Ramon Sola
GAUR8

Alderdien beharrak ez dira herritarren kezkak

Burugogorkeria euskal nortasunaren ezaugarri aipagarrienetako bat da. Nagusitu den kultur paradigma zein atzetik duten historiaren bilakaeraren arabera, badira herri harroagoak (inperialistak, gerrazaleak) eta lasaiagoak (gatazkak saihesten dituztenak), langileagoak eta ganorabakoagoak, klasistagoak eta berdintasunzaleagoak.

Gurea burugogorra dela begi-bistakoa da, zer egingo diogu! Berez, burugogorkeria horrek ez du zertan ezaugarri negatiboa izan. Ondo daki munduak, esaterako, horri esker eutsi diogula Europako hizkuntza zaharrenari, eta gogor saiatu arren ondoko bi estatu inperiozaleek ezin izan dutela mapatik ezabatu, ez hizkuntza ez eta Euskal Herria bera ere.

Onar dezagun, esaterako, tabernetako hika-mikak epikoak izaten direla gure herrian. Nork bereari ekin eta ekin egiten dio, jo eta fuego, etsi eta nekatu gabe, eta arerioak erantzuten duena entzun ere egin barik. Gero, errealitateak gure usteari arrazoia ematen dionean, esaldi magikoa ahoskatzen dugu, garaipenaren ikurra:«Banengoen ni!» («¡Ya lo decía yo!»). Honaino, ezer larririk ez. Burugogorkeriak baditu, ordea, bere alde txarrak ere. Politikagintzara aplikatuta, adibidez, joera zinez kaltegarriak eragiten ditu. Adibidez, alderdiek tinkotasun hori ez dutenean arazoak konpontzeko baliatzen, iraganean arrazoia zutela erakusteko baizik. Orduan, dagokien gizarte aitzindarien papera baino, tabernetako apustuzale ahoberoena hartzen dute. Bi adibide garbi ditugu orain, bi alderdirengan: UPN, nafarren erabakitzeko eskubideaz; eta EAJ, presoen auziaz. Gehiago ere izan litezke, noski.

UPN: Konstituziotik Laugarren Xedapen Iragankorra ezabatzea lehentasuna dela iragarri du Yolanda Barcinak Cadreitan. Alderdiaren historia horrekin hasi zen eta 35 urte pasata –beste belaunaldi batean, Jesus Aizpun sortzailea aspaldi lurperatuta dagoela– hortxe jarraitzen du, kieto parau, nekaezin. Berdin dio inork inoiz Xedapen hori garatzeko asmorik agertu ez izana, berdin prozedura hori abertzaleen gustukoa ez bada, berdin Xedapena gaur egun inoren agendan ez bada, berdin konkistaren bosgarren mendeurrena dagoeneko pasatua eztabaida haren parametroak irauli badira (Nafarroa EAEn sartzea, EAE Nafarroan, guzti-guztiak Euskal Herrian?). Berdin dio denak, UPNk arrazoia eman behar dio bere buruari eta horretarako Xedapenaren amua atera behar du berriz, ea boto emaileek jan egiten duten.

EAJ: Presoentzako baldintzak gero eta estuago ari dira jartzen jelkideak. Lehen nahikoa zen eragindako mina aitortzea. Gero min hori «bidegabea» izan dela onarrarazi nahi diete. Baina azpimarratu berria ez dator etikaren esparrutik, pentsa zitekeen bezala; politikatik dator. Hau da, ezker abertzaleak onartu behar du bere garaian hartutako bidea okerra zela, eta horrekin txalogarri bilakatu behar du EAJk egindakoa. Duela urte batzuk onartu zuen Josu Jon Imazek bataila hori bere alderdiak irabazi behar zuela. Bitartean, presoak gatibu, eta horiekin gatazkaren betiko konponbidea nahi duten euskal herritar guzti-guztiak. «Banengoen ni!» horren gatibu.

Burugogor, temati, astun ere badabiltza bata zein bestea, baina helburu ahula du beraien estrategiak. Beren iragana legitimatzea baino ez dago jokoan. Beren arazoa da, beraz, ez herritarrena, edo ez behintzat herritar gehienena. Zein da hauen kezka? UPNren kasuan, Nafarroaren etorkizuna nafarrek erabakiko ote duten jakitea (eta hala balitz, nahiko zentzugabea izango zen Laugarren Xedapen Iragankorraren inguruko eztabaida, ezta?). Eta EAJren kasuan, mina bidegabea ala bidezkoa izan den eztabaidatzea baino, samina behin betiko desagerrarazita ikustea. Etorkizuna, hitz batean, ez iragana.

Bilatu