Itsaso Bengoetxea eta Maite Velasco
EH Bildu

Abortua ez omen da osasun afera!

Darpon jaunak, Gasteizko legebiltzarrean, Madrildik inposatu nahi diguten abortuaren lege berriarekin desadostasuna adierazi ondoren, «abortuaren eztabaida etikoa dela eta ez sanitarioa» esan du, «osasungintzaren papera teknikoa besterik ez dela, eta eztabaida gizarteari dagokiola».

Hala ere, «autogobernuak aukera ematen duen heinean, epeen legea defendatuko» omen du; hori bai, badaezpada ere, aldez aurretik garbitu ditu eskuak, joko eremu horretan esku-hartze handirik ez dagoela onartuz. Horri guztiari zera gehitu dio: PPk gehiengo absolutua duen «kongresuko eztabaidari balioa eman behar zaiola». Nafarroako Gobernutik, aldiz, Vera andreak «legea betetzera mugatuko dela» besterik ez du esan.

Osasun eskubidea giza eskubidea da, eta eskubide horren barruan, sexu eta ugalketa osasuna kokatzen dira. Abortua barne. Hala adierazi eta defendatzen dute Nazio Batuen Erakundeak, (Populazio eta Garapen biltzarra - Kairo 1994- eta Emakumearen munduko 4. Biltzarra -Beijing 1995-) eta Europako Kontseiluaren Legebiltzarrak (1607. ebazpena -2008-).

Osasunaren Mundu Erakundeak zera argitaratu du: Abortuaren debeku legediek ez dute abortu tasa murriztea lortzen; aldiz, abortu arriskutsu eta berantiarren tasa modu esanguratsuan igotzen dute. Abortua, segurua izan dadin, ginekologo batek egin behar du, araututako osasun zentro batean, haurdunaldiaren ahalik eta aro goiztiarrenean.

Horren harira, OMEk eta ‘The Lancet’ aldizkariak zera argitaratu dute: Mundu osoan zehar 19 milioi abortu arriskutsu egiten dira; horietatik 5 milioitan mota bateko ala besteko konplikazioak ematen dira eta konplikazio horien ondorioz, 50.000 eta 68.000 emakume artean hiltzen da urtero. Eta bai, egungo Osasun Sisteman abortu arriskutsuen konplikazio ugari artatu genituen aurreko lege murriztailea jardunean zegoela. OMEren azterketen arabera, gainera, abortu seguruak egitea, abortu arriskutsuen ondorioak artatzea baino merkeago da.

Madrildik inposatu nahi diguten legearen ondorioz, abortua Osasun Sistema publikotik aterako da eta, horrek, abortua garestituko du... Honek ez al du osasunari dagokion ekitate printzipioa urratzen? Non geratzen dira unibertsaltasun, doakotasun eta irisgarritasun printzipioak?

Abortua Osasun Sistema publikotik ateratzean, ez al da urratzen ugalketa-osasunaren artatze integrala? Eta Madrildik inposatu nahi diguten lege horrek errespetatzen al du osasun arreta pertsonengan oinarritzea?

Debate etikoak, irizpide ideologikoak, sinismenak eta banakakoaren balore eskalak (oso desberdinak, anitzak eta denboran aldakorrak) errespetagarriak eta errespetatuak dira banakakoaren osasun atentzioan; horrela behar du. Baina oso bestelakoa da irizpide etiko eta ideologia konkretuak osasun-arretaren irizpide orokor bilakatzen direnean. Emakumearen ugalketa eskubidea giza-eskubidea da eta Osasun Sistema eta osasun-arreta Zientzian eta giza eskubideetan izan behar dute oinarri; ez beste ezertan. Zientziak ez du inondik inora frogatu enbrioiek bizitza dutenik eta haurdunaldiaren 24.astean ezarri du zientziak fetuen bideragarritasuna.

Psikiatrak gaixotasun mentalak diagnostikatu eta artatzeko espezialistei eman diete ardura, baina ez dagokie beraiei gogoz kontrako haurdunaldi eta erditzeak emakumearen ongizate psikikoan sor ditzakeen kalte psikikoak peritatzea, ezta horren arabera emakumeak hartutako erabakiaren justifikazioa egitea. Madrildik inposatu nahi diguten legeak profesioan injerentzia onartezina da. Ginekologoak dira abortu seguruak egin eta arriskutsuak ekiditeko gai direnak. Beraiei dagokie erantzukizun hori. Madrildik inposatu nahi diguten legeak osasungintzako profesionalak kriminalizatu eta delitugile bilakatzen gaitu, kartzela zigor eta gaitasungabetze profesionala ezarriz. Osasungintzako profesionalak pazienteen giza eskubide eta osasun zientzien menpe egin behar dute lan eta ez Gobernura iristen den alderdi baten edo bestearen ideologiapean.

OMEk, kontrazepzio erakundeek, ginekologo eta psikiatren elkarteek, lege horrek osasunean eta osasungintzan duen eragina dela eta, hainbat adierazpen egin dituztenean, kezkagarria da emakumeen osasuna eta Osasun Sistemaren oinarrizko printzipioak defendatu behar dituztenei, osasungintza bera eta osasun-profesionalak kriminalizazio eta injerentzia ideologikoetatik babestu behar dituztenei, alegia, Osasun sailburuei, entzun dizkiegunak entzutea eta, euren erantzukizuna alde batera utzi nahian, abortuaren gaia osasun-eztabaidatik aldentzen saiatzea.

Darpon jauna eta Vera andrea: osasun sistema publikoaren defentsaren sinesgarritasuna inplikazio eta erantzukizunaren bidez irabazten da.

Gizarteri, berriz, eskubideak defendatzeko ardura dagokio, eta horretarako aukera larunbatean izango du Iruñean, abortatzeko eskubidearen alde Euskal Herriko mugimendu feministak antolatutako manifestazio nazionalean.

Bilatu