Koldo Zarate eta Urko Aierbe
Euskal Herrian Euskaraz-eko kideak

Abenduaren 6an euskararen errepublika

Euskararen Errepublika independentea eskuratu behar dugu ezinbestean. Horrela soilik lortuko dugu Euskal Herri euskalduna berreraikitzea.

Abenduaren 6a espainiar Estatuaren konstituzioa bozkatu zeneko eguna da, jakina denez. Hamaika auzi arautzen du konstituzio horrek, baina hizkuntzei dagokienez, hitz bakar bat, «deber», aski da mendeetako zapalkuntzari eutsi eta etorkizunean iraunarazi nahi izateko. «El castellano es la lengua española oficial del Estado. Todos los españoles tienen el deber de conocerla y el derecho a usarla». Eta kito! Erabiltzeko eskubidea, baina ezagutza derrigorrezkoa. Esaldi hori ez da hitz huts multzoa, dena eusten duten orrietan idatzitako letra multzoa. Esaldi horren filosofiak blaitu du azken mende erdian espainiar Estatuak sortutako gorputz juridiko guztia, instituzio guztien hizkuntza-politika, epaitegien epaiak, eta, eragile politiko zein bestelako gehienen hizkuntza-praktika. Armadura horrek guztiak tinko eutsi dio espainieraren nagusigoari eta, horren kaltetan, euskararen (eta Estatuko gainontzeko hizkuntza gutxituen) mendekotasunari. Hori ere lotuta eta ondo lotuta utzi zen.

Esaldi horren ondorenean, konstituzioan estatuaren mendean dauden gainontzeko hizkuntzak aintzat hartzen dira, baina espainiar hizkuntzak (omen) diren heinean. Konstituzioak espainiartasunaren zakuan sartzen du gure hizkuntza eta horren bidez soilik onartzen zaizkigu eskubide batzuk (euskara erabili ahal izateko aukera sabai jarrita). Estatuko botereek eskuzabalki eskaintzen dizkiguten dohaintza gisa ulertzen dituzte eskubide horiek, ondorioz espainieraren lehentasun estatusari subordinaturik diren eskubideak.

Antzeko hausnarketa egin genezake frantziar Estatuko konstituzioan esaten denaz: «La langue de la République est le français». Eta kito! Beherago adierazten da: «Les langues régionales appartiennent au patrimoine de la France». Frantziaren osagai apaingarri bitxi izango balira bezala; ez jatorrizko herrien berezko hizkuntzak. Biek ala biek sentimendu eta jarduera inperialista eta kolonialista berbera. Biak ala biak mendean dituzten herri eta hizkuntzak desagerrarazteko mendez mendeko supremazismo erreforma ezinean.

Espainiar eta frantziar estatuen jazarpen linguizida horrek XX. mendean euskara ia desagertzeko zorira eraman eta gero, azken mende erdian euskaltzaleok egindako izugarrizko ahaleginari esker euskara galzoritik ateratzea lortu dugu eta ostutako lurraldeak eta funtzioak neurri batean berreskuratu ditugu. Baina euskarak ez du etorkizuna ziurtaturik. Ez etorkizuna, ezta orainaldia ere, euskara ez baitago normalizaturik eta euskaldunok ezin baikara osoki euskaraz bizi.

EHEren ustez, egungo hizkuntza-politikek eta marko juridikoek eman behar zutena eman dute eta bestelako marko juridiko batera jauzi egiteko unea dugu. Zerumugan azaltzen ari diren erronka eta mehatxuei gutxieneko bermeekin aurre egin ahal izateko eta estatuen etengabeko inposizio linguistikotik euskaldunak babesteko ezkutua eraikitzeko, ezinbesteko baldintza burujabetza osoa eskuratzea dela uste du EHEk. Hau da, inolako kanpo esku-hartzerik gabe Euskal Herrian soilik erabaki behar dugula zer nolako hizkuntza-politika garatu nahi dugun berton. Horretarako, Euskararen Errepublika independentea eskuratu behar dugu ezinbestean. Horrela soilik lortuko dugu Euskal Herri euskalduna berreraikitzea.

Urtez urte abertzaleok adierazi dugu abenduaren 6a bezalako egunetan ez dugula ezer ospatzeko. Alderantziz, egun horiek mobilizatzeko egunak izan dira, gure eskubideak aldarrikatzeko egun. Horretarako gonbidapena egiten dizue Euskal Herrian Euskarazek abertzale eta oro har euskaltzaleei urte honetan ere. Abenduaren 6an Durangoko kaleak bete behar ditugu, euskalduna, askea eta berdinzalea izango den Euskararen Errepublika aldarrikatzeko.

Bilatu