‘Bizilagunak’, mundu bat mahaiaren bueltan biltzeko aitzakia

Igandean, Euskal Herriko etxe ugarietako ateak parez pare zabaldu eta arrazakeriaren kontrako menua jarriko dute mahai gainean. SOS Arrazakeriak antolatzen duen ‘Bizilagunak’ ekimenaren zazpigarren edizioa izango da. Mahaiaren bueltan eta bazkaria partekatuz elkar ezagutzeko eta loturak sortzeko aukera eskaini nahi du ekimen honek.

NAIZ+|2018/11/08 09:10
Loading player...

Bertako familiak zein Euskal Herrian bizimodu berri bati ekin diotenak mahai beraren bueltan biltzea da hitzorduaren helburua. «Hainbeste pertsonak aldarrikatzen eta praktikan jartzen duen harrera gauzatuko dugu, migratzaileentzako gero eta gordinagoa den giroan», azpimarratu zuten antolatzaileek agerraldian.

Egun batzuk falta badira ere, nabaritzen hasia da giroa sarean. Amurrion adibidez, Gaztetxean dute hitzordua Bizilagunak egitasmoan parte hartu nahi dutenak.

Hernanin ere Gazte Asanbladak bat egin du ekimenarekin.

Aurrez egin diren sei edizioetan, «ederki» ikusi dute ekimena «tresna eraginkorra dela elkarrengana hurbiltzeko, aurreiritzi eta estereotipoak kolokan jartzeko eta harreman sareak josteko».

2012an ekimena estreinakoz antolatu zenetik, 10.000 bat izan dira parte hartu dutenak, familiak eta dinamizatzaileak barne. Iazko edizioan, 2.000 baino gehiago izan ziren txoko ugaritan mahai baten inguruan bazkaritarako elkartu ziren bertako eta atzerritar jatorriko familiak.

Antolatzaileek gogoratu nahi izan dute «parte-hartzea eta inklusioa» sustatzen dituela ekimenak, «adierarik zabalenean»: «Hala, familiatzat hartzen dugu edozein lagun talde, bikote, etxekide edo eta bizitzan lagun diren taldeak. Jende askok, eta bereziki atzerritar jatorrikoak, sortu behar izan ditu ingurune eta familia berriak, beraienak jatorriko herrietan utzi ondoren».

ZAS! Zurrumurruen Aurkako Euskal Herriko Sarearen barruan dago ekimena. Sare hau Lakuak eta Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako 20 udalek eta erakundek osatzen dute, elkarbizitza eta begirunea sustatuko dituzten dikurtso eta jarrerak zabaltzeko zein estereotipo eta zurrumurruei aurre egiteko helburuarekin.

Bizilagunak ekimena Lakuak eta Gipuzkoako Aldundiak laguntzen dute, bai eta Andoain, Arrasate, Azpeitia, Bergara, Donostia, Eibar, Errenteria, Hernani, Irun, Ordizia, Pasaia eta Zarauzko udalek ere. Tolosaldekoek ere bat egiten dute ekimenarekin, Tolosaldea Garatzen garapen agentziaren bidez.Gipuzkoaz gain, Getxo, Barakaldo, Basauri, Berriatua eta Gasteizen ere ospatuko dira bazkariak.