Euskarazko 'marrazo' hitza oinarri, Indiako auto-ekoizle baten azken modeloak

Marazzo da Mahindra auto-ekoizlearen azken proposamena. Uztailaren 31n iragarri zuten, «MahindraU321ek izen berria du, Marazzo, euskaraz marrazo esan nahi duena». Aurkezpena orain dela pare bat aste egin zuten eta tartean nola ahoskatu beharko litzatekeen izan zuten hizpide.

NAIZ+|2018/09/17 06:36
Loading player...

Goiko bideoa Mahindra Marazzo berriaren promoziokoa da, «marrazoa bezain leuna, marrazoa bezain isila» leloarekin zabaldutakoa. Uztailaren 31tik iragarria zuten Indiako auto-ekoizle hauek euren auto berriaren izena, jatorria euskarazko 'marrazo' hitzean zuela adierazita, gainera:

Merkatuan arrakasta gehiago izan dezan edo, ordea, jatorrizko hitza moldatu, 'r' bat kendu eta z bikoitza ezartzea erabaki zuten. Autoaren aurkezpenean eman zituzten azalpenak Mahindrako arduradunek, modu horretara erakargarriagoa zela edo argudiatuz. Kazetarien galderetako bat izen berria nola ahoskatu beharko litzatekeenaren ingurukoa izan zen. Nabari da izena pentsatu zuena ez zegoela eskenatokian, euskararen berri askorik ez baizuten azalpenak eman zituztenek, gaztelaniaren «azpihizkuntza» edo dialekto gisa aurkeztu baizuten euskara. Hemen azalpena:

Euskal Herrian guztiari izena ingelesez jartzeko joera dagoen honetan, hara non Indian euren salgaiei euskarazko izena... Han ere izan da Mahindra etxeari izen bila Europara joatea kritikatu dionik, «400dik gora hizkuntza Indian eta Europako bat hartu duzue?». Indian azal zuriarekiko eta hauen kultura eta hizkuntzekiko joera gainditzen ari direla dio txiolari honek eta europar hizkuntza bat baliatzeak kalte egingo diela.