Botere harremanak ezbaian, Mexikon

Ikasi eta ikasi ari da Mexikon Askapenaren brigada feminista. Oraingoan, feminismo materialista frankofono mugimendu barruan kokatzen den Jules Falquet borrokalariaren irakaspenak ezagutu dituzte gertutik eta bertan ikasitakoaren laburpena igorri digute kronika honetan.

NAIZ+|2018/08/20 08:32
Mex1
‘La Pax Neoliberalia y la construcción de otro mundo posible’ modulua


BESTE MUNDU FEMINISTA BAT ERAIKITZEN

Mercedes Oliverak ‘La Pax Neoliberalia y la construcción de otro mundo posible’ modulura gonbidatu gintuen. Honakoa ‘Repensándonos desde la economía feminista emancipatoria’ diplomatura barruan sartzen den modulua dugu; eta antolatzaileak CESMECA (Centro de Estudios superiores de México y Centroamérica) eta CDMCH (Centro de Derechos de la mujer de Chiapas) dira. Aste batez Jules Falquet, feminismo materialista frankofono mugimendu barruan kokatzen den borrokalaria, izan zen geure irakaslea. Jules Falquet frantsesa izan arren, landutako feminismoa Ameriketan kokatzen du, bertan bere izaera feminista eta lesbiana aurkitu baitzuen, Txiapasen eta Salvadorren hain zuzen.

Hasteko, Julesek sortu zuen giroa ez zen klase magistral batean inspiratu. Berak protagonismoa eduki arren, guztiok parte hartu genuen bertan. Kasurako, ikasle figura ginenon artean Mercedes Olivera eta bestelako emakume ahaltsuak genituen eta denok denongandik ikasi eta irakatsi genuen. Eztabaidaz eztabaida, hemengo burujabetzan oinarritzen den feminismoa eta feminismo materialista frankofono artean elkarrizketa sakon bat sortu zen eta, handik ateratako ondorioek eta hausnarketek lagundu gintuzten hobeto ulertzera Mexikoko emakumeen borroka moldea.

Feminismo materialista frankofonoa eta geure gizartean jazotzen diren botere harremanak hobeto ulertzeko; Julesek, trebetasun handiz, alderatu zituen gizon eta emakumeen artekoa eta arrazen (edo pertsona arrazalializatuen) arteko harremanak. Horri esker, eta pentsamendu moralistak alde batera utzita, hau da, zer dagoen gaizki eta zer ondo epaitu gabe, mendeetan eraikitako diskurtsoa ondo identifikatu genuen. Bestalde, feminismo materialista ez da feminismo marxista; halere marxismotik hartu ditu kontzeptu asko. Terminologia hori desegin eta berregin da feminismoren ikuspegitik: ogibideak ulertzeko eta sailkatzeko erak, kasurako, ogibide domestikoa, emozionala, ugalketa lana eta sexuala ditugu.

Fenomeno sozialak gisa begiratzean ogibide hauek, despertsonalizatu egiten genituen, adibidez, umea esan beharrean produktu hitza erabiltzen zuen Julesek aise eta, betiere, jakinda zer nolako zama zeraman hori egiteak. Finean, ez ditugu nahastu behar amatasuna eta erditzea, geure gizarteak hauek nahastu egiten baititu emaitza zehatz bat bilatzeko, barneratzea betebehar hauek fenomeno natural gisa.

Argigarria suertatu zitzaigun ikusteak feminismo autonomoaren eta feminismo materialistaren arteko dialektika etengabea. Geure hasierako aurreiritzia, emakume frantses bat entzutea feminismoaz hitz egiten ez baitzen bilatzen genuena Mexikon, baina segituan ulertu genuen ez zela horren sinplea premisa hau. Falquetengan intersekzionalitatea eta inbrikazioa hitzek bere diskurtso osoa zeharkatzen zuten, eta bertan ziren ikasleek argi zeukaten genero hitzak ez zeukala indarrik eta erraz despolitizatu daitekeen terminoa dela. Horregatik, sexua, arraza eta klasea ziren eztabaidan ziren gertaerak moduluan.

Bertan ginenean, sentitu arren feminismo akademiko batean ginela, nabarmendu beharra daukagu instituzioetatik kanpo kokatzen zirela bertan ziren guztiak eta, feminismo komunitario autonomoak bere burua definitzen du feminismo praktiko bezala, finean, komunitateetan jazotzen diren beharrei erantzuten baitie, betiere, lurra eta lurraldea zentroan kokatuta. Bukatzeko, azpimarratu beharrekoa da Julesek etengabe aipatzen zuela hitzen eta hauek zer adierazten zutenen garrantzia. Geure errealitatea hitzen bitartez eraikitzen baitugu eta hauen erabilera egokia eta zehatza iraultzailea delako.