Abesti tradizionalak balore hezitzaileekin jantziz

Soka saltoan aritzeko ‘Aita, ama’ abestia tradizionala moldatu du Bizkaiko Urtxintxa eskolak eta Uluka taldeak,  familia eredu ezberdinei bide eman eta balore hezitzaielak sustatuz.

NAIZ+|2019/02/06 09:01
Loading player...

«Aita, ama, zenbat urtekin ezkonduko naiz? 1, 2, 3, 4, 5,…». Garaiak zerbait aldatu badira ere, jolastokian entzun ahal diren letrak ez dira gehiegi aldatu. Lehen aipatutakoak soka saltoan aritzen diren umeen ahotan maiz entzuten dira oraindik ere.

Bizkaiko Urtxintxa eskolak, baina, jolas egiteko abesti tradizionalak balore hezitzaile eta eraldatzaileen ikuspegitik landu nahian bidelagun hartu du Uluka musika taldea eta elkarrekin egin dute ‘Aita, ama’ abestiaren bertsio berri hau.

Grabaketan haur zein helduek hartu zuten parte eta familia eredu ezberdinak plazaratu dituzte, norberaren ezagutzei bide emanez. «Aizu, aizu, zenbat kolore dakizkizu?», «Ama, ama, animali hau da maite dudana», «aizu, aitona, zein da zuretzat janari ona?» tankerako galderak luzatu dizkiete abestian partaideei.

Tertangan grabatu zuten bideoklipa eta Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak diruz lagundutako proiektua da.

Bizkaiko Urtxintxa Eskola, astialdiko trebakuntzarako eta suspertze soziokulturalerako erakundea da. 1986an sortutako proiektua Astialdi Eskolarekin hasi zen, eta gaur egun, hezitzaileak, gurasoak, begiraleak, irakasleak eta banakoak trebatzen ditugu balioen hezkuntzan.   Hezkuntza ez formala da Urtxintxaren eragin eremu nagusia, baina hezkuntza formalean ere aritzen dira. Eta trebakuntzarako eskaintza izateaz gain, haur, gazte zein helduei zuzendutako proiektuak ere dinamizatzen dituzte esku hartze zuzenaren bidez.