Hirugarrenez martxan, Asun Casasolaren omenezko ipuin lehiaketa

Indarkeria matxistaren aurkako Asun Casasola Ipuin Laburren Lehiaketa martxan da. Aurtengo nobedadeak saria handiagoak eta gazteei zuzendutako kategoria dira.

NAIZ|2018/01/30 11:16
Captura_de_pantalla_2018-01-30_a_las_11
Asun Casasola Ipuin Lehiaketako irudia.

Asun Casasola Ipuin Laburren Lehiaketa azken txanpan sartu da. Hirugarren edizioa du eta berrikuntzekin etorri da, izan ere, lehenengoz gazte kategoria egin dute.

Indarkeria matxistaren aurka ekiteko asmoz abiatu zen orain lau urte. Sanferminetan hil zuten Nagore Laffagen amaren izena du lehiaketak, alabaren hilketarengatik justizia egiteko eta indarkeria matxista arbuiatzeko egiten duen borroka omentzeko. Aurten gainera, Nagore Laffage hil zutenetik hamarkada beteko da.

Aurten lehiaketaren lelo eta gai nagusia «ez da ez» da. Helburua ostera, beste behin, «berdintasunaren aldeko jendartea bultzatzea eta genero indarkeria baztertzea» dute.

16 urtetik gorakoen kategorian bi irabazle egongo dira, euskarazko eta gaztelaniazko atal bakoitzean bana. 400 euro jasoko du irabazle bakoitzak. Ipuinak jasotzeko epea datorren otsailaren 10ean bukatuko da eta asuncasasolaipuina@gmail.com helbide elektronikora bidali behar dira. Orrialde bateko ipuinak izan beharko dira, Arial 12 letra motan idatziak. Gainerako baldintzak www.asuncasasolaipuinak.eus web gunean ikus daitezke.

Eskualdeko ikastetxeekin lanketa egin ostean eta Gipuzkoa Aldundiaren laguntzari esker, 12 eta 16 urte arteko nerabeentzat bi kategoria osatu dituzte lehen aldiz, bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz.Genero indarkeria eskoletan eta datozen belaunaldiekin lantzeko aukera eskaini nahi du lehiaketak berak.

Epaimahaietan aurpegi berriak daude aurten. Tartean dira Eider Rodriguez, Merche Tranche, Peru Iparragirre, Idurre Eskisabel, Yurre Ugarte, Ana Iruretagoiena edota Noelia Lorenzo, besteak beste. 

 

HERRI INFORMAZIOA