Edurne Bilbao, Mikel Urdangarin
IMHko komunikazio arduraduna eta Ahize-AEK hizkuntza aholkularitza

1.000.000

Ba al du merkaturik marka eta euskara lotzen dituen enpresak? Zenbat bezero potentzial ditu euskalduntasuna agerian duen produktuak?

M hizkuntza aholkularia da. Oporretatik etorri berria. Kanpora joaten denean atsegin du tokiko aniztasuna nola kudeatzen duten ikustea. Kaliforniara joan da eta han, ingelesaz gain, gaztelaniak ere hiztun asko ditu. Leku askotan, errotuluak bietara daude, eta zerbitzu askotan langileetako batek behintzat gaztelaniaz hitz egiteko gaitasuna du.

Bidaian sortutako bi hausnarketa partekatu ditu Mk IMHko euskara batzordean:

San Franciscoko bizilagunek ezagutzen eta estimuan dituzte euskaldunak. Hala adierazi dio batek baino gehiagok. Basque marka darabilten denda eta jatetxeak daude. Jende batek badaki horiek hiriko mapan kokatzen, baita jatorriko lurraldea munduko mapan ere.

Jatetxe horietako bateko arduradunak adierazi zion, hiri hori aukeratu zuela, Donostiara AEBtik oporretan joaten zirenen artean, gehienak bertakoak zirela ikusi zuelako.

Beste adibide bat da Mri apartamentua alokatu zion neskarena. Berehala egin zuen gustuko duen arropa markarekin lotura. Etiketak dio Basque Country (Spain) dela diseinuaren jatorria. Marka horrek hiru denda ditu han. Mk gustukoa du arropa hori. Bai Euskarari ziurtagiria du. Euskalduntasuna ez da munduan aritzeko oztopoa. Enpresek ere laguntzen dute Basque Country marka eraikitzen, eta jendea euskarara hurbiltzen.

South San Franciscon dagoen Basque Cultur Centerrak 78 bazkide ditu. Agian ez dira asko izango. Italiarren, eta, bereziki, txinatarren presentziatik oso urruti, baina hazia ereinda dago. Baliatuko al dugu? Zer egin dezakegu erreferentziala den horrelako hiri batek gure hizkuntza, kultura eta ekonomiarentzat lagungarria izan dadin?

Txinatar komunitateak eragin dio bigarren hausnarketa Mri.

Biztanleen %20 dira txinatarrak San Francisco hirian. Dendaz beteriko auzoa dute, eskolak, elizak… Hizkuntza ofiziala ez bada ere, atez ate zaborra biltzen dabiltzan kamioietan eta garraio publiko batzuetan errotuluak eta megafoniaz ematen diren oharrak hizkuntza horretan ere dira.

Beraz, Mri gogora etorri zaio komunitate bateko kideek dirua non eman erabakitzen duten neurrian, ingurunean eragin eta alda dezaketela.

Gurean ere hala izan da. Ikastolak, euskaltegiak… komunitateak jakin du behar zuena sortzen. Bestelako produktu eta zerbitzuei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak 2011 urtean egindako V. Inkesta soziolinguistikoaren emaitzen arabera 16 urtetik gorako 2.649.000 pertsonetatik 714.000 elebidunak dira eta 388.000 elebidun hartzaileak. Gutxienez, milioi bat bezero potentzial dituzte enpresek 20.000 Km² baino ez dituen eremuan. Agian, ez zaio palanka horri behar beste eragin, baina enpresa batzuek jakin dute baliatzen elikadura, jantzigintza, finantza-etxeak, telefonia… arloetan.

IMHko batzordeak interesgarritzat hartu du euskalduntasuna azalduta merkatuan arrakasta izan duten bi enpresa gonbidatzea urriaren 23an burutuko den aurtengo 30+10 Mintegira. Mahaiaren bueltan Argiako Onintza Iruretak euskal merkatuaz eta haien ibilbideaz galdetuko die Euskal Herria Esnea, Ternua arropa enpresa, eta branding arloan aritzen den AZK publizitate enpresaren ordezkariei.

Bilera bukatuta, etxerako garraioa hartu du Mk. Mugi txartelan dirua sartu behar izan du, eta aplikazioa gaztelaniaz baino ez dago oraindik. Pena arintzeko, gogora etorri zaio Sausalitorako ferryko txartel saltzailea. M nongoa zen jakin zuenean, haurrei euskara irakasten jarraitzeko eta erabiltzen jarraitzeko animo hitzak eskaini zizkion. Mri orain, irribarrea etorri zaio. 250 enpresa baino gehiago ari dira dagoeneko lanean, baina euskal hiztunen eskubideak bermatzera ez gara iritsi oraindik. Egingo dugu.

Bilatu