Jose Ignazio Ansorena

Antxoa garaian

Urtero antxoen garaia iristean, Habsburgoko Karlos enperadorearekin gogoratzen naiz. Mutriku herrian gertatu zen batean, bazkaltzeko antxoa frijituak jarri eta hainbeste atsegindu, non agindua eman zuen: «Aurrerantzean, egunero jan nahi ditut horrelakoak». Ondokoak esan: «Maiestate, hau pobreen janaria da». Berehala erantzuna: «Orduan kendu hemendik. Ez ditut inoiz gehiago probatu nahi». Erregeak beti errege, horixe drama.

Arrantzaleak zilarrezko bokarten bila bezala, politikariak urrezko botoen harrapaketa txoroan, sasoi honetan. Botoa erabakitzeko arau soil batzuen jarraitzailea naiz. Lehenengoa: abstentzioa aukera politiko jakina ez bada, beti bozkatzea. Bigarrena: nori eman? Azokan salgai zer dagoen aztertu eta maite ditudan helburuen eta jarreren gertukoena aukeratu.

Hitz handien zaleek hauteskundeak demokraziaren zeremonia sakratua dela diote, parte hartzea beharrezkoa. Demokrazia txarrik onena dela jendarteak gobernatzeko. Beste batzuek, purrustaka, ez dute inondik ere botorik emango. Hauteskundeak alferrikakoak direla eta ez dutela ezertarako balio. Erretolikak segida izaten du: denak txorizo eta ezgauzak dira, ezer ez da aldatuko... eta abar luzea.

Topiko horiek bai gezurra. Zeri esaten zaion demokrazia, hortxe da gakoa. Kontu formal hutsetan geratzen bada, txarrik txarrenetik hurbil ibiliko da. Bestetik, politikan denak ez dira berdinak, txorizoak edo ezgauzak. Eta botoek ere, ez soilik botoek, balio dute gizarte antolaketa nahi dugun norabidean eraldatzeko.

Mundua konplexua da eta sortzen dituen arazoak maiz konponezinak. Edozein arlotan ikusten da politikan bezainbesteko edo handiagoko alferkeria, babokeria, lapurkeria, zitalkeria, krudeltasuna: etxeetan, enpresetan, erakunde publikoetan, auzo komunitateetan, langileen artean... Eta txorilapurrei dagokienez, alegiaren egia unibertsala ez ahaztu: abaraska batean zegoen eztiak beregana zituen milaka euliak... Baina justuak izan gaitezen: maiz geure buruei baino gehiago eskatzen diegu politikariei.

Edaten ditugun hedabideen nahaspilak ere etsipenera bultzatzen du: Macronen pentsioen makronada; Negreira lagunaren festak; euskaldunen semenaren kalitatea %70 jaitsi dela; Espainiako epaileak, politika jardunean, kanka eta kanka euskarari hegoak mozteko ahaleginean, eta libertate sexualaren berme integralaren legea azpiko arkutik pasatzen; Gasteizko Parte Zaharra berdeago bihurtu nahi dutela eta Eneko Goiak Donostian berdin egingo duela tabernetako toldoak berde kolorekoak jarraraziz; berdeetan, Goardia Zibilaren amarru ekonomikoak azaltzen ari direla, bazen ordua; eliza ebanjelikoari keinu egin diola PPk... Zer gehiago nahi? Trumpen eta tranpen gero eta zaleagoak gara. Beldurrez bizi gara nonbait, gure kezkarik handiena segurtasuna da inkesten arabera, baina ez gara aspertzen. Iupi! Norentzat mesede?

Bada lanik jendartea hobetzen laguntzeko. Eta horretaz egungo gizarte antolaketa, non axerienak dena irabazten duen eta zuzenari tonto aurpegia geratzen zaion, kalamitatea dela aitortu beharko dugu eta bestelako bideak bilatzen hasi. Epaileei gogorarazi beharko diegu Karlos enperadorea Nafarroako mandazainarekin euskaraz aritu zela: Nafarroan gari asko? Bai, jauna, gari asko. Gari asko, batere ez neretako (foruengatik noski). Politikoek, Azti institutuaren lanei esker, berriro itzuli dela antxoa gure itsasora. Eta eurak azti ibili beharko dutela garen antxoak galdu nahi ez bagaituzte. Eta antzera politika egiten duten epaileekin, justiziaren nagusiak diren aberatsekin, injustizia zabaltzen duten politikariekin eta kaka nahasten laguntzen duten kazetariekin, kokoteraino gaituztelako.

Hala ere, Xabier Leteren poema ederrean bezala, hala ere, antxoaren garaitik kanpo ere, beti botoa ematearen alde.

Bilatu