Aitor Irigoien Odriozola
Enpresen Antolaketa Zuzendaritzan lizentziaduna

2016 amaierako apunteak

Badira urte batzuk Eduardo Galeanoren ‘Apuntes para el fin de siglo’ liburuxka irakurri nuela. Bertan, idazleak ordura arte idatzitako artikulu eta testu laburren bilduma topa zitekeen. Mende berria estreinatzekotan ginen hartan (ustezko modernitateaz, oparotasunaz eta garapenaz ahoa beteta), gauzak ondo egiten ari ote ginen eta benetan aurrera ote gindoazen pentsarazi zidan aipatu liburuak. Medio guztiek kontrakoa iragartzen ziguten arren, XXI. menderako jauzi (itzel) hura ez ote zen benetan XIX. menderako atzera buelta (makillatu) soil bat?

Liburuxka harekin akordatu naiz, urte amaiera honetako berri gordinak irakurtzerakoan:
Ameriketako Estatu Batuek (AEB) eta Errusiak gudaren xake jokoan jarraitzen dute. Odol hotzez, odolezko hitzez. Hildakoak pilatzen, herriak hilerri bihurtzen. Kasu honetan Sirian, milaka hilketa eta milioika errefuxiatu eraginez. Eta partidak amaierarik gabea dirudi, bi jokalariak suntsiketa eta mina eragiteaz inoiz ez direla aspertzen dirudielako. Eta noski, bien bitartean, armen negozioak milioiak ematen dizkielako, urruneko samina gertuko mozkina den heinean eurentzat.

Infernutik infernura. Siriatik ihes egitea lortu dutenei, Grezian, molotov koktelekin eraso baitiete eskuin muturreko taldeek. Eta honek botoak ematen dizkiela dirudi gainera… Hori aski ez eta bururik zein bihotzik gabekoen festara gehitu dira Europar Batasuna eta Turkia ere, errefuxiatuak Europatik kanporatzeko sinatutako akordioarekin. Lehenak bere balio eta nortasun krisia agerian utziz; bigarrenak Kurdistanen burutzen dituen guda ekintza larrientzat baimena erosiz.

AEBek, kanpora ez ezik, barnera begira ere indarra erakutsi behar tristea agertzen dute. Bertako poliziak herritar beltz zibilak erailtzen jarraitzen baitu, ohiko inpunitateaz eta agintarien babesaz. Beltz batentzat aski da aberiatu berri zaizun kotxearen motorra konpontzen ahalegintzea, atzetik tiroz josita amaitzeko. Gogotik saiatu arren, oraindik ere kosta egiten da Obamari Bakearen Nobel saria emateko arrazoi bakar bat topatzea…

Bitartean, Barack-en erreleboa hartzekotan da Donald Trump, etorkinen, homosexualen edota emakumeen aurka kanpainan egindako irainek botoak eman ostean… Irainduen zerrendara zendu berri den Fidel Castro ere gehitu du, diktadore gisa deskribatu baitu. Agian, estatubatuarren mundu mailako diktadura ankerrari aurre egin dion bakarrenetakoa izan dela ezkutatzeagatik. Beharbada, Trump bezalako milioidunek duintasuna eta justizia soziala bezalako hitzen esanahia ulertzeko duten zailtasunagatik.

Pertsona beltzak ez dituzte AEBetan soilik hiltzen, ordea. Gurean bertan, Iruñeko komisarian, senegaldar bat hil baita berriki. Zaila egiten zait AEBetako ia dena (eta bereziki txarra) kopiatzeko dugun joera zentzugabea onartzea… Eta hildakoaren kolorearen, jatorriaren edo kontu korronteko diru kopuruaren arabera gure gizartearen erantzuna zein desberdina den antzematea.

Poliziaren indarkeriaren eta inpunitatearen beste adibide bat ere gertukoa dugu: zoritxarrez hainbeste luzatzen ari den «Cabacas auzia». Zinez mingarria eta lotsagarria dena. Batzuek, begiak itxita, hemengo poliziak ez duela inor hil esaten jarraitzen dute, alabaina. Orduan, nork hil zuen etxetik futbol partida bat ikustera irten zen Iñigo? Hainbeste urteren ostean, kasua, errudunik gabe, artxibatzekotan dira…

Beste ikerketa batzuk azkarragoak eta eraginkorragoak dira. Altsasun, ordu txikitan taberna batean izandako borroka bat terrorismotzat jo dute, eta ustezko erantzuleak egun batetik bestera identifikatuak, atxilotuak eta espetxeratuak izan dira. «Egun, ez da begiratzen zer egiten den, nork egiten duen baizik», aipatu izan dit amak sarritan. Berriro ere, arrazoi eman beharko diot. Eta unibertsitatean nintzela, Zuzenbideko irakasle batek esan zigunaz oroitu naiz: «Justiziak ez du zertan juxtua izan».

Justizia aipatzen du estatuko presidenteak ere, bere izendapena justifikatzeko. Ustezko ezkerraren enegarren traizioa eta engainua ez ditu aipatzen, badaezpada ere. Eta Espainiako (ultra)eskuinarekin negoziatzeko prest agertu da euskal (zentro)-eskuina ere. Krisia gainditzen eta lanpostuak sortzen ari garela esaterakoan ere bat datoz PP zein PNV… Hain urrun, eta hain gertu…

Edinburgon izan nintzen azaroan, eta bertan bakarrik Estatu espainoleko 30.000 pertsona  daudela lanean aipatu zidaten.  Gau izoztuetako batean hostelerantz gindoazela, ezkerrera begiratuta, neska gazte bat ikusi genuen, eskean, lurrean dardarka, euritan blai… Eta handik 20 metrora, kalearen beste aldean, luxuzko hotel baten atarian, luxuzko limusina erraldoi bat, euritan distiratsu… Bi mundu desberdin, edo mundu beraren bi aurpegi, aurrez aurre… Hain gertu, eta hain urrun…

Gertakari hauek zein berauen aurrean dugun erantzun falta ikusita, Galeanoren liburuak duela hamasei urte planteatu zidan galdera berbera egiten jarraitzen dut. Eta erantzuna ez dut batere argi oraindik.

Bilatu