Juan Luis Mugertza Unanue

Artsakh Errepublikako historia laburra

Bakoitzak burujabetasun politikoa eta ekonomikoa du, baina guztiek dute haien lurrak erreklamatzen dituen beste herrialde bat: Azerbaijak Nagorno, Georgiak Osetia eta Abkhasia, eta Moldaviak Transnistria.

Armeniarren ustez, 90eko hamarkadan munduak ez zion inolako kasurik egin Nagorno Karabakhi, egun, Artsakh Errepublikari. Jugoslaviako gerrek protagonismo handiagoa zuten, nonbait. Hala ere, sasoi hartan izan ziren armeniarren eta azeriarren arteko borrokak (1991-1994), Tajikistaneko gerra zibila (1992-97), Moldaviako Transnistria sezesioa (1992), eta Txetxeniako lehenengo gerrak (1994).

Armeniarren (kristauak) eta azeriarren (musulmanak) arteko harremanak inoiz ez dira oso onak izan, eta 1918an Armeniak eta Azerbaijanek burujabetza lortzeak, eta Artsakh Errepublika biek nahi izateak, areagotu baino ez zuen egin euren artekoa. Stalinek 1921an erabaki zuen populazioaren gehiengo armeniarra duen Nagorno Karabakh eskualdea Azerbaijanekoa izatea. 1988an, armeniar karabajiek batasunaren aldeko mugimendua sortu zuten Armeniako hiriburuan (Erevanen). Moskuren eta Azerbaijaneko gobernuaren ezezkoak sekulako gora-beherak ekarri zituen; tartean, hildakoak eta kanporaketak: azeriarrak, Armeniatik eta Nagorno Karabakhetik, eta armeniarrak, Azerbaijanetik.

1991an, Mijail Gorbachoven aurkako kolpe ahaleginean, biolentziak bere garroak zabaldu zituen, eta Moskuko ejertzitoaren presentziak Nagorno Karabakhen indarra galdu zuen. Izan ere, Errusiak arazo potoloagoak zituen leku askotan garai hartan. Horren aurrean, armeniar karabajiek independentzia aldarrikatu zuten erreferendumaren ostean. Horrek gerra, eta Azerbaijanek Nagorno Karabakh eta bere inguruko lurrak galtzea ekarri zituen. Harrez geroztik, Artsakh Errepublika independentea da Armeniaren babespean, nahiz eta inork onartu ez. Hala ere, badaude beste herrialde batzuk Europan egoera beretsuan: Osetiako Hegoaldea, Abkhasia eta Transnistria. Bakoitzak burujabetasun politikoa eta ekonomikoa du, baina guztiek dute haien lurrak erreklamatzen dituen beste herrialde bat: Azerbaijak Nagorno, Georgiak Osetia eta Abkhasia, eta Moldaviak Transnistria.

Lau eguneko gerra. 2016ko apirilaren 2an Azerbaijaneko armadak 1994an lortutako bake ituna bertan behera urratu, eta hegazkinak eta tankeak erabili zituen Artsakh Errepublikaren aurka. Azerbaijanek ez zuen argitu hildakoen kopurua, baina ejertzito armeniarraren arabera, eurek hogeitabost galdu zituzten. Apirilaren 10ean, negoziazioak eta gero, Azerbaijenek hildako hemezortzi soldadu armeniar entregatu zituen, batzuk torturatuak, eta beste batzuk buruak moztuta. Itxura denez, Azerbaijanek oraingo gudan aurrekoan baino hobeto armatuta dagoela erakutsi zuen, eta zortzirehun hektarea lur Artsakh Errepublikari kentzea lortu zituen. Inoiz ez da giro izan bi nazioen artean, baina orain dela hiru urteko gerra horrek lozorroan egondako gorrotoa esnatu egin du berriro, eta askori gogorarazi die zauriak sendatu gabe daudela. Egun, gerran dago, nahiz eta komunikabideetan bonben oihartzuna gero eta gutxiago entzun.

Bilatu