Koronabirusak ez du Ordiziako azoka gelditu, baina bai hustu

Ekimen oro bertan behera geratzen ari den honetan, Ordiziako Udalak asteazkeneko azoka mantentzea erabaki du. Hainbat neurri hartuta eta soilik baserritarren eta bertako ekoizleen postuak mantenduz, guztiz ezohikoak izan dira gaur goizean herri gipuzkoarreko plazan ikusi diren irudiak.

naiz|Ordizia|2020/03/18
Ordizia1
Ordiziako azoka ez du koronabirusak gelditu, baina bai hustu. (Jon URBE / FOKU)

Ordiziako Udalak, asteazkenero egin ohi duen azokak «daukan bolumena eta osasun baldintza egokiak bermatze aldera» azoka Plaza Nagusi barruan dauden postuetara mugatzea erabaki du. Baserritar eta bertako produktuen ekoizle direnek soilik izan dute haien postua jartzeko aukera, 09:00etatik 12:00etara.

Kirola, kultur proposamenak eta bestelako ekimenak bertan behera geratzen ari dira aste hauetan, koronabirusaren aurkako neurri gisa. Aldiz, Ordizian, hala edo nola, asteazkeneko azoka antolatu dute. Hala ere, irudiak ikusita, zerikusi gutxi izan du ohiko egoerarekin.

Saltzaileak, bisitari gutxi izan arren, pozik agertu dira.

Lehen sektorearen «babesean» oinarritu du Ordiziako Udalak erabaki hau. «Ekoizleei aukera eman nahi diegu euren produktu galkorrak saldu ahal izateko, segurtasun neurri guztiak bermatuz». Era berean, plazako sarrera kontrolatu egin dute bertan jende pilaketarik egon ez dadin eta guztien segurtasun tarteak bermatu daitezen.

Toki bakarretik sartu eta irten dira bertaratu diren herritar apurrak. Bestetik, saltoki bakoitzeko saltzaile bakarra egon da eta 65 urtetik gora edo arrisku taldekoek debekatuta zuten plaza zapaltzea. Guztiek, ildo beretik, eskularruak erabili dituzte eta erosketa batetik hurrengora eskuak desinfektatu beharra zituzten. Postu berean bi lagun batera egotea ekidin dute, metro eta erdiko tarteak bermatu nahian.

Beraz, ekoizle eta baserritarrek zerbait saldu ahal izan duten arren, goizean Ordiziako azokan ikusi ahal izan diren irudiak guztiz ezohikoak izan dira, batez ere beste edozein asteazkenekin alderatuta.

Tolosa, bide beretik

Joan den larunbateko Tolosako zzoka bertan behera geratu zen, Koronabirusa dela-eta. Baina, larunbat honetan berriro antolatuko dute, 08:00etatik 13:00etara. Horretarako, segurtasun neurri berezien protokolo bat zehaztu du Tolosako Udalak, erosleei nahiz ekoizleei eragiten diena, Ordiziakoaren bide beretik. «Bertako ekoizleak babestu eta beren uzta hondakin bihurtzea ekidin nahi dira».

Orotara 27 postu izango dira, guztiak Zerkausian. Hau da, ez da posturik izango Euskal Herria eta Berdura plazetan. Postu bakoitza nori dagokion erabakitzeko, izena eman duten postu guztien artean zozketa egin da. Hortaz, posturik egokitu ez zaien horiek, hurrengo astera arte itxaron beharko dute.

Zerkausira sarbidea mugatua izango da, eta hori kontrolatzeko enpresa bat kontratatu du udalak. Sarrera Triangulo aldetik egingo da, eta irteera Napar Zubitik. Erosketa, berriz, bakarka egin beharko da, segurtasun tarteak mantenduz. 

Ekoizleek ere neurri bereziak hartu beharko dituzte. Esaterako, postu bakoitzeko ekoizle bakarra izango da, eta salerosketa bakoitzaren ondoren nahitaez eskuak garbitu beharko dituzte. Produktuak ukitzea ekidite aldera, ekoizleak arduratuko dira erosle bakoitzari eskatutakoa emateaz.