Iñigo Aranburu Elosegi

Amari gutuna

Izan dena hor da eta hori ezin dute aldatu, zure azken egun haietan zuk erakutsitako osotasuna, zintzotasuna eta apaltasuna ere ez.

Kaixo, ama! Gure korrespondentzian hain intimo edo hain klandestino aritu ondoren, harrituko zaitu  orain derrepente fokuak piztuta antzokira ateratzeak. Esango duzu, bai: «Ze ari ote da nere seme txoro hau orain denontzako eskribitzen!».

Egun triste hauetan, baina, sabeleko harra hor aritu zait kosk-kosk: lerrook zor nizkizula zuri, eta baita munduari eta unibertsoari ere, eta idazteko; Tolosa zure herri matte-matteko jendeari ere egiari eta zintzotasunari zor zaion errespetuagatik besterik ez bada ere, zerbait kontatu behar genion.

Baina gauza guztien gainetik zurekiko maitasun azkengabeak bultzatuta ari naiz, zuk erakutsitako bidean: egiten dena egiten dela, kariño handiz eta maitasun ordaingabeaz egin beharra dago.

Bizia eta mina gutxitan egoten direla elkarrengandik aparte zuk zenekien hori ondo asko, baita larrutik jakin ere. Oraintxe nire mina kolore askotakoa dela esango nizuke. Batetik joan egin zara. Eta horrek min egiten du. Nik ama nahi nuen betiko, baina hori ezin da, eta kito. Min horren kolorea hori gorrantz apala da. Badaukat, baina, beste kolore bateko beste min bat: hain gauza naturala den zu joate hori, zure heriotza bera, ezin natural bizitzeak eragindakoa, heriotzarekin eta naturarekin zer ikusirik ez daukaten beste eragile batzuek ekarritakoa. Min horren kolorea gris margula da, eta mugitu ere egiten da, kea bezala.

Nork entendituko dit ba, zuk baino hobeto mugitzen den gris koloreko min hori zer den? Nork hori guztia larru-larrutik pairatu duenak baino? Zuk dakizu inork baino hobeto, azken sei urteotan zu pattaltzen eta autonomia galtzen hasi zinenetik, behar ez zenuen eta ebitatzeko oso errazak ziren gauza asko pairatu dituzula eta behar zenituen eta emateko oso errazak ziren oinarrizko gauzak ez dizkizutela eman. Erraz esaten da: sei urte.

Zure azken hilabete eta erdian zu hiltamuan sartuta, pairamen horien goxatzerik eta xamurtzerik ez da izan batere, kontrakoa baizik. Mundu justu batean ezin izango litzateke hori egin.

Latza izan da zure ibilbide guztiaren borobiltze mingarria: bizitza osoan pairamena besterik ekarri ez dizuten indar edo itzal, edo gaitzaren pertsonifikazio berriak igual-igual ari ziren zurekin jokatzen orain ere, bizian bezala heriotzan ere.

Nik txiki-txikitatik ikusi eta jasan dudan hori bera zertzen ari zen hantxe zure hiltamu lazgarri hartan, bertsiorik garratzenean, saminenean eta gordinean. Heriotzan, bizian bezala.

Egia ere da denok garela gure belaunaldikoen seme-alabak eta zuenari, batez ere emakumeei, erlijioaren menpeko heziketaren eraginez sufrimenduaren onartze bat tokatu zitzaizuela, zuk zintzo demonio bete zenuena. Baina horren parean sufrimendu horiek sortzeko, egosteko, mamitzeko eta gauzatzeko prest zegoenik ez zaizu inoiz falta izan inguruan. Hor ixten zen zirkulu pozoitsua, zure bizitza pairamenez jositako istorio bihurtu duena azken unera arte. Zu bezalako pertsona batekin horrela jokatzeko ze errai klase egon litekeen gizalarru baten barnean ez da erraz ulertzen. Baina hau ez da gure gaia.

Ni zirkulu pozoitsu horretan sartu ez eta erbestea tokatu zitzaidan hemezortzi urte edo nituela. Ondoren etorriko ziren gure zita klandestinoak herriko tabernaren batean, ni herrian azaldu eta lagunen baten etxean ostatu hartuta, edo telefonoz hitz egiteko egin behar izaten genituen martingalak, zu bakarrik zeundela harrapatzeko lasai hitz egin ahal izateko. Ahotsaren alegrantzan nabaritzen zitzaizun bakarrik zeundela. Azken aldi honetan ezta hori ere ez neukan telefonoan, ahotsa ia guztiz galduta zeneukan-eta. Marka da, gero, hainbeste urte pasatuta, oraindik ere erbestean nengoela ikustea eta zure hilzoriko egunotan ere nahiko lan zurekin egon ahal izateko.
Baina, listo. Ni beste zerbaitekin gelditzen naiz, ama: izan dena hor da eta hori ezin dute aldatu, zure azken egun haietan zuk erakutsitako osotasuna, zintzotasuna eta apaltasuna ere ez; ezin dute aldatu azken egun haietan ere izandako une magikoak, eta are gutxiago eternitate osorako gelditu zaiguna. Mundua haiena dela usteko dute, baina unibertsoa ezin dute aldatu.

Hilzoriko azken une haietan –eta hil ondorengoetan ere– zure hazpegiek adierazten zutenak ez zuen duda handiegitarako tokirik uzten: han zen emakume bat osoa, zintzo, apal eta goxo bazihoana, bizi guztian ezer gertatuko ez balitz bezala, bake-bakean zihoana. Bizitzan eta herioan menpeko nahi izan zaituzten horiek ez dute inoiz ulertu egia-egiatan ez zaituztela inoiz menpeko izan. Are gutxiago orain.

Esana dago, ama. Ez etxean ez antzokian inoiz esaten utzi ez didazuna –«porlapazunavemaria»– esanda dago. Badakit, baina, orain lerro hauek gustatuko zaizkizuna, baita ziurrenik zure herri matte-matteko bati baino gehiagori ere. Zuk erakutsitako bidetik, kariño handiz eta maitasun erraldoiz eginda daudelako, zuri zor nizulako.

Orain, lur zaren honetan, fokuak itzali, antzokitik jaitsi eta korrespondentzia intimitatera eramango dugu berriz ere, hala arituko gara eternitate osoan, harik eta guztiak lur, ur edo elur izan arte.

Bilatu