Aniztasunetik ere Euskal Herria eraiki
Guk ez dugu frantziar eta espainiar estatuen atzerritartasun legeen eredua nahi. Ez dugu Lampedusakoa bezalako kasurik nahi. Eta ez dugu kontzertina zorrotzez beteriko hesiez inguratutako herri batean bizi nahi
Madrilen jaioa naiz. Ama Segoviakoa dut eta aita, patuaren erabakia, Errioxan jaioa. Txikia nintzela etorri ginen denok Euskal Herrira: lehendabizi Bizkaiko Ezkerraldera, milaka familia langile bezala, eta gero Gasteizera. Zarautzen bizi naiz orain. Ez naiz batere berezia alde horretatik: alde batera eta bestera begiratu, eta Zarautzen bertan, ni bezalako jende asko ikusten dut. Berezia ez, baina ezberdina, bai, dudarik gabe, denok ezberdinak garen heinean. Gure lagun kuadrillan bada bi gurasoak zarauztarrak dituen jendea, aita nafarra eta ama aiarra dituena, eta guraso zarauztarrak izanda Zarauztik kanpora jaiotakoa ere bai. Haiek ere ezberdinak dira. Sikiera batzuek, topikoa betez, surfa egiten dutelako eta beste batzuek, topikoari aurre eginez, udan ere hondartza zapaltzen ez dutelako… Ni ezberdintasunzalea naiz, baina hori bai, arazoa sortzen da ezberdintasun hori batzuek ezberdintasun soziala justifikatzeko erabiltzen dutenean. Hori ez dut sekula ere onartuko.
Euskal Herriaren berezko ezaugarri nagusietako bat aniztasuna da: kultura eta jatorri askotako pertsonek osatu dute –eta osatzen dugu gaur egun– herri hau. Ez da gauza berria, gainera. Gipuzkoako kostaldeko herri askotako toponimian eta kale izendegian –Hondarribian, Pasaian edo Donostian esaterako–, Erdi Aroan etorritako gaskoien arrasto nabarmenak daude; Nafarroako hegoaldean juduenak edo musulmanenak dauden bezala. Noiztik bizi da gure artean ijito herria? Auskalo. Gure arrantzaleek eta marinelek ere dibertsitate hori elikatu zuten mende luzez; baita Ameriketara joan eta gerora etxera itzuli zirenek ere. XIX. mendeko Euskal Herriko poeta nagusietako batek, Indalezio Bizkarrondo Bilintxek, Huelvako Ayamonten jaioa zuen aitona. Ez da gauza berria.
Aniztasun hori modu egokian kudeatu behar dugu, jendartearen kohesio elementu bihur dadin. Kasu askotan, gehiegitan, aniztasuna mehatxu edo oztopo moduan ikusten da –edo ikusarazi nahi digute–. Guk ez dugu frantziar eta espainiar estatuen atzerritartasun legeen eredua nahi, ordea. Ez dugu Lampedusakoa bezalako kasurik nahi –lotsagarria denon ahotan, nahiz eta benetako arduradunak ez diren lotsagorritu–. Eta ez dugu kontzertina zorrotzez beteriko hesiez inguratutako herri batean bizi nahi. Argi dugu kudeaketa ona eginez gero, jendartearen kohesioaren mesedetan jar daitekeela aniztasuna. Aniztasunaren kultura berri bat sortu behar dugu, beraz. Kudeaketa egoki hori egiten eta hemen bizi garen herritar guztion eskubideak, gure jatorria edozein dela ere, bermatzen lagunduko diguna. Horretan ari gara Gipuzkoan. Foru Aldundian badakigu epe luzerako eginkizuna eta erronka zaila dela, baina garbi dugu, era berean, derrigor egin beharrekoa dela, aniztasuna kudeatzeko eredu propio bat sortu eta jendarte demokratikoa, justua, solidarioa eta ondo uztartutakoa eraiki nahi badugu.
Gipuzkoako Foru Aldundia ez da bakarrik ari lan horretan. Udal asko dugu bidelagun. Eta batez ere, jendartearen eragile ugari: mota guztietako elkarte eta mugimenduak –sindikalgintzatik, hezkuntza mundutik eta euskalgintzatik hasita hainbat kolektibo edo komunitate ordezkatzen dituzten elkarteenganaino–. Lehendabiziko aldiz Gipuzkoan udalak, Foru Aldundia eta eragile ugari gogoeta egiten ari dira gure aniztasunaz eta haren kudeaketa egokiaz dinamika parte-hartzaile sendo baten bitartez. Agintaldi hasieratik ari gara horretan. Eta gogoeta hori kalera eramateko garaia iritsi da.
Abenduaren 13an eta 14an, ostiral eta larunbatean, Aniztasunaldia izeneko ekimena egingo dugu Donostiako Bulebarrean. Karpa handi bat jarri, eta esan bezala, gure herriko aniztasuna eta haren kudeaketari buruzko gogoeta kalera eramango ditugu. Izan ere, denok hartu behar dugu parte hausnarketa horretan: instituzioek, jendartearen eragileek eta herritarrek beraiek ere bai. Garrantzi handiko eginkizuna dugu esku artean, eta inor ez dago sobera. Denetarik izango dugu Bulebarreko karpan –hitzaldiak, eztabaidak, bideo emanaldiak, musika, bakarrizketak, haurrentzako jarduerak…–, eta hizkuntza aniztasunaz, bizileku aitortza administratiboaz edo hezkuntzaz ariko gara, besteak beste. Eta jakina, gogoeta festa bihurtuko dugu. Horregatik, herritar guztiok gonbidatu nahi zaituztegu: zuen parte-hartzearekin kontatu nahi dugu eta, zergatik ez, gurekin ondo pasatzea nahi dugu.
Herri anitza dugu. Beti izan dugu. Dakarren, Bogotan, Tolosan, Almendralejon, Eibarren edo Marrakexen jaioak, Euskal Herrian bizi diren pertsona guztiak dira gure herritarrak, euskal herritarrak, eta denon artean eraikiko dugu herri hau. «Jatorri anitz, herri bat» da Gipuzkoako Foru Aldundiko Migrazio eta Aniztasun Zuzendaritzaren lema. Eta aste honetan, Aniztasunaldian, beste urrats bat egingo dugu bide horretan: aniztasunetik herri bat eraikitzeko proiektuan.