Oihana Llorente

Greba feministan ez galtzeko gida

Martxoaren 8an greba egitera deitu ditu emakumeak Euskal Herriko mugimendu feministak, aurtengoa, gainera, 24 orduko greba izango da. Greba feministaren detaileak ezagutu eta zalantzak argitzeko dosierra egin du mugimendu feministak.

Greba feminista deitzeko erabilitako kartel bat.
Greba feminista deitzeko erabilitako kartel bat.

Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, greba egitera deitu ditu emakumeak Euskal Herriko mugimendu feministak. Iaz ez bezala, aurten 24 ordukoa izango da lanuztea. Egun osoko greba feminista izango da. Baina, zer da, baina, greba feminista bat?

Zalantzak argitze aldera eta grebaren aldarrikapenak zehazteko mugimendu feministak, kolektibo ezberdinekin elkartu ostean, dossier bat egin du grebarekin bat egiteko irizpideak azalduz.

Sei galdera nagusi eta sei erantzun jasotzen ditu idatziak, aurtengo Martxoaren 8ko Greba Feminista kontestualizatzeko.

Zer da Greba Feminista bat?

Greba Feminista «bizitzako esparru guztietan kokatzen da, soldatapeko zein doako lanetan» eta martxoaren 8an, transen, bolleren eta emakumeen bizitzak erdigunean jartzea da grebaren asmoa.


Iraultza feministak bizitza politizatzea exijitzen duela googora ekartzen du idatziak, egunerokoa borroka eremu gisa aitortuz. Horregatik, bost ardatzetan antolatu dute greba: pentsionista, ikasle, zaintza, enplegu eta kontsumo Greba Feminista izango da datorren martxoaren 8koa.

Zein da grebaren subjetua?

Emakumeak, bollerak eta transak, hau da, «heteropatriarkatuak zapaltzen dituen subjektuak» daude grebara deituak. Dossierrean argitzen dutenez, Greba Feministaren subjektu guztiak ez dira emakume bezala izendatzen eta emakume eta gizon kategoria patriarkalekin amaitu beharra dagoela uste du mugimendu feministak. Haatik, emakume* hitza erabiltzerakoan, heteropatriarkatuak zapaldutako subjektuak izendatu nahi ditu mugimendu feministak. Era berean, bollera eta trans nortasunak kokaleku politiko bezala aldarrikatzen dituzte.

Nork deitzen du greba?

Greba Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitzen du eta beraz, datorren martxoaren 8an hiri eta herrietan mugimendu feministak deitutako mobilizazioetan parte hartzera animatu dute eta ez beste eragile batzuk deitu dezaketen ekimenetan. «Ez dugu mugimendu feministaren borroka inor xurgatzerik onartuko, ezta honen erabilpen alderdikoi edo korporatibista interesaturik ere», argitzen dute idatzian.

Zer eskatzen da?

Aurten, zaintzaren gatazkari zentralitatea eman nahi dio mugimendu feministak eta beraz, bizitza sostengatzeko ardura kolektiboa aldarrikatuko du greba feministarekin. Zaintzaren «berrantolaketa soziala» galdegiten du horretarako, eta, bide horretan, ezinbestekoa deritzo paktu sozial berri bat. Finean, pertsonen zaintza zapalduen bizkar geratu ez dadin.

Era berean, indarkeria matxistarik eta heteroaraurik gabeko bizitza anitzak, bizitza prekarioen amaiera eta arrazakeriak eta gerrarik gabeko bizitzak aldarrikatuko dituzte.

Nola egingo da greba?

Aurreko urtean bezala, greba egiteko eta grebaren parte izateko hainbat modu egongo dira.

1. Lantoki eta ikasgeletan greba egitea.

2. Herri eta hirietako mobilizazioetara joatea.

3. Zaintzeari uztea eta, hori irudikatzeko, amantala balkoian eskegitzea.

4. Eskualde edo arlo konkretu batean greba antolatzea eta zabaltzea.

5. Besoko morea eta txapa ipintzea, grebarekin bat egiten dela adierazteko.

6. Kontsumo greba izanik ere, martxoaren 8an ez kontsumitzera deitzen du mugimendu feministak. «Greba Feministarekin eguneroko normaltasunarekin apurtu nahi dugu, hiriak, herriak eta auzoak geldiaraziz. Beraz, dena itxita egotea da helburua», diote idatzian.

Zein da gizonen papera?

Gizonen ardura nagusia zaintza lanak izango dira, eta ez mobilizazioetan parte hartzea. Beraz, grebarekin bat egin nahi duten gizonei norberaren eginkizunetarako egunak erabiliz, soldatapeko lana uztera animatzen ditu mugimendu feministak, eta negozio propioa izanez gero, haren ateak ixtera animatzen dute.

Mugimendu feministaren dossierra osorik: HEMEN.