Iñigo Santxo Uriarte
Abokatua

Agindutakoak eta betebeharrekoak

Euskal Herriko Unibertsitatean, Arralden bezala, euskara titulua aurkeztu beharra dago bertan lanean aritu ahal izateko, ez da beharrekoa aldiz, Instituzioa zuzentzeko

Agindua bat, egina bi, aginduarekin konforma hadi!

Esamolde jator hori, amaginarrebarengandik ikasia daukat, eta entzuten diodan bakoitzean hauteskundeak ekartzen dizkit burura, hauteskunde garaian aginduak edo promesak ugariak izaten baitira, baina tamalez, hauteskundeak igarotakoan agindutako asko, sarritan ez dira betetzen eta.
    
Carles Puigdemont Catalunyako President-aren defentsarako ildoetako bat horixe izan zen, berak, bere alderdiak egitarau bat aurkeztu zuela esan zuen, programa hura publikoa izateaz gain lau haizetara zabaldu zutela, eta Hauteskunde Batzordeak egitaraua ontzat jo zuela, beraz, programa hori betetzea ezin zitekeela delitua izan, areago, zerbait delitua izatekotan programa ez betetzea izan zitekeela, baina betetzea inoiz ez.
    
Catalunyara joan gabe, gurean ere baditugu betegabeko aginduak. Gogoan dut Europako hauteskundeei begira, Herri Batasunak Bilboko Etxebarria Parkean burututako mitin bat. Urtea ez nuen gogoratzen, baina googleek, dio 1989an izan zela. Oroitzen dudana da, Txema Monterok, orduko hautagaiak, bere hizketaldia bertso batekin hasi zuela, eta areago, bertsoaren ostean eta gaztelerara igaro aurretik, modu apalean aitortu zuela euskaraz ez zela behar bezain ondo moldatzen, baina legegintzaldia amaitu baino lehen euskara menperatuko zuela. Legegintzaldia aspaldi joan zen, baina Txema oraindik ez da behar bezain ondo euskaraz moldatzen.
    
Hizkuntzarekin zuzeneko lotura izan gabe, gure Herrian hauteskundeetan betegabeko agindu mingarrienetakoa 2008an gertatu zen, herritarroi Kontsulta bat eskainiko zitzaigula esanda, Kontsulta hura gauzatu ez zenean. Gogoan dut urte hartako urriaren 25a, Boletinetik fotokopiatutako papeleta eskuan, Algortako Zabala Eskolaren kanpoaldean ateak zabaltzeko zain egon nintzenean. Hantxe konturatu nintzen nire optimismoa inoxokeria igurtzitzeraino hel daitekeela.
    
Baina bada bestelako adibiderik, Andoni Ortuzarrek esaterako, EITBko Zuzendari hautatua izateari begira Legebiltzarrean Euskal Herritarroken bozkak eskuratu ahal izateko, beste gauza batzuen artean euskaldunduko zela agindu omen zuen, haren alde esan beharra dago, bere agindua bete zuela.
    
Hauteskundeetan agintzen denak hitzarmen sozialaren izaera omen du, hortaz, bere saritzea/zigortzea ere soziala izango da, eta printzipioz, nekez onartuko du epaitegiren batek, kanpainan agindutakoa bete ez izanagatik inori nolabaiteko zigor, ondorioa ezarri edo agindutakoa betetzera behartzea. Dena dela, hori bada noizbait esplora litekeen bide bat….
    
Hauteskundeen bitartez lanpostuak baino gehiago eta era iragankorrean bada ere, zuzenean agindu postuak eskuratzen dira. Behin agindu postu horiek eskuratuta, eta agintariek lege edo araugile bihurtuta, euren azpiko lanpostuen soslaiak definitzen dituzte, eta hemen oso fenomeno bitxia gertatzen da, zenbaitetan lanpostu horiei, aginte postuei galdatzen ez zaizkien betebeharrak ezartzen baitzaizkie. Era horretan ikusten dugu esaterako, Arraldeko Alkatea izateko, badela nahikoa euskaldunduko zarela esan eta herritarren botoak jasotzea, Arraldeko kale garbitzaileak izateko aldiz, gutxienez 2. hizkuntz eskakizuna izan behar duzun bitartean, Arralde herri euskalduna baita.
    
Postu desberdinek betebehar desberdinak dituztela eta, Unibertsitatean ere ikusten dugu Errektoregai gisan komunitate horretako edozein ezin daitekeela hautatua izan, aurkezteko betebeharrak tasatuta baitaude. Era horretan, bertako Estatutuetan agertzen den eran Errektoregai gisan onartuak bakarrik izan daitezke EHUn arduraldi osoa edukirik, jardunean dauden katedradunen kidegoko irakasle funtzionarioak.
    
Euskal Herriko Unibertsitatean, Arralden bezala, euskara titulua aurkeztu beharra dago bertan lanean aritu ahal izateko, ez da beharrekoa aldiz, Instituzioa zuzentzeko.
    
Lagun batek esaten zidan badirela arrazoi ugari Unibertsitateko Errektoretza Katedradunentzako soilik mugatzeko, ez du ematen horren arrazoizkoa, ordea, 2020. urtean Euskal Herriko Unibertsitate bateko Errektorea izateko euskara titulurik aurkeztu behar ez izatea.
    
EHU/UPVn datorren 26an burutuko diren hauteskundeen inguruan, curriculum ikaragarria edukita, euskara titulurik ez daukan eta bertarako dagoen hautagai bakarrari irakurri diot «euskonpromisoa» hartu duela, 2022ko Euskaraldian ahobizia izateko. Talentoen parabola hona ekarriz, iruditzen zait oraindik ere Errektoregaia den horrek “euskonpromiso” ausart eta eraginkorrago asumitu beharko lukeela, EHUko estatutuak aldatzea, esaterako, Katedraduna izateaz gain bertako Errektorea izateko ezinbesteko baldintza gisan titulu bidez euskalduna dela egiaztatzea ezarriz, era horretan, 4 urte barruan berrautaketaren unean, hortxe aurkituko bailuke momentuz hartu duen «euskonpromisoa» bete duen ala ez markatuko lukeen langa objektiboa.

Bilatu