Mirian Campos 

Altsasukoak: gezurrak eta frogen asmakizuna. Errepikatzen den historioa

2005ean Tony Blairrek barkamen publikoa eskatu zien Guildfordeko lau kaltetuei eta haien familiei egindako minagatik eta sufritutako bidegabekeriagatik. Adierazpen politiko hau berandu baina kanpaina indartsu eta zabal baten ondoren etorri zen.

Irlanda izan zen erreferentea 90garren hamarkadan gure gazte belaunaldiarentzat. Paskuako Iraultzatik hasita errepublikar mugimenduaren erresistentziaraino Irlandaren epikak erakartzen gintuen oso. Horregatik, 1994an "Aitaren izenean" ("In the name of the father") pelikula estrenatu zenean ez genuen zalantzarik izan ikustera joateko. Gure begirada kritikoarekin ikusi ere. Orduan jakin genuen lehenengo aldiz "The Four of Guildford"-en kasuaren inguruan. Gure hogeitapiku ureterekin Euskal Herria zen gure guda zelaia, beraz, ekintzak, gerra zikina, atxiloketak, hilketak… ez zen semantika arrotza guretzako. Gure harridura ez zegoen horrenbeste Irlandar herritar batzuk egin ez zuten ekintza batengatik 15 urte espetxean eman behar izan zutela (beno, hori ere, noski!). Gehien harritu gintuena izan zen 15 urte ondoren Erresuma Batuko Tribunal batek bere epai batean atzera egin behar izateak. Parlamentuak, bere aldetik, barne prozedura bat ireki zuen gertatutakoa argitzeko eta hainbat poliziak aitorpenak lortzeko prozedura ilegalak erabili zituela baita gezurretan ibili zirela ere ondorioztatu zuen. Gezurretan eta frogak asmatzen.

2003an Ainara Gorostiaga ezagutu nuen Soto del Realeko kartzelan. Elkarrekin egon ginen hilabeteetan gure patioko elkarrizketetan maiz ateratzen zen bere historiaren kontaketa. Guk Ainara sinisten genuen arren ez zuen ematen beste inork kanpoan babesten zuenik bera eta bere lagunen historio harrigarria. Baina bi urte kartzelan betetzear zeudenean, 2004ko udaberrian, Ainara, Mikel, Aurken eta Jorge kalera atera ziren. Eskandalagarritzat jo zen orduan nola lau gazte napar hauek egin ez zuten ekintza batagatik bi urte eman behar izan zutela kartzelan. Irlandan ezagutu genituen osagaiak hemen errepikatzen ziren: torturapean ateratako deklarazioetan oinarrituta poliziek osatutako montajea. Gezurrak eta frogen asmaketa, beste behin ere.

2018ra etorrita, berriro ere ikusten dugu nola zortzi gazte naparren inguruan Estatu aparatuek montaje oso bat asmatu duten proportzionalitatea eta justiziaren parametro guztiak gaindituz. Epaiketa kutsatuta egon da hastapenetik. Defentsek eta akusazioak ez dituzte arma juridiko berdinekin jokatu, frogak ez zeudenean asmatu egin dituzte eta, txarrena, tribunalak ontzat eman ditu ustezko froga horiek eta alde bateko testigantzak. Lehengo lepotik burura: polizien aldetik gezurrak eta frogen asmakizuna…

2005ean Tony Blairrek, une horretan Erresuma Batuko lehen ministroa zenak, barkamen publikoa eskatu zien Guildfordeko lau kaltetuei eta haien familiei egindako minagatik eta sufritutako bidegabekeriagatik. Adierazpen politiko hau berandu baina kanpaina indartsu eta zabal baten ondoren etorri zen. Ez zen hori izango Erresuma Batuak bere sistema barruan egindako akatsak eta eragindako gehiegikeriak publikoki onartzen zituen azkeneko aldia. 2010ean, David Cameronek onartu behar izan zuen, "Saville" txostenean ondorioztatu bezala, Ejerzito Britainarrak ez zuela izan inongo justifikaziorik Igande Odoltsu bezala ezagututako Derryko sarraskia eragiteko. Beste behin ere, biktimei zein bere senideei barkamen ofiziala eskatzeko beharrean aurkitu ziren.

Zenbat denbora pasatu beharko da Euskal Herrian Estatuko arduradun politikoen aldetik horrelako barkamen publikoak entzuteko? Torturetan, gezurretan, montaje mediatiko-polizialetan oinarritutako hainbat sumario berbegiratuko dira inoiz? Euskal Herrian garai berri bat omen gaude bizitzen baina hainbat moldek eta hainbat jokaerak iraganera eramaten gaituzte behin eta berriro. Gobbels-ek teorizatu zuen gezur bat mila aldiz errepikatuta egia bihurtzen dela. Estatuek maisuki erabiltzen duten teoria, Altsasuko kasuan ere praktikan jarri dutena. Horregatik, Estatuaren aldetik zabaldu den egiaren aurrean Altsasuko gurasoek egin duten lana mirestekoa da, lortu dutelako ez soilik bertsio ofiziala arrakalatzea baita herri honen gehiengoa haien alde jartzea. Altsasukoak daude orain jomugan. Atzo beste batzuk izan ziren eta, tamalez, bihar horrelako beste kasuak ezagutuko ditugu. Baina ez gara nekatuko, gu ere, justiziaren aldeko aldarria egiten. Kalean nahi ditugu. Ondoren etorri beharko da, inoiz, Estatuak bere sistemaren barruan egindako gehiegikerien onarpena. Kasu honetan eta bestelakoetan. Bitartean, haien ondoan izango gaituzte. #AltsasukoakAske

Bilatu