INFO

Fabian Buhl, alpinismoaren eta parapentearen ikur berezia

35 urteko alemanak bisita oparoa izan du Patagoniako ohiko denboraldian. Herron eta Egger erpinak lotzeaz gain, hegaldi bikainak egin ditu El Chalteneko ingurumarian dauden mendietan.

Fabian Buhlek bikain uztartzen ditu alpinismoa eta parapentea. (Fabian BUHL)

Fabian Buhlen izena ez da batere ezezaguna. Oso gaztetik mendiko kiroletan jarduera interesgarriak egiten ikusi dugu. Boulderrean, adibidez, sona handia duen “Dreamtime”-rekin (8c) egin zen. Baina eskaladan izan zituen lesio ugariren ostean, erabaki irmoa hartu zuen. Alpinismo teknikoaren aldeko apustu handia egin zuen hormatzarretan zein mendi zorrotzetan. Jarrera moldakor horrek eskalada arrakastatsuetan isla izan du.

Modu batera edo bestera esanda, Alex Huber zaintzaile izan zuen. Hots, alpinismo teknikoaren “pozoia” sartu zion. Duela zortzi urte, elkarrekin Choktoi Ri mendiaren lehen igoera egin zuten hiru kilometroko ertz bat jarraituz. 35 urteko alemanak onartu zuen espedizio horrek hainbat planteamendu aldatzera eraman zuela. Argi izan zuen aurrerantzean alpinismoa izango zuela lehentasun, eta mendietan egoteko grina erabat bizkortu zen. Denbora asko egin zuen munduko mendilerro ezberdinetan: Patagonian, Karakorumen… Horietako baten bueltan, lagun batek aholkatu zion parapentea probatu behar zuela. Hasieran, hegaldi horiek egitea ez omen zioten asko erakarri, baina denboraren poderioz, oso dibertigarria zenez, sare horretan erori zen.

Harrezkeroztik, protagonista honek muga berriak bilatzen jardun du parapentea eta alpinismoa uztatuz. Jarrera horrek aukera anitzak sortu dizkio mendi handietan zein teknikoetan. Adibidez, 2020an, Cerro Torre eskalatu ondoren, gailur horretatik parapentearekin hegan egin zuen lehena izan zen. Alpinista batzuek parapentea soilik tontorretik jauzi egiteko erabiltzen duten bitartean, Buhlek ere mendietara hurbiltzeko hartzen du. Erabaki horrek, besteak beste, ingurumen-inpaktua gutxitu eta urrutiko lekuetan dauden mendietara heltzeko denbora murrizten du. Hitz gutxitan esanda, alemana parapentearen mugak handitzen ari da eta alpinismoan “adar” berri bat indartu ere.

Bilakaera horri dagokionez, alpinista honek adierazi du hasieran parapentea jaitsieretan erabiltzen zuela. Baina haize egokia aprobetxatu eta ikasi zuen lurrean bertan hegala zabaldu eta hegan irtetea. Cerro Torreko eskarmentuaren ondoren, argi izan zuen oraindik ordu asko egin behar zituela hegaldia segurua izan zezan. Horregatik, bere buruari esan zion esku artean zituen helburuetarako gidari on bat bihurtu behar zela. Apustua ez zen batere samurra; izan ere, bere xedeen artean mendietara parapentearekin hurbiltzea, bide bat eskalatu, gailurretik hegan egin eta kanpaleku nagusira edo herrira itzultzea baitzen.

Ia alpinista gehienek ez bezala, parapentea Buhlen garraiobide naturala da. Gaur egun, alpinismoaren adar horretan espezialista zailduenetako da, eta hori denek onartzen dute. Hots, Patagonian edo Pakistanen egin dituen konbinazio horietan aitzindaria da. Parapentearen hegala zabaltzeko haizea ondo irakurtzen duenez, horrek gaitasuna ematen dio ia edozein lekutan lur hartzeko. Txantxetan ala ez, alemanak dio helikoptero modura erabiltzen duela. Alpinistak dio batez ere udaberrian helieski egiteko aukera ematen diola, baina helikopteroa erabili gabe. Oinez egin ez daitezkeen jarduerak, parapentearekin konpontzen ditu. Eta horietako batzuk Pakistanen eta Estatu frantziarrean egin ditu.

Alpinista alemana Mermoz orratzeko 'Pilar Rojo' bidea eskalatzen. (Fabian BUHL)

Azken hilabeteotan, berriz, Buhl berriro Patagonian ikusi dugu eskalatzen eta parapentean hegaldi bikainak egiten. Nahiz eta inguru horretako klima oso zakarra den, alemanak behin eta berriz itzultzen da. Onartu du hiru denboralditan soilik egun egoki bat izan zuela hegan egiteko. Halere, dio merezi duela itxaronaldi luze horrek, besteak beste, jarduten duen eremua ikaragarri ederra delako.

Patagonia

Azken bistan, adibidez, lehen xedea eskalada bat izan zen. Pazientzia izan behar zuen lehen leiho on bat heltzeko. Urtarrilaren lehen egunetan, Pedro eta Tomas Odell anaiekin eta Bauti Grogorinirekin batera, Herron eta Egger tontorrak lotu zituen.

Baina, jakina, Buhlek parapentearekin beste asmo batzuk zituen. Lehenik eta behin konbinazio eder batean buru belarri sartu zen Felix Sattelbergerrekin: Guillaumeteko orratza eskalatu eta, ondoren, hegan egin. Lerrotako protagonistak sare sozialetan aurreratu du erronka hori duela sei urte Cerro Torren izaniko eskarmentutik sortu zela: «Konbinazio hori klimaren aldetik munduko lekurik txarrenean egitea erakargarria egin zitzaidan. Jarduera horretan eskalada ez zen arazoa, baina parapentea era egokian erabili nahi baduzu eta eskaladara tresneria horrekin hurbildu nahi baduzu, ohartzen zara egoera nahasten dela. 2023-24 denboraldian El Chalteneko baldintzen inguruan asko ikasi nuen. Eta aurten asmo horretan saiatzeko prest sentitu naiz. Zorionez, Felixek grina bera du parapentearekin. Oso ona da, eta seguru nengoen leiho on batekin aukera bikaina izango genuela konbinazio hori egiteko».

El Chalteneko Loma del Diablora lagun batzuekin joan ziren. Eskaladako tresneria eta hegal txikiak motxilan sartu, aireratu eta ordu erdi beranduago Guillaumet izeneko lepora iritsi ziren. Sattelbergerren lehen toplandinga izen zen. “Brenner” ibilbidean sartu eta Guillaumeteko gailurra zapaldu zuten. Buhlek onartu du lerroaren artesiekin asko gozatu zutela: «Baina gure xede nagusia hegal txikiekin tontor horretatik salto egitea zen. Zoritxarrez, puntu garai horretan geundela haizeak indarra hartu zuen. 40 minutu frenetiko horietan hainbat saialdi egin genituen. Azkenean, une egokia lortu, hegan egin eta glaziarrean lur hartu genuen. Berriro parapentea paketatu, aireratu eta herrira iritsi ginen. Egin genuena barneratzea zaila egin zitzaigun. Bagenekin arrakasta izateko aukera genuela, baina izugarria izan zen den-dena ondo ateratzea. Konbinazio hauen eraginkortasunak txunditzen dit».

Hurrengo helburua Marmozeko erpinean izan zuen. Arnesean tresneria zintzilikatu eta orratzaren “Pilar Rojo” bidera abiatu zen lagun batzuekin. Alemanak onartu du splitter edo artesi garbi eta perfektu horiek eskalatzea ederra izan zela: «El Chalteneko ingurumarian dauden onenetarikoak dira. Gailurrean, zorionez, haizea nahiko bare zegoen. Aireratu eta El Chaltenera iritsi baino 400 metro lehenago arazo batzuk izan nituen. Halere, ez nuen ezustekorik izan. Egoera hori ez zen lasaia izan, baina, bederen, nahiago dut hori bizitzea eta ez 28 kiloko motxila batekin irteera hori oinez egitea».

Buhlek mendien oinarrira heltzeko eta tontorretik jaisteko erabiltzen du parapentea. (Fabian BUHL)

Buhlek azken jarduera bat egiteko aukera izan zuen. El Chalten herriaren gainean dagoen Rosadora abiatu zen kide batzuekin. Eskalada tresneria eta denda gainean zeramatzan; gutxi gorabehera, hogei kilo. Garaiera handian ez zegoenez, kondizio egokiak iritsi zirenean aireratu zen. Loma de las Pizarrasetik hodei batzuen oinarrira abiatu zen, eta handik Paso Superior delakora. Ondoren, glaziarraren gainetik hegan egin eta Paso Superiorren lurreratu zen. Ordubeteko hegaldia izan zen. Denda altxatu, gaua igaro eta biharamunean prest zegoen Fitz Royko edo Cerro Chalteneko “kaliforniarren” bidea eskalatzeko. Baina azken momentuan sokakidea ezin izan zen bertaratu.

Egoera hori ikusita, soka eta motxila bat han bertan utzi, glaziarra zeharkatu eta Mermozeko oinarrira korrika bizian heldu zen. Alemanak bazekien sokada batek “Pilar Rojo” lerroa eskalatzeko asmoa zuela, eta justu-justu talde horrekin bat egin zuen. Ibilbide hori igo eta gero, rappelatu eta glaziarrera abiatu zen: «Baldintza hotzak izan nituen, baina merezi izan zuen. Hartutako erabakiarekin, hots, kontzeptuarekin pozik nago; izan ere, “Pilar Rojo”-ren oinarrira heltzeko, soilik ordubete oinez egin nuen. Paso Superiorren hegala zabaldu eta 15 minutuan El Chaltenen nengoen».