Jaione Ugalde
Hiru sindikatuko kidea

Agian, bidesariak

Lehengo astean Etzegarateko bidesariaren aferak kapitulu berri bat eskaini zigun: jada badakigu non eta nola ezartzeko asmoa duen Gipuzkoako Aldundiak sistema. Hasiera batean Etzegarateko bidesaria zirudiena, orain, Irun, Andoain eta Etzegarateko bidesarian bilakatu da.

Guretzat, dudarik gabe, gipuzkoar nahiz euskal garraiolarioi ekonomikoki nola jardungo digun da garrantzitsuena, izan ere, gauzak dauden bezala, modu honetako neurriek euskal garraioa amildegirantz pixka bat gehiago bultzatzen baitute. Baina badirudi, era berean, nahasturik gabiltzala. Garrantzitsuena ez da arku horietatik egunero iragango diren ehunka euskal garraiolari zein egoeratan geratuko diren; garrantzitsuena, arkupeak ezartzea nori bururatu zitzaion da, nork jasoko duen diru gehiago, nork ezarri zion sistemari izena.

Azken urteetan Aldundiaren buru izan diren bi alderdi politikoei bost axola izan zaie euskal garraioa. Ordaindu egin behar da eta kito. Biek esaten zuten ahalik eta kalte gutxien egiten saiatuko zirela, baina ezartzeko momentua iristean, hara! Amnesia.

Bilduren garaian, Arkupe sistema aurkeztearekin batera, honako datuak ematen zituzten: ordainduko zutenen %28a garraiolari europarrak ziren; % 24a, gipuzkoarrak, eta %48, Hego Euskal Herria eta Estatu espainiarrekoak. Baliteke, euskal garraiolariak zenbat ziren zehazki ez esatearen arrazoia benetan sektorean egingo zuten kaltea ezkutatzea izatea, baina argi dagoena datu hauen arabera, bertakook izango ginela gehien ordainduko genuenak da. EAJkoek, kanpokoek ordaintzeko ezarriko zutela sistema zioten. Hauek ere argi daukate ez dela horrela izango: maiztasun kontuengatik, euskal garraiolariak izango gara gehien ordainduko dugunak. Badakigu. Badakite.

Orain, beraien arteko eztabaida hauxe da: norena izan den ideia, zein izan zen lehena, kopia bat den edo originaltasunez betetako ideia bat. Lehengo eta oraingo aldundietako jaun andreak, guri, Euskal Herriko garraiolarioi, berdin zaigu nork ezarriko duen domina. Guretzat garrantzitsuena, zuentzat izan beharko lukeen moduan, herritarrak garen heinean, euskal garraio sarea zein egoeratan geratuko den da. Guretzat garrantzitsuena, agintariek, beste sektore batzuekin egiten duten moduan, euskal garraioa erabiltzearen garrantzia azpimarratzea da, gure berezitasunak gorestea, gure industriarentzat eta herritarrentzar garraiolarien lanak zein garrantzia duen adieraztea (ez dugu uste inori dendak hutsak ikustea atsegin zaionik. Bai, horiek guztiak ere, garraiolari batek eramaten baititu lekura).

Urteak daramatzagu bidesarien aurka borrokan, gure ustetan, zerga bidez ordaindu behar liratekeen zerbitzu publikoak baitira. Orain ere, borrokan jarraituko dugu, komunikabideek kobertura ematen badigute edo ez badigute ere. Ez gara oldartuko, ez baitugu hutsak dauden zinetan sinesten: guk bezala beste askok ere jakin beharko lukete, Europak ez dituela diskriminatzaileak izan daitezkeen neurriak onartzen, hortaz, ezingo dizkigutela laguntzak eman.

Agian, lehen zertaz hitz egiten ari ziren ez zekitenek, orain ere ez dakite. Agian, jakinaren gainean jarri beharko lukete. Agian, gehien kutsatzen dugula dioten horiek ez lukete erraustegi bat ireki behar. Agian, bada euskal garraioa suntsitzen ari diren neurriak alde batera utzi eta benetako euskal garraio sare indartsu bat eraikitzeko garaia. Agian.

Bilatu