Gipuzkoako parrokietako laiko pastoraligilek
Abenduaren 14an, Arantzazura

Hamar urte da Donostiako Elizbarrutian Kontzilioko bidea moztu eta lau hamarkadetan eraikitakoa eraisten ari direla, Munilla gotzaina eta eragile arrotzak buru, hemengo Elizatik kanpo erabakita eta Gipuzkoako kristau elkarteari bizkarra emanez

2019/12/10

Dei bat heldu zaigu sarean eta ahoz aho dabilena, Gipuzkoako Kristauak taldearena: Arantzazun elkartzeko deia, Eukaristia batean, Arantzazun, Elizbarrutiko egoera dela eta. Gonbite horri baietz erantzun nahi diogu idazki hau sinatzen dugunok, Gipuzkoako parrokietan pastoralgintzan gabiltzan andre-gizon laikoak eta herrigintzan ari garenak.

Hamar urte da Donostiako Elizbarrutian Kontzilioko bidea moztu eta lau hamarkadetan eraikitakoa eraisten ari direla, Munilla gotzaina eta eragile arrotzak buru, hemengo Elizatik kanpo erabakita eta Gipuzkoako kristau elkarteari bizkarra emanez. Azkena zabaldu direnak Donostian bizitutakoa da, Familia Santuko eta Espiritu Santuko parrokietan, pastoralgileak eta apaizak baztertuta, hamarkadetako eliz lana eta ibilbidea mespretxatuz. Gotzain honek eta bere lantaldeak ikusi dugu zer Eliz eredu duten eta eragiten duten: klerikalismoa DNAn daramana, non parrokiak apaizarenak diren, elizbarrutia gotzainarena eta laikoak klerikoen azpian, hauei men eta amen, umeak bagina bezala. Ez ba, Eliza ez daukagu menderatuen eta menderatzaileen elkartetzat, Jainkoaren Herritzat baizik. Ebanjelioaren lekuko eta Jesu Kristoren jarraitzaile gisa, fededun heldu eta gizon-emakume aske izatera deituta gaude, eta ez dugu onartzen gotzain honen eta beretarren klerikalismoa eta inposizioa.

Gure historia errespetatzea nahi dugu, Elizbarrutian landu eta onartutako ‘Eliza Ebanjelioaren zerbitzura’ bide-orri Kontziliotarra aintzat hartuz, Setien gotzainak berea egina orain 20 urte. Bertan zera irakur dezakegu: «Gure Elizak gehiago garatu nahi du laikoen partaidetza eta erantzukizuna koordinaketa- eta zuzendaritza-lanetan, gure indar ebanjelizatzailea ahuldu besterik egiten ez duten fidakaizkeriak edo iheskeriak gaindituz» eta «Gure elizbarrutian emakumeak dagokion aitormena izatea nahi dugu, balioztatua eta onartua izatea, inolako bereizkeriak gabe». Uriarteren gotzain aldian Gipuzkoako laiko konprometituei galdeketa egin zitzaien beren egoera eta iritziak jakiteko, 8.000 emakume-gizonek erantzun zutena; ondoren, Pastoral Barrutiak eraikitzen hasi ziren, 200 laiko izendatuz kristau elkarteetako arduretarako. Horra guk nahi eta bultzatutako Eliza, Ebanjelioa bizitzeko eta gure herriari eskaintzeko, orain Frantzisko aita santua bera berresten ari dena, aldiz, gotzainak eta bere taldeak erasotzen dutena, itxura guztien arabera ebanjelio-zerbitzuarekin zerikusirik ez duten interesengatik eta gure elizbarrutitik kanpoko ildo eta erabakiak jarraituz. Ebanjelioa bizitzeko era anitz dago baina dena ez da balekoa. Ezin dugu eraman Jesusen espirituaren antipodetan dagoen gotzaina eta behartzen ari den Eliza atzerakoia, non gotzain-boterearen abusua gailentzen zaion zerbitzu jarrerari; non negozioa eta «dirua egitea» diren gakoa, pobreentzako Elizaren keinu eta ekintzak beharrean; non manipulazioa eta gezurra nagusitu diren, egiari errespetua ordez; eta hobetsia dirudien gure herrian errotutako Elizak baino Gipuzkoan arrotza denak.

Ohituta gaude herriari dagozkion gauzetan erabakitzen. Boto eskubidearen jabe gara eta horrek nortasuna ematen digu gainerako herritarrekin arduradun izanez; maiz lan egiten eta erabakitzen dugu taldean, elkarrizketaz eta, nahiz eta kosta, amore emanez. Urrun eta herren nabari dugu gotzain honen Eliz ikuskera kultura parte hartzaile eta demokratiko honetatik. Hortaz, kapaz al da oraingo erronkei egungo andre-gizonek ulertzeko moduan erantzuteko, eskaintza zentzuzko eta ebanjelikoz? Moralismo zorrotza eta hotza astintzen maisu ageri dena Ebanjelioko errukia eta gizatasuna beharrean, nola izango da gai kristau elkarte bateko buru izateko? Nola antzemango du inork Nazareteko Jesusen espiritua Gotzaindegia hotel bihurtzea erabaki duen gotzainagan eta bere Elizan, nahiz eta Gipuzkoako mila pastoralgile, erlijiosa eta apaizek esan ez egiteko halakorik… Nekez.

Demokraziaren egoeraz mutu dagoela dirudi gotzainak, ahotsa off, nahiz eta zuzenean eragiten digun politikan eta giza eskubideetan gertatzen ari denak kristau eta herritar gisa, elkarte eta herri gisa. Badirudi gotzain honen agendatik kanpo dagoela migrazioa, Europako eta Ameriketako mugetan, baita Irungo zeharbidean, etorkin-errefuxiatuei laguntzea zigortuta dagoen arren eta pertsonak itsasoan erreskatatzea debekatuta. Idazki hau amaitzear, Aita Marien azken ordua Mediterraneotik: 78 pertsona erreskatatu dituzte Libiako infernutik ihesi noraezean zebiltzala, Gobernu espainiarraren ezezkoari aurre egin eta naufrago bila joanez; ez dauzkate ahaztuta Frantzisko aita santuaren adore hitzak, «jarrai lanean», ezta Gipuzkoako zenbait parrokiaren elkartasuna ere… Eta gotzainak zer? Ez du askorik altxa ahotsa aukera izan duenean. Gehiago nabari dugu Jesusen Berri Onarekiko sintonia Elizbarrutiko kristau elkarte apal eta bizietan nahiz erakunde eta gizarte-ekintzaileetan. Tristea da eta larria, eskandalagarria, baina hala sentitzen eta pentsatzen dugu. Gotzain honek ez du bere egin Donostiako Elizbarrutian landutako nortasun ebanjelikoa. Alderantziz, milaka kristau gipuzkoarrek urtetan eraikitako Eliza ea eraisten duen dabil jo eta su, Elizbarruti hau Kontzilioaren aurkako arrastotik ateratzeko. Hala, gotzaina bera dugu zatiketa-sortzaile eta sufrimendu-eragile Gipuzkoako Elizan.

Gurutze-bide honetan, alabaina, ez dugu etsitzen. Abendualdian gaude, Jesusen Jaiotzaren zain. Jainkoak ez gaitu bakarrik uzten eta sufrimenduaren ezinean sortzen zaigu itxaropena Ebanjelioaren bizipenetik. Esperantzari arnasa emateko otoitz egin nahi dugu, elkarturik, Jesusen Azken Afaria ospatuz eta bere etorrerarako prestatuz. Horretara goaz Arantzazura abenduaren 14an, 11.00etan izango den Eukaristiara. Gonbidatuak gaude kristauak eta gure herriari zerbitzu ebanjelikoa eman dion Eliza estimatzen duen hainbat eta hainbat gizon-emakume, elkartasuna adierazi nahi duen oro. Pozgarria eta pizgarria da deia, zinez beharrezkoa, fedea sendotzeko eta batasun bizipena berritzeko, hain zauritua eta hautsita dagoen gure Elizbarruti maitearen alde otoitz egiteko, hain gurea dugun Arantzazuko santutegian, frantziskotarrekin batera. Arantzazun elkartuko gara. Goazen!

Artikuluak
Patrizia Vélez y Urtzi Errazkin
2020/01/23
Uxue Lasa Villa y Araceli Montes Calvo
2020/01/23
Mikel Noval
2020/01/23
Gutunak
Manu Ballesteros
2020/01/23
Enric Vivanco Fontquerni | Barcelona
2020/01/23
Javier Orcajada del Castillo | Bilbo
2020/01/23
Aitor Leiza Alberdi | Arkamurka, Zarauzko Natura Elkartea
2020/01/22
Azken post-ak
Martin Garitano
2020/01/22
Martin Garitano
2020/01/21
Fito Rodriguez
2020/01/18
Koldo Campos
2020/01/18