Joseba Aurkenerena

Aldaketa aurrera! Gora Iruñea!

Ekainaren 13an Joseba Asiron, Iruñeko auzapeza berria izendatu dute. Asteburu huntan Joseba Aurkenerena idazleak hurbiletik bizi izan du Nafarroako hiriburuan gertatu den aldaketa. "Atzoko ametsa, gaur errealitatea dugu. Nafarrek aldaketa ongi merezi zuten. Itzulezina izan dadin eta Iruñea izan dadin, berriz eta betiko, euskaldunon hiri buruzagia".

 

Ekainaren 12an, ostiralarekin, eginbeharrek Iruñera eraman ninduten. Gaueko 9etan euskaldunon hiriburuko Estafeta kalean nintzen.
Alde zaharra, asteburu guztietan bezala, adin guztietako jendez gainezkoa zegoen. Dena den, giroan zerbait berezia arnas zitekeen. Iruindarrak ilusioz mintzo ziren haien artean, ilusioz eta itxaropenez, hurrengo egunean, hau da, ekainaren 13an, larunbatarekin, alkate berria hautatzeko udal batza burutzekoa baitzen. Gauzak denek pentsatzen zuten bezala ateraz gero, larunbatetik aitzina Iruñeak alkate abertzalea izango zuen. Ez zen txantxetako kontua, jadanik, UPN antieuskaldunak hamasei urte baitzeraman Iruñeko alkatetzan. Iruindarren  poza bihotzeraino sartu zitzaidan eta azkenean, larunbateko udal batzara joatea deliberatu nuen.

    Larunbat goiza fresko samar esnatu bazen ere, zerua ateri zegoen. Nire puskak jaso, San Nikolas karrikako Bearan hostaleko arduradun atseginari aterpea ordaindu eta, gehiago pentsatu gabe, adiskide batekin batera, Gaztelu plaza aldera nintzen abiatu. Iruña kafetegi historiko bezain ederrean gosaldu, egunkaria irakurri, eta ondoren, indar berriturik, udaletxeko plazara abiatu ginen. Iritsi ginenean, goizeko 11,30ak ziren eta ordurako plaza betetzen hasia zen. Helduak, gazteak, haurrak… nonahi pilatzen ziren, haietako anitzek ikurrinak, nafar banderak edota presoen banderolak eskuetan zeramatzatela.

    Hamabietarako plaza bete-betea zegoen, urrun ez zen San Ferminetako txupinazoaren egunean egoten den bezain betea. Haatik, han ez zen australiarrik, ez amerikarrik eta ez zeelandaberritarrik; gehien-gehienak iruindarrak ziren eta haietako asko Iruñea aldekoen azentuaz euskaraz mintzatzen ziren. Udaletxeko ate aitzinean oholtza ttiki bat ezarria zuten eta bertatik hainbat aurkezlek kantuak, aldarriak, txisteak eta iruzkin alaiak etengabean jaurtitzen zituzten. Jendeak,  pozaren pozaz, entzuten eta jarraitzen zuen. “Danos las llaves, Enrique danos las llaves”(Emaizkiguzu giltzak, Enrique, emaizkiguzu giltzak!) kantatzen zuten ordura arte alkate izandako Enrique Maia upeneroari aipamen zuzena eginez. UPN kanpora! zen gehien bat entzuten zen garrasi ozena. Gora Iruñea! Aldaketa aurrera” Asiron, Asiron, Asiron! eta horrelakoak ere anitzetan entzuten zirelarik.

Momentu batean, oholtzatik hitz egiten zuenetako batek Joseba Asiron jadanik Iruñeko alkate berria zela azaldu zigun. Hura zoramena izan zen! Plazan eta inguruetako kaleetan zeudenek txanpan botilak zabaldu zituzten, eta eskuetan zeramatzaten kopak leporaino bete ondoren, alkate berriaren eta aldaketaren alde brindatzen hasi ziren. Alkate eta zinegotzi berriak udaletxeko balkoi nagusira atera zirenean zoramen kolektibo hura bere gorenera igo zen. Jendea ez zen isiltzen, kantatzen, aldarriak eta gorak errepikatzen…, Une zehatz horretan, UPN-ko alkate eta zinegotzi zaharrak atera ziren udaletxetik. Jendea txistuka eta kantuka hasi zitzaien: UPN agur!, UPN kanpora” Fuera ladrones de las instituciones! (Lapurrak erakundeetatik kanpora!) Aurpegi zurbil-tristeak eta buztana zango artean zeramatela urrundu ziren.

Gero, kazetariekin hizketan aritu ondoren, Joseba Asiron alkate berria -alkate makila eskuan zeramala- eta gainerako zinegotziak plazara jaitsi ziren; eta orduan zoramena gainezkatu zen. Iruindarrek, behin eta berriz, besarkatu, musukatu eta zoriondu zituzten korporazio berriko partaideak. Jende askori, masailetatik beheiti, malkoak lerratzen  zitzaizkien, baita niri ere. Alkateak, oholtzako mikrofonoa harturik, euskara hutsez eskerrak eman zizkien plaza leporaino betetzen zuten iruindarrei eta garaipena beraiei eskaini zien.

Eguerdiko ordu-biak ziren eta jendetza ez zen plazatik eta inguruko karriketatik mugitzen. San Ferminak aurreratuta zeudela zirudien. Jadanik, tripa zorriak kantari sumatzen nituen. Joseba Asiron zoriondu eta zorte on bere abentura berrirako opa egin ondoren, laguna eta biok Nabarreria aldean, Karmen kalean den Herriko Tabernara jo genuen txakolin bana edatera. Hortik Zaldiko jatetxera joan ginen eta bertan bapo bazkaldu ondoren, autobus geltokirantz ginen abiatu. Arratsaldeko 3,30etarako Donostia aldera eraman behar gintuen autobusean eserita geunden. 5,15etan Hendaiara zihoan euskal trena Amarako geltokian hartu eta Lapurdira hurbildu nintzen. Seietarako Urruñako gure etxean nengoen.

Gibelean gelditu ziren Iruñean pasatu nituen bi egun ederrak. Aldaketa Iruñera eta Nafarroa Garai osora iritsi da. Atzoko ametsa, gaur errealitatea dugu. Nafarrek aldaketa ongi merezi zuten. Itzulezina izan dadin eta Iruñea izan dadin, berriz eta betiko, euskaldunon hiri buruzagia.
Geroa aske eta oparoa izanen dugulakoan nago. Aldaketa aurrera! Gora Iruñea!

Bilatu