Ibardinen jokatuko da, urriaren 19an, Nafar Erresumako Krono Eskaladen finala

Euskal presoen sustengatuz, orotara 70 txirrindulari mugitzea lortu dute. Euskal Herriko zazpi probintzietako lagunak, baita kanpokoak ere. Adinari dagokionez ere anitzak. Hasiberriak eta Didier Zago eta Adèle Kerbaolen gisako kirolari esanguratsuak. Urriaren 19ko finalean, Ibardinen, Igor Astarloza txirrindulari profesional ohiak ere parte hartuko du. «Egun handia» izatea espero dute.

NAIZ|2019/10/01
Kronoeskalada
Larrainekoa izan zen azken igoera. (Georges SOUBELET)

Bost hilabete hauetan, Nafar Erresumako Krono Eskaladak antolatzea ez da lan erraza izan, aitortu dute antolatzaileek. «Baina oztopoz oztopo lortu dugu edo, hobeto esanda, urriaren 19an, Ibardingo finalean lortuko dugu».

Orotara 70 txirrindulari mugitzea lortu dute, pedalkadaz pedalkada euskal presoak sustengatzeko eta bake prozesua aitzinatzeko.

Partaideen «aniztasuna» baloratu dute. Lepoen bi aldeetako jendea batu eta «familia txiki bat» eraiki dute. Enpresa askok lagundu nahi izan dute.

Larraineko igoera

Larrainekoa izan zen azken igoera. «Zaila izan zen jende gehiago motibatzea Xiberuko lur ederretara eta 16 parte-hartzaile izan genituen». Emakumeen artean, Margaux Cabantous ur kiroletako triatleta izan zen Uthurzehetako lepoa igotzera animatu zen bakarra eta Nafarroko Margarita erregina izendatu zuten.

Didier Zagok irakustaldi ederra eman zuen eta Nafarroko Teobaldo lehena izendatu zuten. Bigarren lekuan, xiberutar bat, Marcel Erreçarret, eta hirugarren lekuan ur Kirolakeko beste triatleta bat, Baptiste Nava. «Ez dugu ahantzi nahi Jean-Marc Eyhareberry bere kategorian munduko txapeldunak emandako irakustaldia. Eskuineko eskua bakarrik erabilita Euskal Herriko mendikaterik zailena igo duen pertsona bakarra, bi ordu eta hogei minututan».

Adele Kerbaol, lehen postuan

Txapelketa orokorrari dagokionez, Adele Kerbaol dago lehen postuan, 40 punturekin, eta Didier Zagok eta Jean Markek 30 puntu lortu dituzte.

Finalean Mikel Astarloza txirrindulari ohiak parte hartuko du, iaz bezala. Eta sorpresak egonen direla iragarri dute. «Egun handia» izatea espero dute eta joatera gonbidatu dute.