Zetak taldeak single berria kaleratu du: ‘Hegan’

‘Hegan’ izenburua du Zetak taldeak kaleratu duen single berriak. Gaztea irratiaren 30. urteurrenean, Pello Reparazen taldeak «oparia» egin nahi izan dio.

NAIZ|2020/07/01
Loading player...

Zetak taldeak single berria kaleratu du: ‘Hegan’. Gaztea irratiaren 30. urteurrenaren karira, «euskal irrati ikonikoari egiten dion oparia» da kanta, «batasuna ospatzeko soinu banda», euskaraz eta «Estatuko eszenan ate joka datorren single nostalgiko eta indartsua», taldearen esanetan.

Elektronika poparen zerbitzura eta popa elektronikaren zerbitzura jarrita, gizartean bere lekua aurkitzen ez duen bikote batez ari da abestia: «Elkarrekin zerua laztanduko dute». Askatasunaren bilaketa eta honen prezioa eta arriskua lantzen da bideoklip berrian.  

Abestia Pello Reparazek berak ekoitzi du eta Zetak-ek «artearekin eta bereziki ikus-entzunezkoarekin duen konpromisoa» nabarmendu du. Bideoklipa zuzentzeko «espainiar zinemako promesa handietako batek» izan du lagun, Pedro Artola asturiarra, Guitarricadelafuente eta Gabriela Richardson-entzat egindako bideoklipengatik ezaguna. 

2019an bere ibilbideari norabide aldaketa sakon bat eman eta euskarazko musika elektroniko proiektu hau sortu zuen Pello Reparazek. Hilabete gutxi batzuetan, artistak bere aurkezpen birako data guztietan sarrerak agortzea lortu zuen. Beronek ekoiztutako disko homonimoarekin debutatu eta bere musikarentzat bide berri eta berezia irekitzea lortu du. «Proiektu zaindu eta ausarta: Zetak zeresana sortzeko etorri da, adierazi du taldeak.

NAIZ Kontzertuak ekimenean ere parte hartu zuen Zetak-ek, Gatibu eta Nøgenen ondotik.