Xabier Mendiguren

Aitagure bat Joxeren alde

Garai batean, gogoko idazle bat hautatzeko galdetzen zidatenean, ez nuen izenik ematen, ezin nuela
erantzuten nuen, hainbesteren artean bakarra aukeratzea ezinezkoa zelako eta nire lanbideagatik itsusia
litzatekeelako ere bai. Baina, duela urte batzuk, ohitura aldatu, eta idazle-izen bat esaten hasi nintzen
halakoetan, beti berbera: Joxe Azurmendi. Ez zen pentsatutako erabaki bat izan, baina, horretaz gogoeta
egiten jarrita, hainbat arrazoi eman nitzakeela bururatzen zait orain.

Joxe Azurmendi izan da nik ezagutu dudan gizonik jakintsuena, beste edonorekiko alde handiz,
ikaragarriz. Izango dira bera bezain jakintsuak edo jakintsuagoak ere, baina ez zaizkit parean egokitu. Ez
naiz hasiko jakituria erraldoi, txundigarri, adarretatik infinitura zabaltzen zen horren adibideak ematen,
motz geratuko nintzatekeela iruditzen zait eta. Baina bai esan nahi dut jakituria baino are handiagoa
zuela bihotz- eta eskuzabaltasuna, enpatiarekin konbinatzen zuen hurkoarekiko interes natural bat,
faltsutik ezer ez zeukan apaltasun jator bat.

Talentu apartaz jaio den batek ezin du horren berri ez izan, baina bere umiltasunaren marka zen dohain
hori beti besteen zerbitzura jartzea. Langile nekagaitza izan zen, azkenaldian gaitzak guztiz menderatu
zuen arte, eta beti kontsideratu zuen bera euskal kulturaren aldeko behargin xume bat zela, bere
ahalmenak eta ahaleginak horren alde emango zituena, zintzotasun eta kemen erabatekoz. Horren
adibide dira bere biografia oparoko tituluak, asko eta asko honek edo beste horrek eskatuak, kausa
noble honentzat edo beste horrentzat.

Berarekin berbetan, harrigarria zen zenbateraino zen pertsona ez-dogmatikoa, zeinahi arazoren alderdi
guztiak ulertzen zekiena; baina bera, hala ere, busti egiten zen, baita zikindu ere, Jakintzaren dorre
bolizkoan gorderik gera zitekeenean ere. Eta bustitze horretan ez zuen ez kalkulu partikularrik, ez
printzipio potolorik erabiltzen, intuizio xehe batzuk baino: euskal andra-gizon arrunten aldeko jarrera
garbia, eta euskal kulturan eguneroko lanean ari zirenenganako atxikimendu erabatekoa. Eta sen
horrekin, esango nuke historiaren alde egokian paratzen asmatu zuela beti.

Elizak gizartearen eta kulturaren kontrol totala zuen gizarte batean sortu eta hazi zen, eta hortik urruntzen asmatu zuen, ausardiaz. Marxismoak pentsamendua kolonizatua zuen sasoi batean eman zituen gaztaroko urteak, eta errespetuz bezainbateko ezagutzaz harremandu zen mugimendu ezkertiarrekin, totalitarismoari itzuri eginez, hala ere.

Munduak hainbeste buelta eman eta gero, berarentzat ezkertiarra izatea, gaur, zertan
zetzan galdetu nion behin, eta ez berba hanpaturik ez definizio biribilik ez zuen erantzun xinple hau
eman zidan: pertsonarentzako askatasun eta berdintasun pixka bat lortzea. Ez litzateke gutxi,
gauzatzerik izango bagenu. Azken urteetan beste mugimendu bat ari da indar hegemonikoa hartzen
gurean: feminismoa; eta ez dakit konturatu zareten, nolako argikusmena eta eskuzabaltasuna erakutsi
zituen Joxe kide zuen taldeak, Jakinek, frantziskotar abitudun izandakoen aldizkaria eta ondare sinboliko
guztia feminista euskaltzaleen talde baten esku uztean.

Artikulurako tartea amaitzen ari zait, eta irudipena dut ez dudala oraindik ezer esan, beste mila kontu
geratzen direla esateko: edonori laguntzeko zeukan prestasuna, arteak oro har (musika, pintura,
arkitektura eta bereziki literatura) ulertzeko eta preziatzeko sentiberatasuna, familiako eta lagunekin
izaten zuen goxotasuna, denekin erakusten zuen umore ona, bere ikasleengan utzitako inpronta eta
lorratz ezabaezina, munduko hainbat bazterretan bizi izandako intelektual poliglotak bere sorterriko
hizkera eta jendeekin zeukan lotura, idazkera zoragarria, analisien zorrotza... Guztion besoak zabalduta
ere ezin bera zen zuhaitz jigantearen gerria inguratu.

Jainkorik egon, ez dagoela esan ohi zuen Joxek, baina transzendentziarekiko sentimendua zuten
gizaberetxoen keinuak maitatzen eta aintzatesten zituen. Horregatik amaitu nahi dut aitagure bat
eskatzen aita moduko bat izan dugun Joxe Azurmendiren alde.

Bilatu