Ieltxu Orueta
LAB Aiarako idazkaria

100 greba egun Maderas de Llodion

Aiaraldeako langileoi berriro ere gure enpleguaren eta etorkizun industrialaren alde borrokatzea egokitu zaigu azken hilabeteetan. Ez da ez lehenengo ezta bigarrengo aldia azken urteetan erronka honi heldu behar izan diogula.

Kapitalaren diru gose ase ezina, zein instituzio nagusien utzikeria berdin jarraitzen badu tamalez ez da azkenengoa izango.

Berriro ere Aiaraldeko herritar eta langile klasea kalera atera behar izan gara gure enpleguaren defentsan. Oraingoan Maderas de Llodioko lantegia, langileak eta familiak dira protagonistak.

Maderaseko lantegiak 50 urte baina gehiago duen enpresa da, eta bertako langileen esfortzuagatik aurrera atera dena. Gogoan ekarri behar dugu, duela urte batzuk langile eta kooperatibistek lantegia aurrera ateratzeko egin zuten ahalegin berezia.

2018. urtetik Garnica multinazionala da lantegiaren jabea. Orain Garnicako zuzendaritzak ERE bat ejekutatu, Maderasen 35 kaleratze egin, enpleguaren zati handi bat suntsitu eta produkzioren ia erdia hemendik atera nahi du. Eta zergatik? Lana berrantolatu, beste lantegia batzuetara eraman eta diru gehiago irabazi nahi duelako.

Gainera Garnicak sortutako egoera guzti hau, irailaren 1ean inolako aurreabisu gabe eta era oso desegoki batean komiteari komunikatu zion. Aste gutxi batzuk lehenago lantegian normaltasun osoz lanean eta hitzarmenaren negoziaketa aurrera joaten ari zela.

Enpresak sortutako egoera honek, bertako lantegiaren etorkizun hurbila kolokan jartzen du. Eta Garnicaren ardura da etorkizuna izango duen irtenbide bideragarri bat mahai gainean jartzea.

Egoera guzti honen aurrean, bertako komitea eta langileek greba eta borrokari ekin zioten duela 100 egun baino gehiago, eta momentu zailak eta onak tarteko, borrokak bizirik dirau eta konponbide baten alde indarrak eta ahalegin guztiak egiten ari dira eta gara.

Greba eta borrokari esker, Garnica negoziatzera eseri behar izan da azken asteetan. Baina berriz ere negoziaketatik altxatzea erabaki du. Negoziatzen berriz eseri eta irtenbide bideragarri bat komitearekin negoziatzea da haien ardura. Eta nola ez, instituzioek ere honetan lagundu beharko lukete.

Bestalde, Maderas de Llodion ahalik eta enplegua eta produkzioa handiena hemen mantentzeko borrokak ez du soilik bertan lanean zuzenean dauden langile eta familien etorkizunarekin zerikusia (hori ere bai noski), Aiaraldeko eskualde osoaren enpleguaren eta etorkizunarekin lotuta dagoen kontua da. Mendi kudeaketa, egurgintza, garraioa, mantenua, garbiketa... ta beste hainbat enplegu daude honi lotuak. Baita langile guzti hauek eskualdeko ekonomian eta bizitzan egiten duten ekarpena.

Honen aurrean herritar eta langile askok kontzientzia hartu dugu eta dagokiguna defendatzeko hautua egin dugu. Nola ez ba!

Beste batzuek aldiz, azkenaldian ohikoa den moduan, txarto eta berandu erreakzionatzen ari dira. Bada garaia behingoz Arabako Foru Aldundia eta Eusko jaurlaritzak marketing-a alde batera utzi eta lanean jarri daitezela Aiaraldeko enplegu eta etorkizun industrialaren alde; eta oraintxe urgentziaz Maderaseko enplegua eta etorkizuna defendatuz.

Gu bitartean dagokiguna egiten jarraituko dugu, lanpostuak defendatzen eta Aiaraldeko langileriaren interesen alde borrokatzen. Oraintxe bertan hori delako eskualdeko etorkizunaren defentsan egin dezakegun ekarpen egokiena eta handiena. Maderaseko langileekin batera, bertako enplegua eta etorkizuna defendatzen jarraituko dugu.

2026an ere lan-gatazka honek irtenbide egokiena izateko lanean eta borrokan jarraituko dugu.

Bukatzeko, eskerrik beroenak eman behar diegu eskualdeko langile, komite, merkatari, eragile... guztiei Maderas de LLodioko langileen eta borrokaren alde egin dituzten keinu eta ekarpen guztiengatik.

Gora Maderaseko langileen borroka! Gora langile borroka eta elkartasuna! 

Aiaraldeko enplegua eta etorkizuna defenda dezagun!

Bilatu