Iranen aurkako «eraso inperialista» salatzeko mobilizazioak izan dira Euskal Herrian
AEBek eta Israelek Iranen aurka egindako «eraso inperialista» salatu dute Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñean egindako mobilizazioetan.
Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan mobilizazioak egin dituzte azken orduotan, AEBek eta Israelek Iranen aurka egindako «eraso inperialista» gaitzesteko.
Palestinarekin Elkartasuna ekimenak deituta, igande honetan protestak egin dira Bilbon, Donostian eta Iruñean; atzo, berriz, lehen mobilizazioa egin zen Gasteizen.
📢 Estatu Batuek eta Israelek Iranen aurka abiatu duten erasoaldia salatu dugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan.
— Palestinarekin Elkartasuna (@Palestinarekin) March 1, 2026
Eraso hau AEBen eta Israelen estrategia inperialistaren parte da, eta eskualdean euren hegemonia zalantzan jar dezakeen indar oro ezabatzeko helburua du. pic.twitter.com/2fCc34DU9N
«Iranen aurkako eraso inperialistari ez. AEB eta Israelen aurka erresistentzia aurrera» izan da protestetan erabili dituzten pankarten leloa
Manifestariek «AEBen eta Israelen estrategia inperialistari erantzuten dion gerra berri hau» salatu dute, Mendebaldeko Asia «euren interesen pean kontrolatu nahi duena», eta Israel «eskualdearen jabe» gisa uzteko helburua duena, haren hegemonia zalantzan jarriko duen inor gabe.
Horretarako, «Iran ahultzea edo garaitzea ezinbesteko baldintza da haientzat, AEBetako eta Israelgo interes inperialistei aurre egiten dien agenterik indartsuena baita», esan dute.
Albiste «krudela» palestinarrentzat
Iranen aurkako eraso honek eskualde osoko «eskualdeko herri langileentzat eta erresistentzia-indarrentzat eragin negatiboa» izango dula ohartarazi dute, eta gaineratu «albiste krudela» dela herri palestinarrarentzat».
Horregatik, deitzaileek «irmo» gaitzetsi dute «eraso inperialista berri hau», eta AEBren eta Israelen aurkako erresistentziari babesa emateko deia egin dute.