Beatriz Arana, Josu Pikabea, Terexa Etxeberria, Amaia Gutierrez, Lucie Peron eta Stella Zunda
Amankomunak sareko partaideak

Afrika askatu kolonialismoa suntsituz

Afrika kontinente txiroa den ustea ustela da. Aipatu ondasunez gain, urrea, diamanteak, uranioa etabarrak, estatu kapitalisten altxor ezkutuak, gordetzen ditu Afrikak sabelean. Siderurgia, telekomunikazio, espazio, farmazia, elikadura eta armagintzaren oinarrizko osagaiak dira. Gure sistema agro-tekno-industrialak baliabide lapurreta eta esklabotza behar ditu statu quoa mantentzeko. Afrikar pertsonei hesiak altxatzen dizkiegu, baina afrikar ondasunei alfonbra gorria jartzen diegu.

Oinez abiatzen dira sorterria eta laztanak atzean utziko dituztenak. Oinez, zailtasunak, bortxaketak, lapurretak, bahiketak, eragozpen burokratikoak eta lagunak eta irribarreak ere aurkituko dituzte. Oinez zeharkatuko dituzte mugak, herriak, hiriak, basamortuak, errekak eta mendiak, euren kontinentea utzi baino lehen. Oinez iritsiko dira gaindiezina irudituko zaien ur hesira. Oinutsik itoko dira, haietako asko, itsasertzean. Beste batzuk, zorionekoak, hondartzaratu egingo dira, igerilari zurien harridurapean.

Penintsulako zorua zapaltzean oztopo lasterketari hasiera emanen diote afrikar iritsi berriek. Hamaika harresi berrik, fisikok eta burokratikok, ibilbideari jarraitzea galaraziko diete esklabotza garaian ozeanoa galeretan zeharkatzen zutenen oinordekoei. Garai hartako galeoien jabeak, halaber, gaur egungo harresiak altxatzen dituztenen arbasoak dira. Enpresariek eta politikariek ederki dakite inongo eskubiderik ez duten paperik gabekoak edozein lan egiteko prest dauden esklabo berriak direla.

Gure bizimodua neokolonialismoaren korapiloaren erdian dago. Etxea koloreztatzen duten loreak kenyarrak dira; sakelakoa pizten duten kolunbita eta tantalita, Ruanda eta Kongokoak; azenario «kosmetikoa» apaintzen duen fosfatoa, sahararra; gure berogailua pizten duen gasa, Aljeriakoa; eta platerean dugun xerra, Etiopiakoa. Afrikako ondasunak, horiek bai gure bizilagunak!

Batzuen pribilegioek beste askoren eskubideen ukazioa dakarte eta biek batera, paradoxa gordinak. Somaliako arrainak gurean daude salgai, baina itsasertzeko uretan itotzen den somaliarra da arrainen elikagai. Turistak Kamerungo muga ziztuan desagerraraziko du dirua eta pasaportearen poderioz, baina Kamerungo lagunak Melillako hesiaren goiko aldera igotzea lortzen baldin badu, labanen hoztasuna ezagutuko duenez, ez du beste inoiz mahuka motzeko kamiseta jantziko. Nigeriatik dator, Shell-en eskutik, autoentzako  olioa. Bertan akabatu zuen Shellek Ken Saro Wiva Ogonia, multinazional honen aurka borrokatzeagatik.

Afrika kontinente txiroa den ustea ustela da. Aipatu ondasunez gain, urrea, diamanteak, uranioa, kromoa, kobaltoa, manganesoa, titanioa, kobrea, bauxita, germanioa, radioa, eztainua, goma arabigoa, europioa, niobioa eta forioa, estatu kapitalisten altxor ezkutuak, gordetzen ditu Afrikak sabelean. Siderurgia, telekomunikazio, espazio, farmazia, elikadura eta armagintzaren oinarrizko osagaiak dira. Gure sistema agro-tekno-industrialak baliabide lapurreta eta esklabotza behar ditu statu quoa mantentzeko. Afrikar pertsonei hesiak altxatzen dizkiegu, baina afrikar ondasunei alfonbra gorria jartzen diegu.

Ondasunak ez dira oinez etortzen. Merkataritza librearen aginduei jarraituz, multinazionalek salgaiak munduan zehar aske garraiatzeko eskubidea dute. Hori bermatzeko, CO2 isurketak eta uraren eta lurraren suntsiketa areagotzen duten azpiegiturak eraikitzen dituzte nonahi. Horiek motordun mugikortasuna errazten duten heinean, lurraldea zatikatu eta oinezkoon urrats askeak oztopatzen dizkiguten hesiak dira. Eta, nola ez, migratzaileen eskulan merkeak eraikitzen ditu, noski!

Gure armekin piztutako edo elikatutako gerretatik ihesi datozkigunek jatorrizko kulturarekin aberasten gaituzte. Kapitalismoaren muina dagoen kolonialismoak, ordea, menpeko egiten gaitu. Migratzaileekin sareak harilkatzea eta kapitalismoarekiko loturak haustea buru-askatasunerako urratsak dira. Munduko oinezko guztiak aske ibil eta bizi gaitezen antolatzea multinazionalen, G7koen eta eskuin muturraren aurka egin dezakegun borrokarik eraginkorrenetariko bat delakoan gaude.

Amankomunak sareak hiruhileko topaketak otsailaren 23an eta 24an egingo ditu Irungo Lakaxitan. Bertan harresirik gabeko mundu bateranzko urratsak elkarrekin egingo ditugu.

Bilatu