Joare hotsek inauteriei dei

Ilbeltzaren amaieran, Ituren, Aurtitz eta Zubietatik joare soinuak datozkigu, inauteriak gain-gainean ditugula ohartarazten. Umorea eta kolorea zabaltzen duten Inauteriei atari berezi bat eskaini die NAIZ Agendak, gure lurraldean barrena non gozatua dagoen ezagutzeko.

NAIZ+|2019/01/29 10:24
Loading player...

Malerreka joare hotsen bidez esnatzen ari da egunotan. Atzo, Iturenek egin zion Amalurrari dei eta gaur, kontrako noranzkoan, joaldunak Zubietara joango dira, inguruan mozorro andana bilduz.

Urtarrilarekin batera iristen dira inauteriak Euskal Herrira. Tokirik gehienetan otsailaren amaiera eta martxoa hasiera arte itxaron behar badugu ere, nafarrak goiztiarrenak dira mozorrotzeko egiteko honetan. Ituren eta Zubietako inauteriak entzutetsuenak diren arren, ez dira lehenak. 

Igandean, adibidez, ohiturari estu jarraituz, ilbeltzaren azken igandean karrozetara igo eta desfilea egin zuten Sunbillako herritarrek. Leitzara ere ihoteak goiz iristen dira, urtarrileko laugarren igandean eta haren osteko astelehen eta asteartean. Egunotan beraz atsaure eta mozorro festa ospatzen ari dira.  Beskoitzeko kaskarotak ere abiatu ziren larunbatean, urtarrilaren 26tik otsailaren 17ra arte kaskarotak eskean arituko dira etxez etxe larunbat eta igandeetan.

Urtea abiatzearekin batera, Zuberoan inauteri giroan maskaradak ospatzen dira. Aurten Urdiñarbeko gazteen txanda da eta urtarrilaren 6an estreinatu zituzten maskaradak euren herrian. Haren ondotik etorri ziren Ürrüstoi Larrabil eta Altzürüküko emanaldiak. Apirilean, Muskildin amaitu arte, 15 emanaldi eskainiko dituzte. Zehazki, honakoa da maskaraden aurtengo egutegia: Lexantzün (otsailaren 27an); Mendikotan (otsailaren 3an); Eskiulan (10ean); Pagolan (17an); Maulen (23an); Barkoxen (martxoaren 3an); Idauze-Mendin (10ean); Garindainen (17an); Larrainen (24an); Alozen (30ean); Hokin (apirilaren 7an); Muskildin (14an) eta, azkenik, apirilaren 21ean, Muskildin.

Inauteriko data nagusiak otsaila amaieran izango dira. Izan ere, otsailaren 28a izango da parranda luzeari hasiera ematen dion Ostegun Gizena. Tolosarrak egun handiaren zain dira, ordura arte, baina, bada non gozatua, ikusi bestela NAIZ Agendak inauteriei eskaini dien atari berezia. Bertan dira, besteak beste, Ezpeletako kaskarotak, Etxarri Aranatzeko ihauteriak, Oiartzungo ihoteak edota Lekunberriko Aittezaekoren erretzea.