Santa Ageda bezperan, oles egitera

Santa Ageda eguna izango da bihar eta hura iragartzeko eztarri anitz urratuko dira iluntzean Santa Eske koplak abesten. Badira baina, goiztiar ibili direnak.

NAIZ+|2019/02/04 11:51
Santaageda
Kantuan arituko diren gehien gehientsuenak arratsalde eta iluntze partean ibiliko dira.

Euskal Herrian ondo sustraitutako ohitura da Santa Ageda bezperako eskea, jantzi tradizionalak soinean herritarrak koplak kantatzera ateratzen dira eta makilekin lurra jotzen dute erritmoa markatuz. Diru edo janari eskean ibiltzen dira maiz etxez etxe, kriseilua lagun.

Eliza Katolikoak otsailaren 5a aukeratu zuen 235. urtean Sizilian jaiotako Agata saindu bihurtu eta hura omentzeko. Haatik, Elizak Santa Ageda jaiaren zergatiak bere ikuspegitik azaldu aurretik ere, bazegoen ospakizunik gurean.

Aditu batzuen iritziz, Agataren inguruko festek zerikusi handia dute inauteriekin, inauste edo kimatze garaiko erritoekin eta beraz, neguko solstizioaren ondoren, eguna luzatzearekin batera, amalurra esnatzeko asmoz kolpatzen zuten lurra kantuz eskean ibiltzen ziren herritarrek.

Kantuan arituko diren gehien gehientsuenak arratsalde eta iluntze partean ibiliko diren arren, eguneko lehen orduetan badira harat eta honat ibili diren taldeak.

Ikasle anitz joan da gaur eskolara makil luzeak lagun. Bilbon ikasleez gainera, suhiltzaileak aritu dira Alde Zaharreko lurrari eraginez. Bildutako dirua gainera, minbizia duten umeentzat izango da.

Hendaian, Aramaion eta Berastegin goiztiar aritu dira eta asteburua baliatu dute eskean eta kantuan aritzeko.

Batzuk aurreratu badira ere, gaur iluntzean izango da abesbatza eta lagun taldeen hitzordu nagusia. Araban adibidez, kuadrilla guztietan Santa Ageda bezpera ospatuko dute gaur. Alta, Gasteizen izango da ospakizunik jendetsuena. Joan den urtean baino 9 abesbatza gehiagok hartuko dute parte, eta abeslarien kopuruak nabarmen egingo du gora aurten, 647tik 1.267ra igarota.

Lizarran, Barañainen, Ibarran, Laudion, Leioan eta Eibarren ere bada kanturako hitzordurik.

Hain justu eibartar batek egin zuen Santa Eske koplen erakustaldi esanguratsuenetarikoa orain lau urte. Roberto Etxeberria moda diseinatzaile eibartarrak Santa Ageda koplak baliatu zituen 2015eko sorta New Yorken aurkezteko. Hain zuzen, Fashion Week entzutetsuan entzun ahal izan ziren Santa Ageda koplak, modeloen joan etorriei erritmoa ipiniz.