NAIZ+

‘Irungo emakumeak plazara’, Historiak berriz ahantz ez ditzan

Ostegunean ikusiko du argia Parean elkarteak, Mertxe Tranche historialariarekin batera, egindako dokumentalak. Azken bi mendeetan Irungo herrian esanguratsuak izan diren zenbait emakumeren historia bildu eta argitara ematen du lan honek.

plazara
plazara

Lan baldintza duinen alde altxatu eta aldarrikapenak fabriketatik kalera atera zituzten poxpolo-egileak, Espainiako Estatuko talde onenetan aritutako Leire Landa futbolaria, emakumeak unibertsitatera sartzeko borrokan Victoria Kentekin batera aritutako Julia Iruretagoiena irundarra edota burgesen nahiak asez Irun-Donostia arte joan-etorria oinez egiten zuten mandatugileak dira ostegunean estreinatuko duten ‘Irungo emakumeak plazara’ dokumentalaren protagonistetako batzuk.

Berdintasunaren alde lan egiten duen Parean elkarteak ekoiztu du dokumentala, ondoan, baina, Mertxe Tranche historialari irundarraren ezinbesteko laguntza izan dute. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta herriko Udalaren laguntza ere izan dute bide honetan.

Ostegunean izango da estreinaldia, Irungo Oiasso museoan 19.00tatik aurrera. Dokumentala euskaraz ekoiztu den arren, gaztelerazko azpitituluak izango ditu eta kontziliazioan laguntzeko asmoz, haurtxokoa egongo da proiekzioak iraun bitartean.

Martxoaren 16an, paseo historikoa

Dokumentala baina, Irungo zazpi eskola publikoetako 9 eta 10 urteko haurrek ikusi dute dagoeneko, Parean elkarteko kideak eskolaz eskola ibili baitira egitasmoa aurkezten. Azaroan egin zuten ikastetxeetako bira eta, martxoa bitarte eskola bakoitza dokumentalean ageri den emakume baten inguruko lanean dihardu.

Lan horren emaitzek, martxoaren 16an egingo den paseo historikoan ikusiko dute argia. 11.00tan eta Irungo San Joan plazatik abiatuko da Mertxe Tranchek gidatuko duen ibilaldia eta ikastetxeek leku berezia izango dute bertan.