dela inoiz gehiegizkoa», azpimarratu du.
«Ez da erraza izan»
Gauzak horrela, gaurkoa egun handia dela bergararrentzat nabarmendu du Artolak, baina urte hauetan une zailak bizi izan dituztela onartu du. «Urteetako lana izan da hau, eta ez da erraza izan».
Horregatik, eskerrak eman dizkio Udaleko langileei «prozesu honetan zihar hainbat aldiz, mediatikoki eta epaitegietan barne zalantzan jarria izan bada ere, haien profesionaltasuna, ahalegina eta konpromisoa ezinbestekoak izan direlako» eta Larramendiko Arnasari, Ekologistak Martxani eta prozesu honetan bidelagun izan diren orori.
«Orain, aurrera begira, ebazpen honek ate berriak irekitzen dizkigu. Ate garrantzitsuak, gainera. Larramendiko industriaguneak urteetan jasan du blokeoa, eta, orain, momentua da blokeo hori gainditzeko. Orain aukera dugu Larramendiko industria gunean beste ikuspegi batekin lan egiteko eta industria garapen jasangarria sustatzeko», adierazi du Bergarako alkateak.
«Bergarako Udalak beti izango ditu jardunaren erdigunean herritarren osasuna, ingurumenaren babesa eta interes orokorra. Hori da gure ibilbidea eta hemendik aurrera ere halaxe jardungo dugu bihar izanez gero berriro frogatuz administrazio txiki batek ere asko egin dezakeela herriaren duintasuna eta etorkizuna defendatzeko», gaineratu du.
Larramendiko Arnasa: «Izugarriko poza»
Larramendiko Arnasa plataformako kideentzako gaurko berria «izugarrizko poza» suposatzen du «Bergara eta inguruko herrientzako hain kaltegarria izango zen erraustegiaren aurkako borroka irabazi delako, eta azkenean persona eta inguruaren osasuna garaile irten delako».
Honekin batera bidelagun guztiei eskerrak eman diete: «Herri guztiari, auzotarrei, beste auzotakoei, banakoei eta eragileei, auzia zabaldu zenetik, prozesu guztian zehar lagun eta bultzatzaile izan ditugun guztiei; firmak batzen, bilera informatiboak egiten, pankartak eta banderolak jartzen, hitzaldiak ematen edo parte hartzen, txosnan lanean dirua biltzeko, manifestaziotan parte hartzen eta beste milaka beharrezko ekintzetan».
Ospakizuna
Garaipena ospatzeko maiatzaren 16an festa egingo dute San Juango plazaren inguruan, musika eta dantzarekin. Aurrerantzean emango dituzte ospakizun honen zehaztasunak.