INFO

Elgetak jasoko ditu iraupen luzeko ibilaldien zaleak ekimen berezi batekin

Martxoaren 15ean, Elgetak Ibiltarien Jaiaren ekitaldi berri bat hartuko du. Ekimen hau Euskal Herriko Iraupen Luzeko Ibilaldien Zirkuituaren barruan kokatzen da, eta Euskal Mendizale Federazioaren jarduera egutegiaren parte da.

Martxoaren 15ean ospatuko da Ibiltarien Jaia Elgetan. (EMF)

Iraupen luzeko ibilaldiek tradizio handia dute Euskal Herriko mendizaletasunean. Erabat errotuta daudela ez du inork zalantzan jartzen. Ehunka eta ehunka zale dituzte, eta babes horrek zirkuitu batean isla du. Hogeita laugarrena ate joka dabil, eta lehen ibilaldia hilaren 29an egingo da: Aizkardiko ibilaldiaren 57. edizioa. Alabaina, Euskal Mendizale Federazioak antolatutako zirkuitu hori hasi baino lehen, martxoaren 15ean, iraupen luzeko ibilaldien zaleek hitzordu berezia izango dute. Hain zuzen ere, Elgetako herrian ospatuko den Ibiltarien Jaiari buruz ari gatzaizkizue. Egitarauari dagokionez, ekimen ezberdinak antolatu dira: ibilaldia, bazkaria, iazko zirkuituko finalistei diploma banaketa, Shebe Peña sariaren banaketa eta aurtengo zirkuituaren aurkezpena.

Lehenik eta behin, mendizaleek ibilaldi batean parte hartzeko aukera izango dute. Goizeko zortzietan abiatuko da Elgetako kiroldegitik, eta 20 kilometroko ibilbide zirkularra du. Denera, 1.200 metroko desnibel positiboarekin. Ibilbidean zehar inguruko gune esanguratsuak zeharkatuko dira (Asentzio, Intxorta, Erdella, Aixola eta Egoarbitza), irteera puntura berriro itzultzeko. Antolatzaileek aurreratu dutenez, ibilbidea zorrotza baina irisgarria da, paisaiaz eta jardunaldi honen izaera kolektiboaz gozatzeko pentsatua.

Izen-ematea www.zirkuitua.com webgunean egin ahal izango da ostirala arte, hilaren 13a arte, baita ibilaldiaren egunean bertan ere. Ibilaldia amaitzean, parte-hartzaileek dutxa zerbitzua izango dute kiroldegian, eta antolakuntzak gela bat prestatuko du koltxonetekin bezperan bertan lo egin nahi dutenentzat (zerbitzu hau erabili nahi dutenek, antolakuntzari jakinarazi behar diote telefonoz edo e-mailez).

Ibilaldian xahututako indarrak berreskuratu ahal izateko, 14:30etik aurrera bazkaria (30 euro) egingo da Elgetako kiroldegian. Bazkarirako izen-ematea Elgetako Udalaren bidez egin beharko da (943 768 022 / danonartian@elgeta.eus / www.elgeta.eus); gaur bertan amaitzen da.

Aitortzak

Ibiltarien Jaiak ez du etenik izango. Bazkariaren ondoren, iazko iraupen luzeko ibilaldien zirkuituko finalistei diplomak banatuko zaizkie. Aurreratu behar dugu zirkuituaren antolakuntzak ezarritako irizpideak bete behar direla diploma horiek jaso ahal izateko. Irizpide horiek dira: gutxienez zortzi ibilaldi osatzea, lurralde bakoitzean bana eta egutegiko beste hiru aukerakoak).

Era berean, Shebe Peña Saria ere banatuko da, eta aurtengo ekitaldian Usurbilgo Andatza mendi taldeko kide Moises Andres Zubiriari emango zaio.

Bestalde, aurtengo iraupen luzeko ibilaldien zirkuituaren egutegiari dagokionez, esan behar dugu aurreko edizioetako egiturari eusten zaiola, Euskal Herriko lurralde desberdinetan urte osoan zehar banatutako probekin. Egutegiaren xehetasun guztiak zirkuituaren webgunean kontsulta daitezke.

Lehen hitzordua hilaren 29an izango da, 57. Aizkardiko Ibilaldiarekin. Ibilaldi horrek bi ibilbide eskainiko ditu: 43 kilometrokoa batetik, eta, bestetik, 24 kilometroko beste aukera laburragoa. Azken irteera azaroaren 1ean egingo da, XL Gorobel Ibilaldiarekin. Guztira, 24 ibilaldi aurreikusi dira.