Xabier Lasa
Herri mugimenduko kidea

Aizue! Eztabaida dezagun hezkuntzaz!

Hobe genuke gure artean eztabaida hauek sustatu, boxeoan ibili baino. Bestela, kapitalarekin eta estatuekin dugun xake partida galduko dugu.

(Egileak «Ezker Abertzalea» Sortu, LAB eta Ernai izendatzeko erabiltzen du, eta «ezker abertzalea» ezkertiar eta abertzalea den eremu soziologikoa izendatzeko).

Nazkatua nago. Benetan nazkatua fake news politikaz. Aski da! Honek ez dio ezkerrekoa eta abertzalea den inori onik egiten. Nahi duzuen izenpean idatzi dezakezue (Ezker Abertzaleaz ari naiz), baina, utzi ezazue kontrolatzen ez duzuen denarekiko gerra hau! Euskal Herriak ez du behar ezker abertzale ahul bat, Euskal Herriak ezker abertzale sendo bat behar du, eta horretarako bi gauza beharrezkoak dira. Alde batetik, ginena ez garela behingoz onartzea eta barneratzea, eta bestetik, eztabaida politikoa berriro ere modu sanoan zabaltzea. Gure artean gerra egitea etsaiari gerra egitea da. Azken esaldiarekin bat egiten ez dutenen arrazoien atzean soilik, bi arrazoi egon daitezke; edo independentzia eta sozialismoaren helburu estrategikoak konpartitzeari utzi diote, edo posizio partidista batetik etorkizunean aliatu izan daitezkeenak etsaitzat hartzen dituzte.

Gutxi hitz egiten da estrategiaz, sukaldarien herrian. Denok dugu etiketa gainean (sasi marxista, espainolista, independentista, erreformista, komunista, disidentea, likidazionista...) baina gainontzekoek egiten dutena ere beste etiketa baten bitartez definitzen dugu. Gutxi dira aspaldi honetan benetako eztabaida politikora sartu diren pertsonak edo kolektiboak, eta horrela zaila da ezer sanoa eraikitzea.

Hori gutxi balitz, azken aldian kontzeptuen erabilera desegokia eta, beraz, erabilera okerra ere egiten dugu (propaganda, oinarri ideologikoak, estrategia, taktika, kanpaina, etsaia, aliatua, indar metaketa, pluraltasuna, marxismoa, helburu estrategikoak, subjektu iraultzailea, antolakundea, mugimendua...) azkenerako zertaz hitz egiten ari garen jakin gabe. Horrela, gure jardun politikoan dihardugun diskurtsoarekin etengabeko talkara garamatza errealitateak. Esaten dugunaren eta egiten dugunaren arteko aldea hain da handia, non talka hauen atzean dauden kontraesanak ez ulertzera ere iristen garen. Materiala dena eta ideala dena nahasten ditugu.

Hau horrela, azken hilabetetako gerra irekira egingo dut salto. Gerra irekia diot, eztabaida politiko ageri gutxiko eztabaida izan delako. Horrek, nahasmena besterik ez du ekarri, eta gehienetan, txikiena eta medio gutxien dituena ateratzen da galtzaile aurrez aurreko lehietan. Hala ere, kasu honetan, garailerik gabeko egoera batean gaudela nahiko konbentzituta nago, ezkertiar eta abertzaleak galtzaile atera ez bagara. Horrela, gustatuko litzaidake praktika politikora jo eta errealitatea gainetik bada ere analizatzea benetako eztabaida politikoa zein den identifikatu ahal izateko, hitzetatik harago gertaerei so eginez.

Ikasle Abertzaleek azken urteetan egindako dinamikak kontuan hartuta (Herri Unibertsitatea, espazioen okupazioa, selektibitate eta gainontzeko hautaproben gaineko intsumisioa, Lomce-Heziberri-EU2015aren kontrako grebak, UPVko errektoretzaren hauteskundeen kontrako kanpaina...) ez da asko aldatu haien praktika erreala, diskurtso politikoan aldaketak izan dituen arren. Historikoki kapitalaren zerbitzura dauden espainiar-frantziar hezkuntza instituzioekiko haustura era nabarmenean eraman du aurrera.

Ezker Abertzaleko eragileak, ordea, PNVren UPVko errektorea babesten dute. Hezkuntza akordio bat egiteko prest daudela ematen du LOMCE EAEn hobetzeko. Ikasle Abertzaleakek egin zuen greba eskubidearen aldeko manifestazioarekin ez zuen bat egin Arrasaten (gaur da eguna ikasle borrokaz Arizmendin greba eskubidea lortu dutena)... Gaur egungo instituzioetatik hezkuntza eraldatzeko apustua egin du Ezker Abertzaleak (ikastolak kontzertatuak dira eta gobernuen menpe daude kasu gehienetan, salbuespenak salbuespen; Euskal Herri Kontinentala...), albo batera utziz historikoki bultzatu den hezkuntza sistema propioaren eraikuntza independientea.

Hau ikusita, norberak ikusiko du zein den aldatu dena eta zein puntutan aldatu den. Denak aldatu gara; galdera egokia, zertan aldatu garen izango litzateke. Zeinek jarraitu duen hezkuntza sistema propio bat eraikitzeko nazio eraikuntzaren bidea (bi estatuekiko hausturan), edota zeinek hartu duen gaur egungo instituzioen barrutik hauek eraldatzeko bidea. Hau horrela, UPV hobetzearen edo herri unibertsitatea eraikitzearen arteko talka hor dago; edota LOMCE-Heziberri-Heziberri 2.0 eta herritik eta herriarentzat sortuko den hezkuntzaren arteko talka. Azkenik ikasle mugimendua instituzioetako eztabaida baldintzatzeko baliabide izatearen edo instituzioak baldintzatu ahal izango dituen ikasle mugimendua izatearen gaineko talka ere hor dago.

Suzirien zarataren azpian benetako eztabaida dago bahituta. Baina hau, arrazoiak arrazoi, estaltzen ari da behin eta berriro. Hau hori argitaratzeko saiakera soil bat izan da, askoz gehiago egongo litzake zentzu honetan idazteko, ikasle mugimenduaren berrirakurketa historikoa kasu. Bakoitzak ikusiko du noren alde jokatu eta norekin posizionatu. Baina joko zikinak jendea aldendu besterik ez du egiten. Bukatzeko, esan nahiko nuke hobe genukeela gure artean eztabaida hauek sustatu, boxeoan ibili baino. Bestela, kapitalarekin eta estatuekin dugun xake partida galduko dugulako.

PD: «Lehen kongresutik bosgarren kongresura mantendu eta berretsi den filosofia, hain zuzen». "Izan ginen eta izango dira" (2018/11/08an NAIZen publikatutako iritzi artikulutik aterata).

VI kongresuko ponentzia (Ikasle Abertzaleen webgunean irakurgai) Ikasle Abertzaleen ildo historikoan ez kokatzeak Ernai gazte antolakundearen lehen kongresuko ponentziako hezkuntza ildoari zuzenean eragiten dio, honek bere egin baitzuen. Bestalde, testu hau sinatu duten hainbat eta hainbat militanteri eragiten die kongresu honek, hauetako batzuek testu honen idazketa prozesuan parte hartu eta hau berretsi zutelako.

Bilatu