Hamaika borroken helduleku izango den Gazte Topagunea abiatu da Abadiñon
Ernaik antolatutako Gazte Topaguneak milaka gazte bildu ditu Abadiñon. Hiru egunez, jardun politikoa eta aisialdia uztartuko dira, gazte independentismoaren topagune eta hausnarketarako gune bihurtuta.
Ernaik antolatutako Gazte Topaguneak hasiera hartu du Abadiñon, hilabeteetako prestaketen ostean. Ostegun honetan abiatu den ekimenak milaka gazte independentista bildu ditu Txanporta plazan egin duten harrera ekitaldian, eta apirilaren 5era arte luzatuko da, hiru egunez.
Hasierako ekitaldian, antolatzaileek eskerrak eman dizkiete azken hilabeteetan lanean aritu diren gazteei zein herriko bizilagunei, jasotako harreragatik. Era berean, Topagunea «gune seguru» bihurtzeko helburua berretsi dute, eta horretarako neurriak iragarri dituzte: eraso matxisten aurkako protokoloa eta protokolo antiarrazista martxan izango dira egunotan.
NAIZ Irratian egindako elkarrizketan, Amaiur Egurrola Ernaiko bozeramaileak azaldu zuen azken prestaketa lanak «oso ongi» joan direla, nahiz eta azken egunetako urduritasuna nabaria izan. Nabarmendu du Topagunea gazte militanteen lanari esker antolatu dela, eta ehunka lagunek parte hartu dutela muntaketan zein eguneroko antolakuntzan; guztira, 1.200 txanda inguru beteko dituzte egunotan Euskal Herri osotik bertaratutako gazteek.
Egurrolaren hitzetan, Topagunea ez da soilik aisialdirako espazioa, baizik eta gazte independentismoaren artikulaziorako eta eztabaidarako gunea ere bada. Ildo horretan, hitzaldi politikoak, hausnarketarako guneak eta kontzertuak uztartuko ditu egitarauak, euskal musika eszenari lehentasuna emanez.