Mendi tontorretik, herriko plazatik ala espetxetik, ‘Orain presoak’

Larunbateko mobilizazioen aitzindari, hamaika martxa, hitzaldi, giza kate edo mendi martxa egin dira Euskal Herrian, oraingoa presoen unea dela adierazi eta Bilbora eta Baionara deitzeko.

NAIZ+|2019/01/09 12:18
Naizplus
Hamaika ekimen egin dira herriz herri presoen alde.

Larunbatean, Bilbok eta Baionak euskal presoen giza eskubideen aldeko manifestazioak hartuko dituzte. Manifestazioak 17.00etan abiatuko dira Bilboko La Casillatik eta Baionako Errepublika plazatik.

Azken asteotan, Gabonak tarteko, hamaika ekimen egin dira Euskal Herri luze zabalean presoen eta euren senideen egoera lau haizetara zabaldu eta larunbatean egingo diren manifestazioen berri emateko.

Durangon hitzaldia antolatu dute Bake Artisauen Mixel Berhokoirigoin eta Sareko Joseba Azkarragarekin. Iurretan, ostera, mosaiko herritar bat egin dute larunbateko hitzorduari begira.

Urnietako eta Andoaingo Sarek ‘Orain presoak’ lemapean taldeko argazkia atera zuen Adarra mendian urteko lehen egunean. Durangon ere, giza katea osatu zuten presoen eskubideen alde; Bilbon, ostera, bizikleta martxa.

Errenterian «hamaika arrazoi hamaika minutu» ekimena egin zuten. Bidasoa ibaiaren bi aldeetan bizi diren bizilagunek, ostera, hiru zutabeen martxa egin zuten presoen eskubideen alde. Zarautzen eta Leitzan ere, batu dira herritarrak presoen eskubideen alde.

Urruñan ostera, etxez etxe egunkari bidez banatu dute larunbateko zita.

Oiartzungo gazte ugari Bilbora eta Baionara bertaratuko dira eta gazte gehiago animatzeko, bideoa grabatu dute Oiartzungo hamarnaka gaztek.

Espetxetik ere iritsi da deialdia. Picassenteko kartzelan preso duten Manex Zubiagak erregimen itxiko modulu batean kokatu dituztela eman du aditzera sare sozialetan. «Urte luzez modulu normaletan egon ostean, neurri askoz zorrotzagoak orain, 30 pausuko patioa, "gizarteratzeko" ibilbide eta urratsak laburtzeko», salatzen du kalean direnak manifestazioetara joan daitezen galdegitearekin batera.

Babes ugari

Kolore guztietako atxikimenduak bildu dituzte bi hitzorduetarako. Lehen aldiz, sindikalismo osoaren parte hartzea espero dute Bilboko mobilizazioan, eta baita Katalunian preso dauden politikarien senideena ere.

Baionan ere aniztasuna nagusi izango da. Bertan egingo den mobilizazioak 150 hautetsiren babesa jaso du, tartean, 60 auzapezenak. 40 apaiz ere batu dira deialdira.

Baionara edo Bilbora joan nahi dutenentzat autobusak antolatu dira herriz herri. Azken egun hauetan horiek osatzen ari dira.

Bilboko manifestaziora doazenentzat, hura amaituta, etxera goxo bueltatzeko, Mirentxin Gidariak salda eta txokolate beroa saltzen egongo direla iragarri dute Twitterren.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK