Eneko Compains Silva
Sortuko kidea

Aginako Etxenagusia

Zoritxarrez, batzuetan, egunerokotasunaren zurrunbiloan harrapaturik geratzen gara eta zinez garrantzitsuak diren gauzak pasa egiten zaizkigu. Oxala deitu izan banizu, baina ezin denez atzera egin, har itzazu maitasunez idatzitako letra hauek lagun baten azken dei moduan.

Aranjuezeko espetxeko laugarren moduluko megafoniatik atera zen soinua: «Aginako Etxenagusia, a cabina». Modu horretan entzun nuen lehenengoz zure izena, artean, seigarren moduluko patioan nintzela. 2012ko udaberriko egunak ziren, oso oker ez banaiz.

Egun batzuk lehenago heldua zinen arren, oraindik ez genuen elkar ezagutzen, eta gogoan dut, gainera, han geratzen ginen euskaldunok, zu baino gazteagoak denak, urduritasun puntu batez hartu genuela zure etorrera, gure artean genuen katxondeo giroa hautsiko zenuelako zalantzan. Nork bermatzen zigun heldu berria zen ETAkideak ez zuenik zoro kuadrilla hartan giro serioagorik ezarriko?

Zorionez, aste gutxi batzuk aski izan ziren gure zalantza guztiak uxatzeko eta bizitzan izan zaren bihotz handiko militante ultra-zirikatzailea ezagutzen hasteko. Ultra-zirikatzailea, bai! “Umorerik gabeko iraultza, gorringorik gabeko arrautza” leloa zuretzat eginda zegoela erakutsi zenigun, baita azkar erakutsi ere! Beti zeunden xaxatzen, beti zirikatzen. Berdin zitzaizun kide zein marrajo, monitore zein boki, denak geunden zure bromen edo bazileen begipuntuan, izan gure irrirako nola beraien amorrurako.

Malahostiarako tartea ere uzten zenuen noizbait, ez pentsa! Gogoan ditut, esaterako, “Maracana txikiari” bueltak eta bueltak emanez egindako korrikaldi eta paseoak. Lize eta Alizia genituen lagun, eta, bitartean, noski, Euskal Herria konpontzen. Batzuetan etsaia hankaz gora jarriaz, besteetan gure buruzagi politikoak. Inor ez zen libratzen Aginakoren gillotina zorrotzetik. Hilabete gutxi egin genuen elkarrekin, baina oso modu intentsuan gogoratzen ditut nik. Barrez oroitzen dut orain, urte batzuk beranduago zure herriko militante batek esango zizuna: «Asier, utzi gu bakean behingoz eta aurrerantzean kexak Compainsi, orain Mahai Nazionaleko kide da eta». Nirea bai suertea!

Espetxea atzean utzi nuen egunean, gizatasun lezioak eman nahi dizkigutenen morroiek ez zidaten zu agurtzen utzi (to etika!), eta epaiketa egin bitarte itxaron behar izan nuen berriz zu ikusteko. Hura bai fartsa! Nola ordurako, Frantzian, ETAko kide izateagatik kondena beteta zenuten, eta ezin denez delitu bera bi aldiz zigortu, ba Hego Euskal Herrian soilik ETAren «laguntzaile» izan zinetela mantendu zuen fiskalak, logika eta froga guztien kontra. Baina hark bere etxean jokatzen zuen, erositako arbitroekin, eta, ondorioz, espero zitekeena gertatu zen: beste zortzi urte zulora. Espainiar justizia mendekua besterik ez da euskaldunontzat; aski ongi dakigu hori. Eta hala ere, ze gustura eraman izango nituzkeen UPVn ditudan zuzenbide ikasleak Auzitegi Nazionalak bis in idem printzipioa nondik pasa zuen ikustera...

Baina egunik hodeitsuenetan ere argiuneak badauden bezala, egun hartan ere izan zen une politik. Nola ez oroitu, esaterako, zure amak Lize eta biokin izan zuen detailea,  epaiketa eta gero senideek kalabozoetan bisita espres bat egiteko duten aukera guri oparituz. Ze poza! Han ibili ginen kontu kontari, denbora pasa ez balitz bezala, iraganaz, orainaz eta etorkizunaz. Eta halaxe ibili ginen ere ondorengo urteetako espetxe bisitetan. Kristal zikinak banatuta, gaizki entzuten zen kabina haietan sarturik, saiatzen ginen zuri animoak eta indarra transmititzen, baina, nago, zu zinela guri pilak kargatzen zizkiguna. Beti pentsakor itzultzen nintzen Iruñera, eta harro, oso harro, liluragarria iruditzen baitzitzaidan zenuen barne indarra, kondena bikoiztuta, injustiziarik handienaren aurrean eta etxetik urrun bazen ere, egunerokoari aurre egin eta bizitzari txinpartak ateratzen jarraitzeko. Ze pozik kontatu zenigun aita izango zinela, Haitz ordurako bidean zelako!

Azken hitzak iaz egin genituen, EH Bilduk antolatuta Durangon faxismoaren inguruan eman nuen hitzaldia zela eta. Zu Valentzian zeunden, kimioterapia madarikatuarekin, baina, hala ere, beti laguntzeko prest: «Behar badozu zerbait nire herrixen abisatu, lo egiteko lekua edo dena delakoa, nahiz eta Valentzian egon, makineria martxan jarriko dot», whatsappeatu zenidan. Bazenuen, bai, behar zuenarentzat babestokiak bilatzeko eskarmentua, ezta? Biba zu(ek)!

Orduz geroztik ez gara elkarren artean komunikatu, eta neurri batean badut horregatik pena, zure heriotzak sorpresaz harrapatu ninduelako eta bizirik zinela agurtzeko aukerarik izan ez nuelako; zer egingo diogu? Zoritxarrez, batzuetan, egunerokotasunaren zurrunbiloan harrapaturik geratzen gara eta zinez garrantzitsuak diren gauzak pasa egiten zaizkigu. Oxala deitu izan banizu, baina ezin denez atzera egin, har itzazu maitasunez idatzitako letra hauek lagun baten azken dei moduan.

Besterik ez, Asier. Nahi nuen zure etxekoek jakin zezaten niretzat ohore bat izan dela bidean zu bezalako kide bat topatzea, eta gure herriak ematen duen aurrera urrats garrantzitsu bakoitzean presente izango zaitudala, zu eta behar baino arinago joan diren guztiak.

Agur esateko, Andres Eloy Blanco olerkari venezuelarraren hitzak uzten dizkizut, itzulpen librean: «Zer axola du zure begiek amestu zenuen aberria ikusiko ez badute? Axola duena da ikusiko duten begietan zure odola pilpiraka ibiliko dela». Eta hala izango da, Haitzen begietan edo, geroago bada, bere ondorengoetan. Muxu handi bat etxekoei. Maite zaitut!

Bilatu