Juan Martin Elexpuru
Idazlea eta filologoa

Abstentziora jo duen lagun baten gogoetak

Jende askok emozioaren arabera bozkatzen duela, haizea nora botoa hara, sare sozialak eta La Sexta, Podemosen tsunamia, EH Bilduren arazoak jokaleku zailera egokitzeko... Eta abar. Hau guztia horrelatsu izanik ere, iruditzen zait azalean geldituko ginela eta geure burua engainatuko genuela koalizioa begirada zorrotz eta kritikoz epaituko ez bagenu.

Neurriak hartzen ez badira, harri berean egin dezakegu berriz estropezu, eta muturrekoa ez da txikiagoa izango. Hona hemen aspaldion adiskideak nonahi egin ohi dituen baten gogoetak.

Aitorpena, hasteko: nire bizitzan lehen aldiz abstenitu naiz hauteskundeetan. Eta arrazoi nagusia, Gipuzkoako zerrendan joan den bigarren hautagaia (Arabako senatu zerrendaburuak ere izan du zerikusia)). Duela lau urte bozka eman nion Opus Deiko kideari, baina azkena!, esan nuen. Pertsona errespetagarria eta jatorra izango da, baina nire botoarekin ez da berriz sekta atzerakoi eta klasista bateko kide numerarioa irtengo, abortuaren legearen eta homosexualen ezkontzaren aurka dagoena, esaterako. Gainera jakinda lekua kendu diola Madrileko gorteetan bozeramale fina izan denari; eta Araban huts egin ondoren, bere alderdiak inposatu duela Gipuzkoan, kuotak direla eta.

Honek EH Bilduren barne antolaketa ezbaian jartzera garamatza. Orain dela lau urteko bidegurutze politikoan egokia eta emankorra gertatu zen lau alderdiz osatutako koalizioa. Baina orduan ere ikusten zen ezin zela denbora luzerako izan. Alderdi bakoitzak bere ehunekoa du eta bere hautagaiak ezarri ohi ditu portzentajeren arabera, nahiz eta askotan egokienak ez izan. Honek, ia ezinbestean, kargu nagusietan aparatuko pertsonak jartzea bideratzen du, balio handiagoko beste batzuen edo independenteen kaltetan. Kontua da eredu honek ikaragarri zailtzen duela erabakiak hartzea, mezu garbiak zabaltzea, lider karismatikoak sortzea, barne demokrazia lantzea. Inertziaz edo, eutsi egin zaio egiturari orain arte, nahiz eta "frente zabala" delakoaren hotsak entzuten diren noizean behin. Betor fronte zabala, betor barne demokrazia handiagoa, eta desegin bitez lau alderdiak; Ahal Dugu eta CUP-en antolaketa ereduetatik ikasi daiteke zerbait, nahiz eta mimetikoki kopiatu beharrekoak ez izan.

Kataluniako olatu independentista gero eta handiagoa zela ikusita, pentsa zitekeen geuk ere harrapatuko genuela olatu hori, baina garbi dago ez dugula haren gainean surfeatzen asmatu, pasatzen utzi diogula. Zergatik egin da hain pedagogia gutxi gaiaren inguruan? Hitzaldiak herrietan hango liderrak ekarrita, produktu katalanen azokak, esteladak balkoietan, "manifestazio nazionala" Kataluniako independentziaren alde... Eta etxera begira, independentziaren onurak ekonomian, kulturan, hizkuntzan, autoestimuan... Katalunian eta Eskozian egin den bezala. Berehala ikusi zen jeltzaleak aurka zeudela, baina ezker abertzalearengandik gehiago espero zitekeen. Zergatik lagundu diguzue hain gutxi?, izango da independentista katalan askoren galdera kexatia. Dena dela, prozesua hasi besterik ez da egin eta izango dira aukerak okerrak zuzentzeko.

 Alde bakarreko erabakiz gelditu ziren armak duela lau urte. Horrek arnasa handia eman zion ezker abertzaleari; ikusi besterik ez dago ondorengo hauteskunde emaitzak, historiako onenak. Baina lau urte luze igaro dira eta zikloa ez da itxi, armagabetzea ez da gauzatu, erakundea ez da desegin. Garbi dago ez dela erraza horrelako prozesu bat bururaino eramatea hainbeste preso eta erbesteratu egonda, eta are gehiago estatuaren aparatuek oztopatu eta izorratu besterik egiten ez dutenean. Baina galdera da, zeini egiten dio mesede egoera hainbeste luzatzeak? Niretzat garbi dago; estatuari; eta kalte, ezker abertzaleari; handia, gainera. Zergatik ez behingoz bukatu de facto bukatuta dagoena? Begi-bistakoa da hurrengo pausoak ere alde bakarrekoak izan beharko dutela. Eta horrek ez lioke, nire ustez, inolako kalterik ekarriko presoak hurbiltzeko eta kaleratzeko borrokari.

Bakoitza bere zoroak bizi ei du, ni behintzat bai. Hurrengo gogoetak ez daude ezker abertzaleari zuzenduta soilik. Herri akonplexatu baten irudia ematen dugu gero eta gehiago, autoestimu falta ikaragarria sumatzen zaigu. Zertarako Etnografian edo Historian sakondu? Aurrera begiratu behar da, jendearen borondateak egiten du nazioa, iraganak bost. Hain goraipatua den memoria historikoa 36ko gerrateraino heltzen da. Hori da modernoa izatea, errealitatean bizitzea. Egungo Euskal Herri osoa eta gehiago hartzen zuen erresuma izan genuen hainbat mendez, Nafarroa, baina hori gogora ekartzen duten historialari eta ekintzaileak irribarre burlatiz hartzen dira maiz. Beste hainbeste Araba aldeko hiri zahar batean agertu ziren idazkun ofizialki faltsuak benetakoak direla frogatzen saiatzen direnak. Friki-mistikoak.

Euskal telebistak dokumental bat egin du ondorengo tesiarekin: Erdi Arora arte Pirinio hegoaldean ez da sekula euskaraz egin. Tesi azientifiko, gezurti eta ideologikoagorik nekez, baina gure Historia eta Filologia fakultateetatik ez du erantzun bakarra jaso. Beti uste izan da euskara dela Europako hizkuntza zaharrena, baina orain gure filologo gazteek zein oker geunden erakusten digute: hizkuntza guztiek dute antzinatasun berbera. Gurea hizkuntza berezia dela esaten bada, baa!, ez hainbeste, hizkuntza eranskariak ugari dira munduan, eta ergatiboa dutenak ere hainbat. Eta euskararentzat kaltegarria ei da oso kanpotarrei gure hizkuntzaren antzinatasuna edo jatorri iluna saltzea. Enpin.

Ez dut euskarari, euskal kulturari eta kulturgileei ematen diegun tratu ankerraz ezer esango, Pako Aristiri irakurri. Azukre koxkorra bezala urtzeko arriskua dugu inguruko erdal itsasoan. Gauza hauetan sinesten dugunon lana, kemena eta ausardia beharko dira honi buelta emateko, herri independente, euskaldun eta igualitarioa eraikitzeko. Zeregin hau, jakina, ez da ezker abertzalearena soilik, baina ezker abertzale politiko indartsurik gabe jai daukagu.

Bilatu