Jon Iurrebaso Atutxa

Alternatiba demokratikoa, prozesu demokratikoa, aldebakartasuna, amore emate hutsa, kolaborazioa eta ezerezerako bidaia

Lerroa erabat aldatzen ez bada, ziur gaude etsai nazionalaren eta klasekoaren arauen pean alde bakarretik amore ematen duten azken aldia ez dela izango.

ENAM-en 2009ko kolpe publikoaren lobby-ak kapitalaren zerbitzura dagoen nazioarteko diplomaziaren konplizitatea izan zuen, maniobraren aurretik eta ondoren. Erabilera horren eszenifikazio publiko gorena Aieteko jauregian egin zen, 2011ko urriaren 17an, eta ETAk jarduera armatua behin betiko utzi zuen hiru egun geroago.

Egun hauetan, ENAM-en amaiera ahalbidetu zuen lobby-ak Aieteko eszenaratzearen 10. urteurrena ospatzen du. Armak entregatzera behartzeaz gain, ETAri eta ENAM-i beren askapen nazional eta sozialeko ildoari uko eginarazi zien lobby berberaz ari gara.

Horrela, urte gutxiren buruan, kapitalaren demokrazia/diktadura pean alternatiba demokratikoa argudiatu zen (egoera demokratiko batean bakarrik egin daitekeena). Ondoren, prozesu demokratiko bat egin nahi izan zen, non Euskal Herria bere etorkizunaren jabe izango zen, kapitalaren diktadura berean. Halako moldez non, frantziar, espainiar eta euskal burgesiaren borondaterik eza ikusirik, aipatutako lobby-ari bere kabuz amore emateko eta kolaboratzeko ideia zoragarria «bururatu» baitzitzaion. Azkenean gertatu zenaz noiztik zen jakitun ez dakigu batzuk behintzat.

Hau da, nahiz eta oso baldintzatuta egon klasearteko filosofiagatik, hainbeste urtetako gerraren higaduragatik, horrek guztiak dakartzan kontraesanengatik, sozialdemokraziaren eta burgesia txikiaren presioagatik, etsai nazionalaren eta klasekoaren presioagatik eta abarrengatik, ezin dira azken hirurogei urteetako borroka-bandera nagusiak utzi.

Hau da, agian Ezker Abertzale Ofizialaren osoari ezin zaio eskatu kontzesiorik gabeko klase- eta nazio-maila bat izatea; praxi iraultzaile bat, unean uneko baldintza objektibo eta subjektiboekin, norberaren eta etsaiaren aurrerapen eta atzerapenekin, nazioarteko egoerarekin eta abarrekin bat datorrena. Alta, lerroa erabat aldatzen ez bada, ziur gaude etsai nazionalaren eta klasekoaren arauen pean alde bakarretik amore ematen duten azken aldia ez dela izango.

Sortu-ren aitabitxi eta amabitxi den lobby-a (eta denborak aurrera egiten duenez, eta bere neurrian, egiten uzten diotenek edo kontzienteki laguntzen dutenek ere ardura dute) bekainetaraino sartuta dago 2009. urtea baino dezente lehenagotik gaur egunera arte. Inperialismoarekiko harremanak (inork ez daki noraino), Espainiako Estatuko gorputz errepresiboekiko omenaldia, PSOE-GAL erakundearekiko lankidetza... Orduak beharko genituzke bere jarduera kolaborazionista zehatz-mehatz azaltzeko, maila nazionalean, zein maila sozialean.

Gauzak horrela, beren eragin politikoaren ardatz praktiko nagusia kapitalari bere iraupenerako eta nagusitasunerako beharrezkoak zaizkion tresnak baliozkotzea da. Aldi berean, herri eta gizarte mugimenduan presentzia urria eta erreferentziarik ez izatea eta langile mugimenduan klase-posizio eta praktika sendorik ez izatea, aldizkako performance eta diskurtso lauso eta klaseartekoekin ordezkatzen da, historian zehar sozialdemokraziari antzeztea egokitu zaion bezala.

Beren praxian, ezerk ez dio ihes egiten errentagarritzat, posibletzat edo baliozkotzat jotzen dutenari. Sozialdemokrazia eta burgesiarentzat Euskal Estatu Sozialista ez da posible, ez da baliotsua eta are gutxiago errentagarria. Indibidualtasuna, ongizate pertsonala eta mundu zoriontsua dira nagusi haientzat, baita gaur egungo okupazio- eta esplotazio-baldintzetan ere.

Euskal Estatu Sozialista eraikitzearen alde.

Bilatu